Ama ore desberdina.

Ogiaren munduan hasi nintzenetik bisita dexente egin ditut. Errotak ikustera, okindegiak, proiektuak eta abar. Okin askori ama orea erabiltzen dutela entzun izan diet, baina beti, zalantzak izan ditut. Gabon garaian okindegi hoietariko bat bisitatzera joan ginan, bertan, oso garbi ikusi nuen eurek (gehienak) erabiltzen duten ama orea nolakoa den eta orduan probatzeko gogoa sartu zitzaidan.

Gaurko ogia sistema horrekin egindakoa da. Ez da lehenengo aldiz legamia erabiltzen dudala. Behin, ogi bat egin nuen eta Elgetan emandako ikastarorako froga batzuk ere. Ordutik erabili barik neukan lagatzen duen zaporea ez zaidalako gustatzen, eta hori, kantitate gutxi erabilita. Bainaaaa, gabonetatik (bisita ondoren) nire buruan zerbait amaitu barik izango banu bezala somatzen nuen. Pasa zen astian, froga bat egiteko legami freskoa erosi nuen eta hemen emaitza.

Osagaiak guztira:

  • “Los Pisones” irin txuri ekologikoa, 345 gr.
  • Semola irina, 255 gr.
  • Ura, 400 gr.
  • Gatza, 13 gr.
  • Legami freskoa, 2 gr.

Prozesuak ordu batzuk (dexente) behar ditu. Nik horrela egin nuen. Bezperan bol baten,  irin txuritik 200 gr. jarri nituen, ura beste hain beste, eta legamia. Nahastu, estali, eta 25-26ºtan bost ordu laga nuen bikoiztu arte. Ondoren, hozkailuan sartu eta hamabi ordu izan nuen. Ordu hoiek pasatu ondoren, hozkailutik atera, eta ordu eta erdi inguru giro-tenperaturan euki nuen.

Beste bol baten geratzen zitzaidana nahastu nuen, hau da, irin txuria 145 gr., semola irina 255 gr., ura 200 gr. eta gatza. Nahasketa horri, bezperan egindakoa gehitu nion. Mahai gainera atera eta 10 minutu inguru oratu nuen, beti atsedenaldiak emanez. Olioztatutako bol baten sartu eta 2 orduko hartzidura eman nion, atera, tolesdura antzeko bi edo hiru eman ondoren formatu eta banetoira sartu nuen. Beste ordubete eta erdiko hartzidura egin ondoren, aurrez berotutako (260º) labean sartu eta 50 minututan eginda zegoen. Lehenengo ordu laurdena 250-225º artean eta amaitu arte 225-190ºtara.

Emaitza, legamiarekin zuzenean egindakoa baino askoz gehiago gustatu zait, bainaaaa, duda barik, nire ama oreaz egindako ogiekin geratzen naiz. Zalantza barik sistema hau gehiagotan erabili dut, kriston *indarra duelako. Gehien bat ogi goxoak, roskoiak eta halakoak egiteko.

Begiratu Karapaixoak daraman legami kantitatea eta gaurkoak daramana, alde txiki bat badago ez?

Oharra.- Hozkailutik atera nuenean susto txiki bat izan nuen, zentimetro eta erdi jaitsita zegoen eta zalantzak izan nituen. Joe, igual denbora larregi izan dut pentsatu nuen, baina behin hasita, aurrera ez? eta hor dago emaitza, beraz, lasai egon.

Muxu bat.

8 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean

8 responses to “Ama ore desberdina.

  1. Irune

    Hozkailuan nuen ama orea zaborretara bota egin behar izan nuen…
    Gordeak ditudan ama ore kopoak bitan saiatu naiz berpizten, baina ez dago modurik…
    Ez ditut gogoak biltzen ama ore berri bat hasteko…
    Agian, aurre-hartzigarriekin hastea da modurik hoberena!
    Edozein kasutan, zure ogiek izugarrizko itxura dute, bai barrutik, bai kanpotik!!

    • juantxo

      Aupiii Irune,
      Mila esker.
      Gogo handirik ez baduzu sistema hau erabili dezakezu noski, baina ama orea beste gauza bat da. Animoooo!!!!!!!!!!!!!!

      Muxu bat

  2. Aupa kanpeon, zu ere inbestigatzaile fina eginda zaude, gure ilegorria bezala,😉
    Nik azken aldian ogiak “a piñon fijo” egiten ditut, eta naiz eta emaitzekin oso pozik egon, gauza berriak frogatzea ezinbestekoa iruditzen zait. Kontatuko dizut,

    mxk

    • juantxo

      Aupiii Mari,
      Inbestigatzaile inbestigatzaile, ba ez😉 baina zerbait desberdina probatzea nahi nuenez baaa hor emaitza.
      Zuk egin frogak, ziur ondo aterako zaizkizula eta.

      Muxuak zuretzat ere.

  3. Eneee zelako aurkikuntza. Lagun batek komentatu zidan atzo Zumaian, Iban Yarza Robinfood-en programan ikusi eta gero piztu zaidan afizio honen gainean mintzatzen ari nintzaiola, ea “Irinak eta urunak” ezagutzen nuen. Eskerrak lagun horri, eta mila esker zuei, egileei. RSS irakurlean sartu zaituztet honezkero eta irakurle leiala izango nauzue.
    Posta elektroniko bat idatzi nahi nizuen, baina ez dut biderik ikusi. Horregatik idazten dizuet hemen, bote prontoan ikusitako gauza pare bat komentatzeko. Errezeta zerrendan bildu dituzuen loturak ez dabiltza, MAC OS X-ean nago eta Safari, Google Chrome nahiz Firefox-en frogatu dut, eta ez dago klik egiterik. Horretaz gain, zuen Hasiera orrira itzultzen naizen bakoitzean “x6mstb” deitzen den fitxategi ezezagun bat deskargatzen zait automatikoki. Idearik ere ez zer den. Akaso nire ordenagailuaren arazoa izan daiteke, baina badaezpada komentatzen dizkizuet bi gauzatxo hauek.
    Edozelan ere, ikaragarrizko itxura ona daukan orria duzue. Mila esker barriro!

  4. Aurrekoan jarritako izenak “zigaurre” behar zuen, baina tira, zigaurrerre horrek barrea eragin dit behintzat🙂

  5. juantxo

    Aupiii zigaurre,
    Eskerrak izenarena bigarren iruzkinean zuzendu digukela bestelaaaa ….. Nik, nire pelikula eginda neukan, izena hau (zigarru-erre) zela pentsatu dut eta izenaren atzekaldean zein egon zitekeen irudikatuta ere. Buff!!!, eskerrak.
    Errezeten zerrendarena konpondu dudala uste dut, bigarren arazoa (“x6mstb”) nire ordenagailuan ez zait ateratzen.
    Mila esker tokea ematearren eta irakurle leiala izatearren😉

    Muxu bat

  6. Nere postekin loturak: Ama ore desberdina II. |

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s