Larunbateroko labekada

Aste tartean denbora gutxi dudanez, nik larunbatetan bakarrik egiten dut ogia.  Larunbat-igandetan. Beno, egia esan ortziral-larunbat-igandetan. Batzutan, ortzegun-ortziral-larunbat-igandetan ere izaten da. Horrela esanda, badirudi ogia egitea lan neketsua eta pisua dela, sukaldetik atera gabe kontzen zaituena. Egia izan daiteke, edo ez. Masa madrearekin lan egiteak abantail hori du: denbora zure erara baliatzen duzu, horretarako, eta labeari meritua kendu gabe, ogia astero-astero eta lana-familia-asia kontziliatzeko fundamentala den elektrogailua erabiliz: hozkailua.

Larunbatean 2-3 ogi egiten ditut: bat etxeko haurrentzat (gozoagoa, zuriagoa, etabar) asteko ogitartekoak egiteko eta astearen arabera bertze ogi bat edo bi etxeko helduontzat.

Ohiko asteburu bateko plana hau da: ogi bakoitzeko 200 gr. ama ore behar izaten ditut eta ogi kopuruaren arabera larunbat goizerako zenbat ama ore prest izan behar dudan kalkulatzen dut:

3 ogi * 200 gr. ama ore = 600 gr. ama ore

Ama orea hozkailuan sartua izaten dut, normalki 50 eta 100 gr. arteko kantitatean (aurreko asteburuan sobratutakoa, hain zuzen). Ama ore asko behar badut eta hozkailuan gutxi badut, orduan, ortzegun gauean hasten naiz, edo bestela, ortziral goizean edo bertzela ortziral gauean edo bertzela, oroitzen naizenean. Ze nahaste-borrastea, ez? Sarrera honetako argazkian agertzen diren ogientzat horrela egin nuen:

Ortzegun gauean hozkailuan nituen 40 g. ama ore atera eta 40 gr. ur eta 40 gr. irin gehitu nizkion. 40 + 40 + 40 = 120 gr. ore nituen

Ortziral goizean, 120 ore + 120 gr. ur + 120 gr. irin nahastu behar nituen, baina, orduan, larunbat goizerako ore gehiegi izango nuelakoan 120 ore + 80 gr. ur + 80 gr. irin bota nuen. Beraz, 280 gr ore nituen.

Ortziral gauean, 280 + 100 + 100 botatzeko intentzioa nuen, baina… kontzertu batera joan eta bueltan ez nintzen oroitu ere egin nire ogi-proiektuaz.

Goizeko 7tan esnatu eta ai, ama! nire ogiaz oroitu nintzen: 600 gr. behar nituen eta 280 gr. bakarrik nituen. Zer egin nuen? 280 gr. oreri 200 gr. irin + 200 gr. ur gehitu nuen, irabiatu eta halehop! berriz ohera sartu nintzen.

Goizeko 11etarako 680 gr. ama oreak gutxigora behera itxura hau zuen:

Eta ze itxura demontre da hori? Esango duzue zuetako batzuk. Ba, bai arrazoia duzue: ze argazki kaxkarra!! Dena den, burbuilatxo horiek ikus ditzakezue? Irakiten egongo balitz bezala dirudienean eta bere bolumena bikoizten duenean ama orea prest dago ogia egiten hasteko.

Orokorrean, nik ogi errezeta-base bera erabiltzen dut: 500 gr. irin, 200 gr. ama ore, 280-300 gr. ur eta 10 gr. gatz.

Hiru ogi egin nituenez: 3 ogi * 200 gr. ama ore = 600 gr. ama ore

Bertze 80 gr. ama orea kristalezko pote batean sartu eta hozkailuan sartu nuen, hurrengo astebururako.

Irinak galirin txuria, galirin osoa eta zekalea nahasten ditut (helduentzat oso eta zekaletik gehiago, haurrentzat bada txuria gehiena) eta uraren ordez, opil antzekoa egin nahi izatekotan esnea erabiltzen dut (eta orduan, azukrea gehitu). Eta gehinetan zerbaiten zatitxoak ere sartzen ditut: pipak, kalabaza haziak, intxaurrak, mahaspasak (ogia gazia bada), amapola haziak, anis berde pikorrak (ogia goxoa bada).

Prozesua beti beretsua: nahastu, ordu erdi egonean utzi, amasatu (hau da, sukalde-mahaiaren kontra kolpatu), 3-4 orduz utzi, forma eman, bertze 3 orduz utzi (ez dut bannetoirik, beraz, irudimena erabili behar izaten dut ogiak nonbaiten uzteko) eta azkenik, 50 minutuz labean kontu (hasierako 15 minutuak 240ºtara eta bertze 35ak 200ºra).

