Zekale, gari eta mahaspasadun ogia

zekale, gari eta mahaspasadun ogia

Ikusten dituzuen ogi hauek susto eder bat pasa ondoren egin ahal izan ditut: ama orea gaixo izan dut. Aurreko labekada egiteko hozkailutik atera eta elikatu ondoren pattal ikusten nuen, ia burbuilarik gabe, normalean baino usain fuerteagoa, kolore arraroa (horiagoa)… Hala ere ogia egin nuen, baina oso gutxi igo ziren, haiek adreiluak! Zer egin? ba jakintsuei aholkua eskatu, noski! Gure Juantxori idatzi, eta bere aholkuei jarraituz eta pazientzia handiarekin, berriro bizi-bizi daukat, eta hauek dira egindako lehen ogiak.

Errezeta Iban Yarzak ogiaren foroan aurkeztua daukana da, pixka bat egokituta. Normalean 500 gr. indarreko galirin erabiltzen dut, baina etxean ez neukan hainbeste, eta beraz falta zitzaidana galirin erdi-integralez osatu dut. Emaitza gustatu zait, hala ere betiko moduan eginda zaporez finagoak ateratzen zaizkidala esango nuke.

OSAGAIAK

  • 280 gr. indarreko galirin
  • 220 gr. galirin erdi-integral
  • 250 gr. zekale irin integrala
  • 300 gr. ama ore
  • 420 ml. ur
  • 18 gr. gatz
  • 22 gr. fruktosa (azukrea erabil daiteke)
  • 75 gr. mahaspasa

PROZEDURA

Osagai guztiak, mahaspasak ezik, nahastu ondo bol batean, poliki eta kontuarekin. Nik normalean lehendabizi solidoak nahasten ditut (irinak, gatza eta fruktosa, kasu honetan), ondoren ama orea eta bukatzeko ura. Utzi ordu erdiz batez, ura ondo xurgatu dezan.

Mahaigaina ondo garbitu, eskuak ere bai, eta nahasketa bertara irauli. Oratu, dena bildua dagoela eta “txikle” kontsistentzia daukala nabaritu arte. Nik bi alditan egiten dut: hiruzpalau minutu, utzi lasaitzen minutu pare bat, eta beste hiruzpalau minutu. Moduari buruz, gutxi gora-behera Bertinet teknika erabiltzen dut. Ore sendoa da eta maneiatzeko erraza.

Bola garbitu, olibolioarekin igurtzi eta jarri bertan orea, trapu batez estalia. Lehenengo hartzidura egiten hiru ordu t’erdi utzi dut, tenperaturaren arabera motzago ere izan daiteke, eta hartzidura bitartean tolesdura pare bat egin dizkiot. Bigarrengoan sartu dizkiot mahaspasak. Horretarako, orea ondo zabalduta dagoenean (laukizuzen baten moduan) jarri gainean mahaspasen erdiak, eta gero heren bakoitza tolesterakoan joan mahaspasak eransten, azkeneko tolesduran izan ezik (kanpoan geratuko lirateke!) Pasa berriro orea bolera, eta hartzidura bukatzen utzi, estalita.

Bigarren hartzidura egiteko banetoiak erabiltzen ditut. Hauek prestatu egin behar dira, bertara irin euria botaz, orea itsatsi ez dadin. Mahaigainean ere irin euria bota eta atera bertara orea. Orea bi zatitan banatu eta formatu. Hau egiteko, orearen hertzak erdi aldera eramaten joaten naiz, orea mugitzen dudan bitartean. Helburua, orearen gainazalean tentsioa sortzea da. Pasa ogiak banetoietara, hertzak bildu ditugun aldea goraka eta gainazal leuna banetoiaren kontra ipiniaz.  Ia beste lau ordu utzi dut, gutxi igotzen ari zela iruditzen baizitzaidan. Hau ere aldakorra da, tenperaturaren arabera.

