Frogak, inprobisazioak eta ondorioak (Hainbat hazitako ogia)

Duela aste batzuk norbaitek 250 gramoko  olo (avena) hazi pakete bat eman zidan. Alea osorik zegoen, ez kopotan… eta nik honekin zer demontre egin dezaket orain? pentsatu nuen. Ogiren bat aurkitu behar nuen hau erabiltzeko…

Eta hauxe aurkitu nuen:

http://madridtienemiga.wordpress.com/2010/03/15/pan-multigranos/

Olo, ekilore, liho eta kalabaza haziak banituen etxean, eta gero garagarrekoak erosi nituen, zekale eta artobeltz haziak ez nituen eta agian erosi behar nituen, baina, haien ordez, olo kopurua bikoiztea eta sesamo haziak erabiltzea erabaki nuen. Zergatik garagarrekoak erosi nituen eta zekale eta artobeltzekoak ez? Erantzuna dakidanean errango dizuet, nire burmuinaren alde aleatorioa ulertzea zaila egiten zait niri ere…

Osagaien artean aipatzen ez badu ere, gero eztia botatzen diola erraten du Carmenek, beraz, nik bi goilarakada ezti bota nizkion (zergatik bi? hori ere misterio bat da niretzat).

Bertze aldaketa bat: berandu oroitu nintzenez, haziak 24 orduz trenpan egoteko partez, 12 bat ordu egon ziren (hau da, ama-orea prest nuenerako) eta orduan, 1. erabaki okerra hartu nuen: haziak guztik xukatu gabe botako ditut, orea denbora gehiago hartzitzen utziko dut eta horrela, haziek gehiegizko likido hori xurgatuko dute eta nire orea primeran egongo da labean sartzeko…

Norbaitek noizpait ideia bera izaten badu, jakin dezala ez dela batere zuzena: oreari haziak botatzerakoan oso likidoa gelditu zen eta ez zegoen ezta oratzerik… Beno, gauzak horrela, kristalezko bol batean sartu nuen egunean zehar zerbait okurrituko zitzaidanaren esperantzarekin.

Eta orduan, nire burmuinean batzutan gertatzen den gauza berezi bat gertatu zen: esperantza zeraman neurona, aspaldiko ideia bat zeraman bertze neurona batekin topatu zen eta… argia egin zen nire burmuinean! Zelarura joan, traste, kutxa eta abarrekin borrokan aritu eta azkenean aurkitu nuen (hautsez beteta, noski) bilatzen nengoena:

Niri bakarrik behar-beharrezkoak ditudan sukaldeko trasteak erostea gustatzen zait (eta halaere, inoiz erabili ez ditudanak ere baditut) eta “piedra de hornear” ikusten nuen aldiro ni nere lapiko hauetaz akordatzen nintzen, gaixoak abandonatuta daude indukziozko sukaldea jarri genuenetik.

Hartu, garbitu eta ore likido horrek hartzitzen 7 ordu inguru zeramanean labea 275ºtan berotu nuen (lapikoa barnean zegoela, noski), berotutakoan lapikoak atera, orea bota, mozketa egiten saiatu (ezinezkoa, sobera likido zegoen), tapa jarri, labean sartu eta tenperatura 240ºtara jeitsi nuen.

2. akatsa: Hasieran, bi lapikotan botatzea pentsatua banuen ere, azkenean, banatzeko oso zaila zegoenez batean bakarrik bota nuen.

5 minutura, tapa ireki eta urez zipriztindu nuen gainazala. Horrela egon zen 15 bat minutuz eta orduan tapa irekitzen saiatu nintzen, baina… sobera ore botata nuenez tapara kolatua zegoen (argggg!!!!). Laban batez lagunduta lortu nuen tapa kentzea eta hurrengo 30-35 minutuak tapa gabe egin zituen (uste dut tenperatura ere 200ºtara jeitsi nuela, egin ohi dudan bezala, baina ez nago ziur ze ogiak nahiko gordin itxura zuen oraindik).

(Barkatu, ez dudalako metodo batere zientifikoa, ez dut ezer apuntatzen, ez prestatzen, ez argazkirik hartzen, ez ezer, ai, ai!)

Denbora pasatu zenean, labea itzali nuen, baina ez nuen berehala lapikoa atera (bertze 5-10 minutu pasatuko zituen barruan?)

Ai, ogia lapikotik ateratzen saiatu nintzenean: azpitik kolatua zegoen eta ezin nuen atera!!!!!!!!

3. akatsa: lapikoan paper begetalik ez jarri izana!!! Hau bai izan zela benetan akatsa larri-larria, ogiaren azpiko parte lapikoaren ipurdian gelditu baitzen! Ogiaren itxura guztiz hondatu zidana!!!

Dena den, hau zen ogiaren itxura:

Eta hau mamia:

Superargazki mundialak bakarrik egiten dakidanez, ba ez da batere ondo ikusten argazkia, baina, erraten ahal dizuet erditik goiti egina zegoela eta erditik behiti gordina. Ordubete lehenago ogi arrunt bat egina nuen lapiko berarekin eta hori aski ondo atera zen (bai itxuraz, bai ondo egina, etab.), beraz, ziurta dezaket arazo hau ez zela lapikoarengatik sortu. Nik uste ore kantitateak eta likidotasunak izan ziren emaitza kaxkar honen errudunak.

Haziak oraindik soberan ditudanez, ba, seguraski ogi hau berriz errepikatuko dut, baina likidoekin kontu handi izanez eta lapikoa erabiltzen badut ore kopuru gutxirekin izan beharko du (ah!, eta paper begetala erabilita).

Izan untsa,

2 Iruzkin

Irunek idatzia, Uncategorized atalean

2 responses to “Frogak, inprobisazioak eta ondorioak (Hainbat hazitako ogia)

  1. idu

    Ai Irune, barre mordo bat egin dut zure idatzia irakurrita,, neure burua ikusi dut egoera hortan, ni ere berdin ibiltzen naiz, inprobisazioak bere arriskuak ditu bai. Beno, zer ez den egin behar ikasi dugu, hurrengoa kriston ogia aterako da!
    Muxu bat!

  2. Gora Frogak eta gora inprobisazioa! Zeinen aspergarria litzatekeen hauek gabeko bizitza!
    mux.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s