Hau teoria da, praktikan, bazkaria prestatu behar dela, zerbait garbitu/txukundu behar dela, haurrak dantzetara eraman behar direla, nonbaitera atera behar garela, norbaitekin gelditu garela…: azkenean, fase bakoitza asko luzatzen zait eta normalki, ogiak 2. erreposoa hozkailuan pasatzen du. Igandetan, batzutan hozkailutik atera eta berehala labera sartzen dut eta bertze batzuetan, atera eta ordu t’erdiz kanpoan uzten dut hotza galdu dezan.

Uste dut oraindik ez dudala asteburu batean egiteko modua errepikatu, agian ogiak ez dira perfektuak aterako (nahiz eta teknika gero eta hobea dudan, edo hala uste dut), baina oso-oso zaporetsuak dira (ama oreak ikaragarrizko zaporea ematen dio), nik astean zehar etxean nire eskuez egindako ogia jaten dut eta asteburuetako eguneroko lana/bizitzarekin bateratu dezaket. Legamia artifizialak epe laburragoak baditu ere, hauek zorrotz-zorrotz jarraitu behar dira sobrefermentazioa gertatu ez dadin. Beraz, niretzat, ama orea perfektua (edo ia perfektua) da.

Hurrengo batera arte.

18 Iruzkin

Irunek idatzia atalean

18 responses to “Larunbateroko labekada

  1. Kaixo!

    Uste dut gutako gehienon asteburua oso ondo azaldu duzula! jeje. Ni ere hor ibiltzen naiz ama ore kopurua kalkulatzen etab… Nik ere asteburuetan egiten dut ama orez ogia, eta batzuetan opiltxoak egin eta lanera eramaten ditut, egunero opiltxo txiki bana.

    muxu bat

    • pantxika

      Astebururo pentsatzen dudana: hurrengoan larunbatean goizean goiz hasita igande goizerako jateko prest izanen da… baina ez dago modurik, oso gutxitan denbora ematen dit prozesu osoa egun batez egiteko. Eskerrak hozkailua dagoen!

      Muxuak

  2. zein polita Irune!! Nire ama orea lo seko dago, aspaldian ez dut itxartu, badakizu, nire abiadurarekin inoiz beste legamia lagungarria izaten da, ziur nago zure seme-alabek izugarri disfrutatzen dutela otartekoa

    • pantxika

      Ba ez pentsa, oraindik ere dendako “plastikozko ogia” nahiago dute. Dena den, larunbatean haiek prestatu zituzten haien opilak… Eta horiek bai gustatu zitzaizkien… Norberak bere eskuez egiten duenaren balioa (eta zaporea) kalkulatu ezina baita!

  3. idu

    Ja,ja, ni ere identifikatuta sentitu naiz, asteburuko ogi planaz,,, Itxura bikaina dute, ikusten da bai teknika ona duzula. Eta umeak,,, bai, bai, nik ere txikitan amak egindako bizkotxoa,, beste zorroko zerrikeriren batengatik aldatu izan nuen,, orain ezta pentsatu ere!

    • irune

      Atzo alabei zure istorioa kontatu nien eta esan nien: ikusten zaituztet hemendik 20 urtera niri gauerdiz deitzen, amaaaaa! nola prestatzen dituzu zuk….?
      Oraindik begiak zabal-zabalik dituztela uste dut

  4. Sally/Cecília

    Yo sigo encantada de ver como prospera irinaketaurunak, aunque no entienda absolutamente nada. Me seguiré conformando viendo sólo las fotos. Esperando con ansia que San Google añada un traductor. Si hablarais de coches,por ejemplo, me daría exactamente igual.Pero vosotros tocáis mi punto débil: los panes !!!

    “Que hi farem, mala cara quan morirem !!”

  5. Pantxika, ogi ederrak atera dituzu. Inbidia zaitut esaten duzunean eguneroko lana, ama izatea eta ogia egitea bateratu ahal izan dituzula. Zure deskribapena oso ederra da baina gustokoa izan dut zelan azaltzen duzun masa madreari elikatzeko prozesua.Kontzertuarena mundiala!! Zati batzuk irakurtzean irribarrea ere atara didazu . Oso ondo eta jarraitu holan. Pozten naiz zure teknika hobetzen doan entzuteaz. Musu haundi bat

  6. juantxo

    Ja ja ja, oso oso ona!!!
    Uste dut denak identifikatu garela zure asteburu horrekin. Nola kontatu duzun, era naturalean, asko gustatu zait.
    Ama ore asko eukitzea ez du merezi. Azkenean, gutxikin hasita egun gutxitan ogi asko egin ditzakezu eta.
    Perfektuak ez, dinozu? Ba argazkian azaltzen direnak perfektuak ez badira ….. asko ez zaie falta, ez duzu uste?
    Sarrera polita, benetan polita eta oso ondo azalduta.

