Egilearen Fitxategiak: bixigu

Glutton Talk with Dan Lepard

Agian izenburua ikusita ez duzue ezer ulertuko, baina gaur albiste garrantzitsu bat argitaratu da: Dan Lepard, “The Handmade Loaf” liburuaren egilea, Donostian izango dugu datorren ostirala, azaroak 5ean The Glutton Cluben eskutik. Zergatia? Ba Iban Yarzak liburu hori gaztelerara itzuli duela, eta beraz, “Hecho a mano” gaztelarazko liburuaren aurkezpena egitera datorrela.

Eguerdiko 12:00etan komunikabideen aurrean aurkeztuko dute liburua Iban Yarza eta Dan Lepardek, David de Jorge eta Martin Berasategi sukaldariekin batera; eta arratsaldean, 18:00etan aurkezpen “pribatuagoa” egingo dute Sukal Lekun. Bertan mahai-inguru bat ere egingo da nahi duenak galderak egiteko eta liburuak sinatzen ere arituko dira.

Argazkia: Iban Yarza

 

Informazio gehiago eta apuntatzeko esteka honetan:

http://www.thegluttonclub.com/2010/10/26/dan-lepard-en-euskadi/

 

Advertisements

6 Iruzkin

Irinak eta Urunak-ek idatzia atalean

Moldeko esne ogia

Zubi honetan lasai egoteko denbora izan dut, eta aspaldiko partez, ogi berri bat egin dut. Errezeta hay Dan Leparden “The Handmade Loaf” liburutik atera dut. Hemen jartzea erabaki dut, hau ere egiten erraza baita, eta oraindik ama orearekin ogiak egiten ausartzen ez direnek ogi hau inolako konplikaziorik gabe egin ahal izango dutelako.

Hauek dira osagaiak:

  • 1 1/2 koilarakadatxo legamia fresko (prentsatua).
  • 350 gr. esne oso (pixka bat epelduta, 20ºC ingurura, nik mikroondasean sartu nuen minutu erdi inguru).
  • 20 gr. ezti.
  • 250 gr. galirin zuri arrunt.
  • 250 gr. indar-galirin.
  • 1 1/4 koilarakadatxo gatz.
  • 25 gr. gurin urtu.

Bol handi batean, legamia, esnea eta eztia nahastu. Nahasketa horri irinak eta gatza gehitu, eta dena eskuz ongi nahastu, osagai guztiak erabat elkartu arte.

Nahasketa horri gurin urtua bota eta orea berriz ere ongi nahastu, gurina bertan erabat integratu arte.

Bola estali eta 10 minutu inguru deskantsatzen utzi.

Mahaia ongi garbitu, irin edo olio pixka bat zabaldu, gainean orea jarri.

Oratzeko, 10 segundu inguruz oratu, bola forma eman. Jarrian, bola ongi garbitu eta lehortu ondoren, olio pixka batekin igurtzi, eta orea bertan 10 minutu deskantsatzen utzi.

10 minutu horiek igaro ondoren, prozesu bera (10 segundu oratu+10 minutu bolean deskantsatzen utzi) bi aldiz errepikatu, eta orea 30 minutu deskantsatzen utzi.

12 x 19 cm inguruko molde bat olioz igurtzi, eta gero irin pixka bat bota, orea ez itsasteko.

Orea bi zatitan banatu eta bola forma eman.

Bi bolatxoak moldean sartu, bata bestearen ondoan, eta  ordu eta erdi fermentatzen utzi, tamaina bikoizten duten arte.

Labea 210 ºCra berotu. Ogia esne pixka batekin igurtzi, eta labean sartu. 15 minutu igaro ondoren, tenperatura 180 ºCra jaitsi eta beste 25 minutu inguru egosi labean. Nire labea potenteagoa da, eta tenperatura lehenago jaitsi behar izan nion, ogiak kolore gehiegi har ez zezan. Halaber, bukaeran aluminio paper pixka batekin estali nuen, bestela ogia erretzeko arriskua baitzegoen.

Denbora pasa ondoren, labetik atera, ogia moldetik atera eta parrila batean hozten utzi.

Goizean txigortuta jateko primerako ogia da, baita sandwichak egiteko ere. Egia esan, gurina duenez, ezin esan oso osasuntsua denik, ez da eguneroko modukoa, baina zaporez oso gozoa da, mami oso leuna du eta konturatu gabe jaten da, pentsa, etxean bi egunetan amaitu zen!

20 Iruzkin

Bixiguk idatzia atalean

Brown soda bread

Gabon hauek Irlandan pasa ditut, mutilaren gurasoen etxean. Irlandar gastronomiako hainbat “perla” probatzeko aukera izan nuen, eta agian gehien gustatu zitzaidan gauzetako bat soda bread izan zen.

Niri behintzat nahiko harrigarria iruditu zitzaidan, baina yeast bread eta soda bread delakoak argi bereizten dituzte; hau da, alde batetik, legamiarekin egindako ogiak, eta bestetik, berriz, bikarbonatoarekin egindakoak.

Gaur aurkezten dizuedana soda bread integrala da. Errezeta mutilaren aitarena da, eta benetan pena merezi du probatzeak. Hauek dira osagaiak:

  • 350 gr. irin integral
  • 115 gr. irin zuri
  • 2 goilarakada txiki bikarbonato
  • 1/2  l. buttermilk (gazta eta gurina egitean sobratzen den sueroa da, han edozein supermerkatutan saltzen dute boteilatan. Hemen horrelakorik aurkitzea ezinezkoa denez, ura erabili dut, eta esne pixka bat bota diot, ura zuritzeko adina).
  • 25 gr. gari zahia (gazteleraz “salvado de trigo”)
  • 50 gr. galorratz (gazteleraz “germen de trigo”)
  • 50 gr. azukre beltz

Nik handik ekarritzako irin integrala erabili nuen.

Paketean ageri den bezala, filtratu gabeko irin integrala da, hau da, gari azalak eta guzti ditu, eta horregatik, oso ogi iluna ateratzen da. Gainera, galorratza eta gari zahiak ere ogia ilundu egiten dute, eta usain berezia ere ematen diote ogiari.

Ezer egiten hasi baino lehen, labea berotzen jarri.

Lehenbizi, osagai lehor guztiak nahastu bol batean, eta gero, poliki-poliki ura botatzen joan, eta dena ongi nahastu, pure antzeko orea lortu arte.

Molde bat gurinaz edo olioz igurtzi, eta gero irini pixka bat bota, ogia moldera ez itsasteko.

Orea moldera bota, eta labera sartu. Labean 200ºCra egosi, 45 minutu inguru.

Hau da emaitza:

Bizkotxo antzeko ogia da, ez da arraultza frejituan bustitzeko modukoa, baina gosaltzeko primerako ogia da. Xigortuta, gurin edo gazta pixka batekin, eguna hasteko modu ederra. Gainera, fermentaziorik behar ez duen ogia denez, oso azkar egiten da, ordu betean prest dago,eta beraz, edozein estualditik ateratzeko irtenbide ezin hobea da.

17 Iruzkin

Bixiguk idatzia atalean