Egilearen Fitxategiak: axeridantza

Usurbilgo ogi tailerra

Usurbil, azaroak 6, goizeko 9ak. Agerialdeko sukaldea.

Han elkartu ginen Teba, Juantxo, Aitziber eta ni dena prestatzen hasteko eta ikasleei itxaroteko. Mahaiak prestatu eta azken momentuko nerbioak lasaitu ostean, jendea pixkanaka-pixkanaka agertzen hasi zen ikast0lara. Lehenengo bat, gero bestea, pixkanaka-pixkanaka, baina denak ere ogia egiten ikasteko gogoz. Bakoitzak etxetik bol bat, taperra, mantala eta kristalezko poto bat ekarri zuen, betiko moduan despistaturen bat ere izan zen arren. Lixto! Jada ikastaroa ematen hasteko prest geunden.

Juantxok eta Tebak irina eta ura neurtuta ekarri zuten partaide bakoitzarentzat, tope profesional!

Lehenik eta behin, okinaren proportzioari buruz jardun ziren.  Horretarako, ekarri zituen irinaren eta uraren neurriak nola kalkulatzen zituen azaldu zuten, eta beste ogi batzuk egiteko zer ur kantitate erabili behar den, eta kantitate hori nola neurtu irina oinarri hartuta. “Ikasle” gehienek ez zuten okinaren proportziori buruzko arrastorik ere eta denek harrituta, eta aldi berean, jakin-minez entzuten zuten, oharrak hartuz.

Teoria pixka bat azaletik azaldu ondoren, nahasketa egiten hasi ziren, eskuak orean sartu arte ez baitago ikasterik! Juantxok eta Tebak ama ore pixka bat eman zioten ikasleei eta gero bakoitzak ura eta irinarekin nahastu zuen bolean. Nahi zuenak gatz pixka bat ere bota zuen. Hasiera batean, nork pentsatuko zuen ore likatsu horretatik ogia atera zitekeenik!!!! Nahasketa egin ondoren,  orea deskantsatzen ari zela, oratzeari buruz jardun ziren eta Dan Leparden liburua ere erakutsi zuten. Oratzeko teknikak irakatsi zituen, teknika frantziarra, tradizionala… Ikastaroan, teknika frantziarra erabili zuten ogia oratzeko.

Orea fermentatzen zegoen bitartean, ama-oreari buruz hitz egin zuten luze eta zabal. Nola egiten den, nola kontserbatzen den, nola erabili, usaia hartzen badu txarra dagoen, igotzen ez bada zergatik den… badakizue, hasi berriaren ohiko zalantzak argitzen aritu ziren. Izan ere, baten batzuek aipatu zuten noizbait egiten hasi eta bota egin behar izan zutela igotzen ez zelako edo usain txarra hartu zuelako. Juantxo eta Teba gai horretan argiak izan ziren: ama-orea ez da bota behar! Izan ere, normalean konponbidea izan ohi du. Ogiaren fermentazioari eta tolesdurei buruz ere hitz egin zuten, bai eta nola egiten zen erakutsi ere.  Halaber, ogiaren mozketen garrantzia ere azpimarratu zuten. Bien bitartean, Juantxok eta Tebak prestatuta ekarritako orea labean sartu zuten. Jendea zur eta lur geratu zen, ura sartzeko ontzirik ez genuenez, Juantxok ura zuzenean labera bota baitzuen. Sua itzaliko ote beldur ere izan ginen, baina azkenean dena ondo joan zen.

Ogia labean zegoen bitartean, zalantzak argitzen jarraitu zuten: ama-orea, zenbat denboraz hartzitu behar den ogia, hozkailua zertarako erabili dezakegun, mila gauza… Kontsultatzeko web-orri eta liburu batzuen berri ere eman zuten, eta nola ez, Irinak eta urunak blogari ere promozioa egin zioten.

Hori guztia egiten zuten bitartean, labetik kriston lurrin gozoa ateratzen ari zen. Ogia labetik ateratzeko garaia heldu zenean, denak emaitza ikusteko gogotsu zeuden. Atea ireki eta OOOOOOOOOO luze bat egin zuten denek! Hori da hori ogi ederra! Kontuan izan behar da labe ezezaguna zela eta zer-nolako emaitza izango zen ez zekitela. Beraz, emaitza biribila izan zela esan daiteke. Hona hemen “los padres de la criatura”:

Ikasle guztiak oso pozik geratu ziran tailerrean ikasitakoarekin, eta ogia egiteko harra bati baino gehiagori hasi zitzaion ernetzen. Bukatzeko, denei ama-orea eman zieten, etxean ogia egiten jarraitzeko, eta bakoitzak bere orea eraman zuen etxera, etxeko labean ogiteko. Bertan egindako ogia, bazkal garaian jan genuen, eta esan beharra dago oso ona zegoela. Ikastaroa benetan arrakastatsua izan zenez, urtarrilean beste bat egitea erabaki genuen, data orain zehazteko dago, baina Juantxo eta Teba, badakizue zuek nahi duzuenean etor zaitezketela Usurbilera, hemen pozik itxarongo zaituztegu. Eskerrik asko artistak!

10 Iruzkin

Axeridantzak idatzia atalean