Okinon topaketa Eibarren: Hamaika ogi!!

Orain dela pare bat aste blog honetako 13 partaide Eibarko Iturburu ikastolan elkartu ginen, biltzen gaituen gai kuttunaren inguruan: ogia egiten. Euskal Herriko punta guztietatik (baita Castellonetik ere!) etorri, eta mahai luze baten inguruan irin, ur eta ama ohore artean gure esperientziak eta gauzak egiteko moduak partekatzeko aukera ederra izan genuen. Mahai oparo honetatik 11 ogi itxuroso jaio ziren, parteideetako bi bazkaltzera bakarrik etorri zirelako (ai, lana…). Hori bai, beraiek egindako ogia ekarri zuten bazkaltzeko. Eta oso ona, portzierto. Argazkian 10 bakarrik ageri badira, norbaitek berea azkar asko jaso zuelako izan zen. Lapurketaren beldur? lotsa? antsietatea? gosea? auskalo…

Goiza ziztu bizian pasa zen. Batek modu honetara oratzen duela, besteak bestera, nik olioa botatzen diot, ba nik ez, niri ur gehiegi iruditzen zait hori, ba nik gatz gutxiago botako diot… Kuriosoa izan zen besteak nola moldatzen diren zuzen-zuzenean ikustea, sarea alde batera utzita. Nik adibidez parean Roser neukan, Castellonetik asteburu pasa etorritako partaidea, eta oratzen daukan “kalloa” deskriba ezina da… ke makina!!! Ez daukat ez argazki ez bideorik, eskuak orean sartuta izanik zaila izaten baita.

Ama orearekin egindako ogiak izanik, hartzidura luzeak berriketarako eta momentuan laberatutako pizza batzuk dastatzeko aprobetxatu genituen, Juantxo eta Tebaren eskutik, mmmmmmm! ze onak. Aipatu beharrekoa da bi partaide hauek izan direla tailer honen antolatzaile finak. Orokorrean, han bildu ginen guztiok ogiaren munduan esperientzia pixka bat badaukagula argi ikusi zen, baina Juantxo, Teba eta baita Roser ere maila aurreratuago batean mugitzen dira, ia-ia profesionalak!

Bazkaria denon artean ekarritako kutixiekin osatu genuen: entsaladak, pipertxoak, patata-tortilak, oilaskoa, sagardoa, gazta, postre goxoak (ai, postreak!), mistela… Eta azkenik, ogiak laberatzen hasi ginen. Labea kontrolatzeak bazuen bere koxka, industriala eta oso potentea baita. Ogiak gehiegi ez kixkaltzeko, itzali, piztu, itzali, piztu… ibili behar izan genuen. Bueno, honetaz ere, egia esan, Juantxo eta Teba arduratu ziren, nola bestela!

Guztira hiru edo lau labekada izan ziren, azkenerako mahai gainean ogi bilduma polita osatuz, bata bestea baino tentagarriagoa, guztiak dotoreak:

Eta horrela joan zitzaigun eguna, lanean eta berriketan, berriketan eta elkarrekin jan-edanean, beste behingoz ere ogi kontuez aparte amankomunean interes asko partekatzen ditugula agerian utziaz. Milesker Juantxo eta Teba, horrelako egun polita oparitzeagatik. Eta ogia mundiala zegoen, portzierto!!

Hurrengo batean, partaideok ogia egiteko erabiltzen ditugun tresnak aurkeztuko ditut. Bilduma egina dago, baina sarrera hau gehiegi luzatuko litzateke. Bitartean, segi esperimentuak egiten, eta… on egin!

6 Iruzkin

Marik idatzia, Uncategorized atalean

6 responses to “Okinon topaketa Eibarren: Hamaika ogi!!

  1. Ainhoa

    Benetan ondo pasatu gendula! Eta ikasi bere nik beintzat ikasi neban.
    Musu haundi bat denoi eta ia laster berriro ikusten geran

  2. Aupa Mari ta beste partaideak!
    MIla esker zure sarrera polit-politarengatik. Nik uste dut guztiok ederto pasa genduala, ez?
    Niretzat plazer ederra izan zan ta errepikatuko nuke nonoiz.
    Muxu bana

  3. Ainhoa

    Gaur ogia egin dot eta… kriston arrakasta eukin dot.
    Mila esker Juantxo, zure aholkuak jarraitu dodaz eta ogia… ummmmm, oso ona eta nik nahi neban moduan, gainera polita.

  4. mari

    Kaixo Ainhoa,
    earki pasa genuen, eta ikasi ere bai, noski. Nik ere gaur egin dut ogia, eta pozik nago Eibarko ama orearekin, oso ondo ari baitzait erantzuten, ea horrela mantentzea lortzen dudan! Itxuraz ez zait hain polita atera, baina zaporez eta harrotasunean oso ondo dago.

    Aupa Teba,
    ea noiz errepikatzen dugun, e? egia da ez duela zertan beti lanerako izan beharrik, baina… ze gustora ibiltzen garen sukaldeko saltsan, besoak ukalondoraino orez zikinduta, espatulak gora, dutxako txanoa behera… eta jana eta edana suelto, euskaldunon estilora. Gora gu!

    muxuak bioi, laister arte.

  5. juantxo

    Aupiii,
    Hamaika era, hamaika galdera-erantzun, hamaika pizte-amatatze, …. hamaika ogi!!! dotore.
    Nire ustez denok ikasi genuen zerbait eta adibide, Ainhoak idatzi duena.
    Bertan ikusi/ikasi genuena lasaitasunez aplikatzen badugu, lehenago edo beranduago, gure emaitzetan igarriko dugu.
    Argi izan behar dugu prozesuaren pausu bakoitzean zer den pasatzen dena, edo zer den nahi ez duguna.
    Animooo!!! eta ia hamaika bider elkartzen garen🙂

    Muxu bana.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s