irinak eta elurra

Asteburu honetan zegoen eguraldia dela eta, ama orea mima mima eginda prest nuen larunbatean,, elurra zela eta, baserrira ogia iritsiko ez ote zitzaigun pentsatuta. Lanetik etxerakoan, dena prestatzen hasi nintzen, eta ogia labera sartzearekin batera, larunbat iluntzean, elurra mara mara hasi zen, lodi lodi, dena zurituz. Asmatu dut! pentsatu nuen, bihar ez zaigu ogirik faltako! Elurraren ondorioz, argindarraren joan etorria izan genuen, baina lortu nuen ogi hauek labetik onik ateratzea.

Goizean esnatu, dena zuri zuri, eta etxerako bidean, auto arrastorik ez. Ogia ez dute ekarri, pentsatu nuen, baina gure okina, fina izaki, oinez igo zen aldapan gora! Eta ogia eta egunkaria kanpoko mahai gainean aurkitu genituen. Ainss,,, agian majikoegia zen elurretan isolaturik geundela pentsatzea. Halere, paisaia hain polita zen, eta ogiak elurra zela eta egin nituenez, zuritasun hartan argazki batzuk atera nizkien.

Ogia egiteko irin ezberdinak nahastu nituen, gari irina, zekale irina eta espelta irina. Bietako bati mahaspasak eta intxaur zatiak gehitu nizkion.

ERREZETA (ogi bakoitzeko);

.- 300 gr gari irin zuria

.- 100 gr espelta irin zuria

.- 100 gr zekale irina erdi integrala

.- 200 gr ama orea

.- 280 gr ura

.- 12 gr gatza

.- Eztia goilarakadatxo bat

.- Mahaspasak eta intxaur zatiak

Osagai denak nahastu, mahaspasa eta intxaurrak izan ezik. Eskuz oratu nuen, bertinet teknika (edo antzeko zerbait) erabiliz. Orea bi zatitan oratu nuen, eta bukaeran hauetako bati mahaspasa eta intxaur zatiak gehitu nizkion. Tolesdura bat eman eta hiru orduz utzi nuen igotzen, ordubetean behin tolesdura berri bat eginez. Denbora hau pasata, batari borobil itxura eman, eta besteari luxexka, eta bannetoietan jarri nituen, beste ordu eta erdiz. Agian denbora gehiago utzi banituen hobe, baina berandutu egin zitzaidan, eta labera sartu nituen. Labea 200º-tara jarri nuen, eta haserako 20 minutuetan ura jarri nuen ontzi batean lurruna sortu zedin labean. Ondoren ontzi hau atera eta beste 25-30 minutu utzi. Azken 5 minutuak, labeko atea zertxobait irekita utzi nuen, azala kirriskatsuago geratu zedin. Kolorea nola hartzen ari diren arabera, azkenaldera labearen tenperatura 180º-tara jaisten dut, niri ogiak oso ilunak ez bait zaizkit gustatzen, baina hau beti labe bakoitzaren arabera da, denek ez bait dute berdin lan egiten.

Okina elurreta etorri arren, ez zen ogirik sobran geratu. Oso zapore ona zuten biek, eta intxaur ta mahaspasa-duna,, jaten hasi eta gelditu ezin denetakoa.

13 Iruzkin

Iduk idatzia atalean

13 responses to “irinak eta elurra

  1. juantxo

    Ostia Idu!!!, nahiz eta okina joan bete-betean asmatu zenuen. Bertinet teknika zekalearekin? buff!!! eta zer moduz? Tenperaturaren arabera ez pentsa ordu eta erdi gutxi dela, e?
    Neri, zuri bezala oso ilunak ez zaizkit gustatzen.
    Sobran? eta sobran geratzekotan okinak eraman zituenak, jeje. Zuk egindakoak baino hobiagoak ez ziren egongo, ziur ezetz. Hori bai, okin fina daukazuena, benetan fina.
    Sarrera dotoria jarri duzuna eta argazkiak, benetan ikusgarriak.

    Muxu bat

  2. bixigu

    Idu, a zer argazkiak! Ogiek eta paisaiak itxura ezin hobea dute… gustatuko litzaidake neri leihotik begiratu eta horrelako gauza politak ikustea!

    Muxu bat

  3. Joe Idu!

    Ze itxura duten zure ogi horiek!! Ea nik larunbatean ere ogia egiteko astia dudan… Azkenaldin makinako ogia jaten ari baitgara (eta hala ere, erosten dena baino goxoagoa da!).