Eta azkenik, labera. Piztu labea topera, nire kasuan 250º. Bitartean, ogiak banetoietatik sukaldeko taula edo antzekoetara irauli, laberako paperaren gainera bada hobe, eta ebakidura egin. Nik “gilette” batekin egin diet, labanarekin baina hobeto moldatzen naiz eta. Labea bero-bero dagoenean, lurringailu edo espraiarekin ura bota bere paretetara eta beheko bandejara. Nik lehen ontzitxoa sartzen nuen azpikaldean ur bero-beroarekin, baina orain egiten dudana da espraiarekin ur pila bat bota bertara, erosoagoa egiten zait. Kuestioa lurruna sortzea da. Kontu handiarekin sartu bi ogiak, eta hasierako 10-15m tenperatura horretan mantendu, 5m-ero espraiarekin ura botaaz. Ogi honek denbora asko behar du guztiz zabaltzeko, eta hau ez bada egiten, gogortu egiten da eta gutxi handitu (Iban dixit). Nik 15m-tara tenperatura jeitsi egiten dut 170-180ºra, bestela goikaldea erraz bezten zaie. Guztira ordubetez eduki ditut labean, eta gero itzalita eta atea pixka bat irekita beste 15m. Bukatzeko, atera eta labeko parrillan utzi ditut atseden hartzen.

Sarrera hau Juantxori eskainia da, emandako laguntzagatik ondo merezia! Gainera bere iradokizuna izan da ogi hau publikatzea. Maixu, txintxo-txintxo zure esanetara, ikusten duzu. Bueno, baina ez gehiego fidatu, eeeeh???😉

 

13 Iruzkin

Marik idatzia, Uncategorized atalean

13 responses to “Zekale, gari eta mahaspasadun ogia

  1. Irune

    Ahhh! Mahaspasa eta intxaur ogia… Ahhh! Ni Ibanen ikastaroetara joateko arrazoi garrantzitsuena… Pena, etxean egindakoak ez direla berdin ateratzen…

    Beno, baina zeintzuk izan ziren Juantxok emandako aholku horiek? Nire ama orea ere gehienetan nahiko makal egoten da, beraz, eskertuko nituzke aholku horiek publiko egingo bazenitu…

  2. mari

    Intxaursu, ea hemendik gutxira probatzeko aukera daukazun…

    Irune, funtsean orea berritzea izan da aholkua: 20gr-rekin abiatu, eta ura eta irina erantsiaz elikatuz joan, tenperaturari adi egonaz. Hori bai, irina zekalezkoa, eta ura mahaspaxak beratzen egondakoa. Likidoegia ote zegoen ere komentatu zidan (argazkiak zeuzkan), beraz beti proportzioan irin gehixeago bota diot. Mimoen beharrean zegoen, itxuraz. Eta Juantxo hor egon da, jarraipen konstantea egiten eta animatzen. Hemendik aurrera ardura gehiagorekin zaituko dut, dudarik gabe. Eta uste dut faktore oso garrantztisua TENPERATURA dela. Neguan gaude, kopon!!!

    mxk

  3. idu

    Itxura bikaina dute Mari! Nik bigarren artzidura askoz laburragoa egin izan dut beti,, bai negu eta bai uda,, eta ogiak labean askotan “lehertu” egiten zitzaizkidan,, aurrekoan Robin Food-en Iban ikui eta gero, harrituta entzun nuen bigarren hartzidure hain luzea izatearena, eta bai, nire ogiek behar zuten denbora hori. Eneee, mimoso xamar jartzen da ama orea negu garaian! Badakizu trukua jada, mimoak!