    Muxu bat

    • irune

      Badakit bai, ez dela asko gorde behar, baina nola ni beti berandu oroitzen naizen ama orea hozkailutik ateratzen, ba, portzikaso, beti 80 bat gr. gordetzen saiatzen naiz. Horrela, beti bentajakin hasten naiz.

      Ilusioa egiten dit zuek sarreran naturaltasuna nabaritu izana, hori lortu nahi bait nuen.

      Musuak

  7. bixigu

    Pantxika, oso sarrera polita! Oso polita da zure alabek ere prozesuan parte hartzea, oraindik ere “plastikozko” ogia nahiago duten arren, hemendik gutxira gustoa hartuko diote zuk astero egiten duzun ogiari, seguru!
    Eta oso ondo azaldu duzu ama orea elikatzeko prozesua, oso argi.
    Muxu bat!

  8. mari

    Kaixo, Irune.
    Ai, ai, ai… ni orain arte ez naiz ausartu ore amaren asuntuarekin. Oso adierazgarria iruditu zait kontzertuarena!! oraingoz ogia neguko larunbat arratsalde ilun hauetan egiten ari naiz, lasai-lasai, beste zerbait egiten dudan bitartean, baina gehiagorako ere… ez dakit denborarik izango nuken. Baina saiatzeko gogoa ere badaukat.

    Portzierto: astean zehar ogia nola mantentzen duzu, normal? hozkailuan?

    Eta beste galderatxo bat: forma eman ondoren hainbeste denbora utzita, ez al da gehiegi “desparramatzen”? pentsatzen det bannetoia edo hori horretarako izango dela, baina ez daukat oso argi. Zuk nun uzten duzu, molde antzeko zerbaiten? besterik gabe bandejan?

    Ondo bizi

    • irune

      Nik ama orea urriaren azken asteburuan egin nuen, beraz, hasiberria naiz kontu hauetan. Ez izan beldurrik! Gerta dakizuken gauzarik okerrena da zaborretara bota behar izatea…

      Astean zehar ez dut ezer berezirik egiten ogiarekin. Ibani behin aditu nion berak ogia agerian zuen zatia buruz behiti jarrita uzten zuela (ez dakit ondo azaltzen naizen).

      Hori bai, egiten dudanean ogi bakar-handi bat egiten dut, ogi txiki-asko baino hobeto mantentzen delako (mami gehiago duelako).

      Zer den bannetoia? Ba… saski bat; saski arrunt-arruntak, nirea zumezkoa/mimbrezkoa da (Arrazoi osoa duzu, hemendik aurrera hitz arruntak bakarrik erabiltzen saiatuko naiz)

      Ogi bat baino gehiago ditudanean, ba orduan, ditudan metalezko koladorea (zulotxoak dituen hori) eta plastikozko taperrak erabiltzen ditut (hauek ez dira guztiz gomendagarriak ez baitiote oreari arnasa hartzen uzten).

      Edo orea nahiko trinkoa bada, orduan, forma luzexka eman eta zapi batean kanaltxoak eginta horren gainean uzten ditut.

      Hona hemen esan nahi dudanaren adibide bat,
      http://tequedasacenar.com/cursos-de-pan/taller-de-pan-te-quedas-a-cenar/

      • mari

        Milesker, oso argi ikusten da kanaltxoena.

        Egia esan, orain dela urte batzuk saiatu nintzen ore ama egiten, baina egun batzutara moskeatu eta bota egin nuen.

        Gaur egun, blogak irakurri eta argazkiei begiratuz, ama hura ondo zegoela uste dut, baina usai garratz horrekin eta hain itxura arraroarekin, sin mas, itxura txarra hartu eta bota.

        Datozkigun asteburuak nahiko liatuta ibiliko naiz, beraz ez dakit noiz izango dudan nire hurrengo esperientzia ogiarekin, baina bloga jarraituko dut, hori fijo.

        Mxk,

  9. Ze sarrera polita Irune, amaore-okin baten argazki perfektua egin duzu!
    muxu bat

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s