Platano ogia

Australian bizi nintzela sarritan jaten nuen, gosaltzeko edo bidai luzeetan gosea arintzeko, bertan banana bread (platano ogia) deitzen dioten zerbait. Ogi bat baino bizkotxo estiloko zerbait dela esan daiteke, bai itxuraz eta bai zaporez. Interneten aurkitu eta  lagunengandik jaso izan ditudan errezetatan arraultzak eta legami kimikoa bezalako osagaiak aurki izanak oinarritzat bizkotxoa duela baieztatu didate.

Saiatu naiz behin edo behin horrelako zerbait prestatzen, eta tira, emaitzak bertakoaren berdin berdinak ez izan arren, ba zuten benetakoaren nolabaiteko kutsu bat.

Ez, ez nator errezeta horietako bat hemen kopiatzera, experimentu baten emaitza (behin behinekoa behintzat) erakustera baizik. Platano ogia izenetik hasi eta … ba hori lortzen saiatu naiz, ama orez eginiko oinarrizko ogi errezetan oinarrituta nolabait platanoaren zaporea sartzea.

Hauek dira erabilitako osagaiak:

  • 500 gr ogia egiteko galirin zuri
  • 300 gr ur
  • 200 gr ama ore
  • 6 gr gatz
  • 40 gr gurin
  • 4 gr kanela hauts
  • 40 gr azukre
  • 2 platano haundi (helduak badaude hobe)

Alde batetik galirina, ura, ama orea eta gatza nahastu.

Bestetik, gurina urtu eta kanela hautsa eta azukrea bertan nahastu.

Hasierako nahasketa horrekin, ogi normal baten lehenengo hartziduraren (fermentazioaren) ohiko pausoak jarraitu: ordu erdi batez deskantsatzen utzi, eta gero apur bat koipeztatutako azalera baten noiz behinka tolesdura batzuk eman. Nik bi ordu t’erdiz edo eduki nuen, ordu laurdenero edo tolestuz, baina hori tokian tokiko eta eguraldiaren baldintzen (tenperatura gehienbat) araberakoa da.

Ordurako gurin, kanela eta azukre nahastura sendotu xamar egongo da.

Platanoak zatitu, eta ogi orea nolabait zabalduz bertan gurin nahastura igurtzi eta platano zati batzuk ipinita orea tolestu. Lan hau gurina eta platano zati denak erabili arte errepikatu. Egia esan azkenetarako orea maneiatzea ez da oso erraza.

Molde bat gurinez igurtzi eta orea bertara pasatu tarte batez hor utziz. Nire kasuan ordu t’erdiz, baina lehen bezala hori tenperaturaren araberakoa da.

Labea 250ºCtara aurre-berotua dagoelarik, oreari gainazalean ebaki bat edo batzuk eman ostean molde eta guzti labera sartu.

Labean 40-45 bat minutuz eduki azkenengo 20etan edo 200ºCtara jeitsiz. Tarte horretan gainazalak kolore ona duela ikusi ezkero aluminiozko paperarekin tapatu erre gabe kolore hori mantendu dezan. Bide batez, labea zabaltze horrek ogi, kanela eta platano usainaz disfrutatzeko aukera emango digu. Eskuzabal senitu ezkero, lehioa zabaldu eta usaina bizilagunekin ere konpartitzea ez legoke gaizki.

Labetik ateratakoan, hotzitzen utzi (tentazioa aguantatu ezkero behintzat).

Eta bukatzeko … jan! Gosaltzeko edo otordu tartetan jateko egokia dela uste dut, etxean behintzat horrela jan dugu.

Esan bezala, hau experimentu baten behin behineko emaitza da, eta zihur gauzak hobetzerik dagoela. Inor horrelako zerbait prestatzen saiatu eta emaitza hobetzeko modurik aurkitzen badu (osagaien kantitateekin jokatuz, nahasteko modu hobeagorik aurkituz, …) eskertuko nuke hemen erakustea. Horrela denok (eta ni gehien bat) ikasten joango gara.

6 Iruzkin

Xabihirulauk idatzia atalean

6 responses to “Platano ogia

  1. juantxo

    Joe, hori derrigorrez egon behar du ona.
    Galdera bat, ez da gozoegia geratzen? Platanoa, kanela, gurina eta azukre kantitate hori ikusitaaa ….
    Ba, ni astixa dudanean saiatuko naiz, baina moldean egin beharrean ogi borobila egingo dut, ea zer ateratzen zaidan.
    Neurri batzuk aldatu beharko dizkiot, Rincóneko irinarekin egiteko likido larregi iruditzen zait eta.

    • xabihirulau

      Aupa Juantxo,

      Zenbakitan igual kantitate haundi xamarrak emuten daue baina gurin, kanela eta azukre nahasketa adibidez edalontzi baten bi atzamar inguruko altuera besterik ezta. Ogixa beran beste osagaien kantitatiak kontutan izenda … toketxua besterik ez. Baten batzun mokorako espero baino gozotasun gutxiaukua esango nauke. Hori bai, platanuen heldutasun puntuak bere pixua eukiko dauela uste dot. Hurrengo saiakeran guztiz heldutakuak erabiltzen saiatuko naz, ea zenbat igertzen dan.

      Bai, molde barik itxekotan eta urun ezberdinaz gainera kantitatiak moldatzia ideia ona da. Nire azken nahasketak ezauen bere forma mantentzen, eta hortik moldera jotzia. Ea lortzen dozun eusten dan orerik.

  2. irune

    Herrian Australian egondako bat dugu (eta bere bikotea den australiar peto-petoa baita ere) eta hark ere banana-bread egiten dut. Platanoaz aparte, mahaspasak eta intxaur pusketak gehitzen dizkio… mundiala dago!

    Gurin, kanela eta azukre nahastura horrek ze kolorea duen!

    • Xabihirulau

      Aupa Irune,

      Handik ibili bada, agian ezagutuko dut. Hura haundia da baina hemengook imana daukagu itxuraz.

      Mahaspasa eta intxaurrak gehitzearena aukera ona izan daiteke.

  3. Platano Baloo, un dos tres!!!
    Ederra.
    Platanoa dut gogokoa eta beste osagaiak ere bai. Oso ogi goxo atara duzu, benetan. Ogi hori leihoan utzita eta nik bezalako tximino batek lapurtuko lizuke, je je je.
    the cheeky monkey

    • Xabihirulau

      Badaezpada ez nuke holako ogirik inoiz lehioan utziko. Nahi izan ezkero ez daukazu lapurtu beharrik, eskatu eta listo!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s