    • mari

      Aupa Idu,
      aurreko “adreilu” haiek errepikatu nahi ez nituenez, pazientziarekin jokatu nuen, eta benetan handitu zirela zihurtatu arte ez nituen laberatu nahi izan. Orain arte nik ere motzagoa egin izan dut, baina banetoietan askoz azkarrago hartu izan dute bolumena. Negua, badakizu. Eta hori berogailua duten etxeetan bizi garela, zorionez…

      mxk

  4. Mari,
    Zorionak!!!!, ederto egin duzu eta. Ederto bi aldetatik, esperantza ez galtzeagatik eta maixu-maixuari kontsulta egiteagatik. Nik uste dut horretarako gaude talde honetan, beste guztiei eskua luzatzeko eta hasiberriei ere bai. Ni oso pozik nago zugatik. Merezi duzu eta. Ogia, ederra seguru. Zure emaitza berrien zain nauzu.
    Muxu haundi bat

    • mari

      Aupa Teba,
      batzutan ni ere neure buruarekin harrituta geratzen naiz, hilabete batzutan zenbat aurreratu dudan ikustean. Blog hau irakurtzen hasi nintzenean pila bat flipatzen nuen, eta orain… Hala ere badakit asko dagoela ikasteko, eta zuen laguntzarekin aurrera egingo dut, hori zihur!

      Oraindik zure kroasan haiek egitera iritsi behar dut, lehen baino gertuago ikusten ditut, baina urruti hala ere.

      mxk

  5. Ikusten denez ama orea primeran duzu jadanik! Izugarrizko itxura du ogi horrek!

    • mari

      Epa Marilu,
      bai, momentu batez berriro zerotik hasi beharko nuela pentsatzera iritsi banintzen ere. Milesker, ea laister egoten garen, mxk.

  6. jo

    Gustura zaude e! Asko pozten naiz, benetan.
    Baina, nola antzematen diozu laberako prest dagoela? Eman al dizu trukoren bat Eibartar doktoreak? Nik niri ondo datorkidanean (ez dut inoiz hiru edo lau ordi itxaron izan) laberatzen dut baina agian formalidade pixka baten beharrean egongo naiz…

    • mari

      Aupa Jo, zmz!
      Ni normalean errezetak zehatz-mehatz jarraitzera mugatzen naiz, ez daukat bestelako intuizio edo begi klinikorik. Gertatzen da ogi honi neurria nahiko hartuta diodala, eta 2. hartziduran banetoietan hartzen duten bolumena askotan ikusi dudala. Hauei asko kostatzen zitzaienez, pila bat eduki nituen, eta hala ere normalean baino gutxiago igo ziren. Seguruena, galirin erdi-integrala zeramalako, dena indarrekoa izan beharrean.

      Mxk, ea noiz ikusten dugun zure kutixiren bat, animo!

  7. juantxo

    Aupiii,
    Bueno, aholkulari papera dirudienez, ondo bete nuen. Hemen dagoen emaitza ikustea besterik ez dago😉. Ikaslea, ona ere, ez?
    Esan nizun bezala, ama ore batekin “akabatzea” ez da bat ere erreza. Sarritan pasatzen zaiguna zera da, pazientzia falta dugula, besterik ez. Bizitza honen erritmotik irtetzea ez da batere erreza eta. Lortu zenuen, eta helmuga hori zenez dena primeran atera zitzaizun.
    Fermentazioarena ondo egin zenuen, senari jarraituz.
    Normalean denborarekin neurtzen ditugu eta nire ustez neurria orea izan beharko luke. Ogi bati neurria hartu diogunean, orduan bai denborarekin neurtu dezakegula. Sarritan, sobrefermentazioaren beldurra dugu eta horrek asko mugatzen gaitu.
    Bueno, ba momentuz besterik ez, zorionak Mari🙂.

    Muxu bat.

    • mari

      Ieeepa maixu,
      egia da, askotan bizimoduak dena jarraian egitera eramaten gaitu, gauza bat bestearen atzetik, eta zerbaitek denbora gehiago eskatzen badu…. ñooo! kosta egiten zaigu ematea.
      Muxu handi bat, ea hurrengo kddn ikusten garen, hala espero dut!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s