Sustraietatik kimua

Etxean ogia egiten dutenen ahotan sarri entzun izan dut mundu honetan sartzeko arrazoia inguruan ganorazko, gutxienezko kalitatezko, ogirik ez aurkitzea izan zela. Hori izan zela lehenengo pausoa ematera bultzatu zituena. Nire kasuan aldiz, abentura hontan hasteko lehenengo pauso hori ematera, lehenengo saiakera egitera, eraman ninduena beste zerbait izan zen.

Orain dela urtebete pasatxo izan zen, aurreko negu hasierako astebukaera goibel eta motel horietako batean, normalean ezer gutxi egiteko gogoa pizten duten horietako bat. Horrelako astebukaera horri deskantsatzeko erabiltzeaz gain nolabaiteko etekina ateratzeko moduari bueltak ematen hari nintzaiola aitxaitxa Nicasioz gogoratu nintzen. Txikitan, gure etxera etortzen zenetan ogia egiten genuen (batzutan bai behintzat). Oso gaztea nintzen eta zoritxarrez ezer gutxi gogoratzen dut: ogi txikiei nahi genuen forma eman eta gainazala arraultze edo gorringoz margotzen uzten zigula eta behin labetik ateratakoan bakoitzak norberak egindako ogia jaten genuela, guk geuk eskuz egindako lanaren harrotasunez.

Oroitzapen horien haritik, hori bihurtu nuen nire astebukaerako plana, ogia egitea. Baina nola? Ez neukan aitxaitxa Nicasio berari galdetzeko, ingurukoek ere ez zuten gogoratzen, ez neukan horri buruzko libururik, … Agian interneten begira nezakeen, baina ez nuen holakorik egin. Sena erabiliz egitea erabaki nuen, ura, uruna, gatza eta legamia konbinatzeak eta gero laberatzeak ez luke zertan zaila izan behar. Eta horrela egin nuen, legamia ur epeletan disolbatu, “eskatzen duen beste” urun bota, … Oraingo perspektibaz argi daukat legami gehiegi erabili nuela, orea oratu baino kupida gabe torturatu, … baina emaitza ona izan zen, itxura dexentekoa eta jangarria.

Horrek ogia gehiagotan egitera animatu ninduen. Hasieran modu beretsuan, sena eta txikitako oroipen txiki horiek gidaturik,  eta aurrerago blog, foro, ikastaro eta liburutan ikasiz, ama orearen munduan murgilduz, errotak eta okinak bisitatuz, … astero ogia eginez apurnaka hobetuz … guztiz engantxatua gelditu arte.

Guzti hori neguko eguraldi kaxkarraren erruz, eta aitxaitxa Nicasiori esker.

Berak ogia egiten jakiteak bazuen bere zegatia. Bere bizitzan izan zituen beste lanbide batzuen artean, gazte denboran, okina izan bait zen, lehenengo Bermion eta gero Arrasaten. Pena bat da esperientzia hori ganoraz jasotzeko aukerarik ez izana.

Txikitan gure etxean ogia egitearen oroitzapen zatitxo horietaz aparte, bada gure familian, etxe gehienetan, aitxaitxa Nicasio okina zeneko beste arrasto bat, argazki zahar bat. Bertan aitxaitxa Bermion eskuan ogia duela agertzen da. Ogi borobil bat, inguru hontan opila bezela ezaguntzen dugunaren edo agian beste toki batzutako tremesaren antzerakoa.

Aurreko neguan ogia egitea denborapasa gisa hartu nuen bezala, hori utzi gabe, aurten Bermioko argazki hori erabili dut orduak eskulanetan pasatzeko.

Argazki hori apur bat moldatu, inprimatu, bertako kolore bakoitzeko stencilak (txantiloiak) moztu, eta paperean sprayez margotzen orduak eta orduak eman ditut. Gero, atzo gauean, Bermiora joan eta jatorriko argazkia atera zen lekuan, kasino osteko San Migel eskilaretan, itsatsi nuen.

Gaur goizean berriz hurbildu naiz bertara, ganorazko argazkiren bat ateratzeko ideiaz, baina (gabitzaileek kenduta edo) jada ez zegoen bere tokian.

Kalean zerbait egiteak hori dauka, ez dago jakiterik urteak edo minutuak iraungo ote dituen. Loteria hori jokuaren zati bat da, eta holan behar du. Ordu gutxi batzutan desagertu izanak ez du esan nahi lantzen pasatako ordu luzeek balio izan ez dutenik. Emaitzaren zain egon gabe prozesua bera ere disfrutatzen baita, are gehiago kasu honetan bezala aitxaitxa Nicasiotaz oroitzeko balio izan badit.

6 Iruzkin

Uncategorized, Xabihirulauk idatzia atalean

6 responses to “Sustraietatik kimua

  1. idu

    O, Xabi, bai istorio polita,, nik uste zuk marotutakoa etxeren batean ipinia izan dela,, harrituko ninduke halako lan bat garbitzaileek kentzeak. Neu ere asko gogoratzen naiz amama Juli-rekin ogia egitean.