    Muxu bat!

  4. aze parajea ta aze ogiak! Nik ere asteburu honetan egin dut paxa eta intxaurdunogiaa, gosaltzeko izugarri gustatzen zait…
    ba al da ogi on bat baino jaki hoberik?

  5. idu

    Juantxo:
    Bertinet, bertinet,,,, zerbaitegatik jarri dut parentesi artean hantzeko zerbait zela,oso ondo ez nintzen moldatu ez. Okin fina eee, baietz!

    Bixigu:
    Bai, enaiz kejatzen dugun inguruaz, batikbat zuri dagoenean!

    Olaia:
    Makinako ogiak ere ez du aitzakiarik. Halere denbora duzunean zikindu zaitez irinez.

    Oihana:
    Bai, ogi hau bizio bat da,, gauza bat du txarra, azkarregi jaten dela! Ogia baino jaki hoberik.. mmmm, ez, ez zait bururatzen ez.

  6. esti

    Aupa!
    Ia duda batzuekin nator, berria naz ogien kontu honetan eta.
    Errezetan ama orea diozunean: Aurretiaz alimentatua esan nahi duzu? hau da, gordeta dugun ama oreari irina eta ura ipini eta burbuilak botatzen hasita dagoenean (en su maximo explendor) esan nahi duzu? ala gordeta dugun ama orea soilik, nahikoa biskoso dagoenean? zelako itxura du, likidoa ala nahiko espeso?

    Non lortzen dituzue horren irin ezberdinak? eta zein preziotan mas o menos?

    Ale, gaurkoz nahikoa, hurrengoan galdera gehiago. Hemen blogaren jarraitzaile bat gehiago daukazue eta. Muxu 1,
    Esti

    • idu

      Kaixo Esti,
      Ongi etorri, ez dakizu zein gustora hartzen ditugun ogizale berrien bixitak.
      Bai, ama orea, bere puntu onenean erabiltzen da, burbuilaz josia dagoenean. Ez da ez oso likido, eta ez oso lehorra ere, irina eta ura kantitate berdinean (pisu berdina) nahastean geratzen dena, nik hala egiten dut.
      Irinak, nik azokako okinei eskatuta lortu ahal izan ditut, baina egia esan ez dute oso merke saltzen espelta edo zekalea bada.Baina Rincon del Segura web orritik eskatzen duten blog-kideak ere badira. Makro supermerkatuan ere bai gari irina (hemen hostalaritzako txartel berezi bat eskatzen dute erosteko, lagun-familiakorik baduzu, eta uzten badizute…). Ea beste blog-kideek erantzun ahal dizuten beste zein lekutan lortu.
      Eskerrikasko bixitagatik Esti, eta nahi duzun dena galdetu, neu ere hala nabil eta ikasten.

      • juantxo

        Aupa Esti,

        Ongi etorria izan.
        Ama orearen buruz ez dizut ezer esango Iduk erantzun dizulako.
        Irinak; lehen Eibarren bertan erosten nituen, belardendetan hain zuzen baina, garesti ateratzen zitzaidan. Rincon del Segura-koen web orrialdean merkeagoak zirela ikusi ondoren eurei eskatzen ari nintzen. Irin horrekin oso gustora nabil eta momentuz ez noa aldatzera.
        Irin desberdin hoiek lortzea ez da batere zaila, oain prezioaaa….

        Muxu bat

  7. Idu Itzelak ogiak……….baina parajeak…aho bete hortz geratu naiz.

  8. esti

    Eskerrik asko denei!!
    Lasai baditut galdera mordoa hemen buruan bueltaka, beraz, apurka-apurka joango naz botatzen, erantzuna arinago lortzen ez badut. Muxu 1.

  9. galtxagorri

    Eneee, ikusgarria!

    Asko gustatu zait zure blog berria, ze poza horrelako zerbait euskaraz (eta euskara txukunean) aurkitzea! Zorionak!

  10. idu

    Intxaurtxu, Marilu; Bai, elurrak zenbat dotoretzen duen dena!
    Esti; badakizu, nahi beste galdetu.
    galtxagorri; Geuk ere faltan botatzen genuen, era honetako blog bat euskaraz, eta azkenean taldetxo bat elkartu, eta blog berri hau sortu da. Eskerrikasko zuri bixitagatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s