  2. Nik ogia ez, baina txikitan bizkotxoak egiten genituela gogoratzen naiz. Beti neguarekin lotzen det gainera, etxeko sukaldean sua piztuta eta bero-bero egoten ginela.
    Amak irinarekin sumendi bat egiten zuen, arraultzak eta azukrea bertan bota eta ahizpa eta biok eskuak oretan murgiltzen genituen. Oso sentsazio berezia zen, eskuak zikintzearena ume guztiei gustatzen bait zaie!
    Eta labetik ateratzen zen usaia…eta bizkotxoak zeukan zaporea…baina batez ere etxeko giro goxoa.
    Suposatzen det gutako bakoitzak bere arrazoi izkutuak izango dituela saltsa hauetan sartzeko. Haurtzarokoak, askotan.
    Oso istorio polita, Xabi. Erdi ahaztuta neuzkan oroitzapenak ekarri dizkit gogora. Eskerrik asko!!

  3. axeridantza

    Ene Xabi! ze kontakizun politta, asko gustatu zait. benetan oroitzapen ederrak dira. neri behintzat ogia egitea edo sukaldean ibiltzea bera etxean izan ez dudanagatik izan da. alegia, neri ogia egiteak ez dit inolako oroitzapenik ekartzen, ni neu ari naiz nere oroitzapenak sortzen. gure amak eun osua lanen ematen zun, eta nere ahizpai ta nei gure amonak edo attonak ematen ziguten bazkaya, afaya eta dena. eta earki eman ere, gure amona sukaldari aparta izan da eta beti. aparte, gure amak sukaldean egiten piperrik etzekin eta gañetikan etzitzayon gustatzen. daon lanikan desatsegiñena dela esaten zun, ez omen dela bate eskertsua, alegiya, agradezittua. gaur egun oraindik nere buruari galdetzen diot zer dela esaten ote zun oi. nei, beintzat, zeoze prestatzen detenian eta jendiak gustoa jaten dula ikusteak izugarrizko poza ematen dia, eta geyo itten jarraitzeko gogua ematen dit, enfin. gauza da etxetik jun nitzanian nere buruari agindu niola nola edo hala sukaldian ikasi behar nula, eta nozpatte ondorengoak badittut, ni neu izango naizela haiei jana ittiaz, jana itten eakustiaz eta danataz arduratuko dana. ta olaxe, irakurtzen, interneten ikertzen eta jakinmiñak bultzatuta, eta noski, goseagatik ere, etxetik kanpo ya ez bainakan amonarik, hasi nitzan pixkanaka sukaldean gauzak itten eta gaur egun, zenbait gauza earki ateatzen zaizkitela esan dezaket eta beste asko oraindik ikasteko dazkatela. une onetan, ogiya da nere erronka nagusietako bat, eta azken aldi hontan behintzat satisfaziyo handiyak ematen ai zait. ta oi, earra txapa bota detena. jejeje.
    eskerrik asko Xabi zure gogoetak gurekin konpartitzeagatik, oso politta izandu da.
    patxooooooooooooo

  4. mari

    Aupa Xabi, oso gustora irakurri dut zure istorioa.
    Ze pena argazkiak ez irautea. Badakizu? inoiz kontatu ez dizuedan arren, nire aitona ere okina zen, Donostiako parte zaharreko Portu kalean. Baina ezin dut esan horregatik hurbildu naizenik ogia egitera, nire oroitzapenetan aitona jada jubilatuta agertzen baita, eta gainera beti ezagutu dut bere lanak eman zion bizimoduari buruz despotrikatzen….

    Muxuak eta laister arteeeeeeee

  5. xabihirulau

    idu, errotari, axeridantza, mari, kontatzen duzutenagatik itxuraz bostok gara nolabait sustraietatik sortutako kimuak. Belaundaldiren bat salto eginda eta batzutan aurrekoa berreskuratu edo bestetan konpentsatzeko bada ere.

    Pozten naiz zuen gustokoa izan dela jakiteaz. Eta milesker zuek ere zuena konpartitzeagatik!

  6. Olaia

    Kaixo Xabi

    Zure istorioa oso polita iruditu zait. Nik ez dut sekula inor ikusi ogia etxean egiten, eta ez dakit zergatik hasi nintzen honekin… hori bai, aitak betidanik egin izan du pizza orea etxean.

    Marrazkia hurrengo goizean ez egotea nik axeridantzak dioenarekin loturik ikusten dut. Nik ere askotan agian ordubete pasatzen dut sukaldean, gero 10 minututan jaten den jaki bat egiteko, eta askok (axeridantzaren amaren moduan) pena merezi ez duela pentsatuko dute, baina nik janaria egitearen prozesuan jatean bezainbeste disfrutatzen dut, eta nik uste zuri bera pasa zaizula irudia egiterakoan, beraz, nola ez du ba pena mereziko! ezta?

    Muxu bat

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s