Egilearen Fitxategiak: iduii

Laranja ogia

Etxean hainbat zitriko zuhaitz ditut, hiru laranjondo eta bi limoiondo. Ikarragarri gustatzen zaizkit zitrikoak, eta azken bi urteetan uzta oparoa izan dudanez, errezeta ezberdinak probatzen aritu naiz berauekin.

Zuhaitz bat da denetan bereziena, duela 15-20 urte, jandako laranja baten hazia, lehioko lorontzian sartu, eta handik atera zen. Oso txikia zen haseran, gogoan dut bi hosto soilik zituela, baina denborarekin, hazten joan zen, eta badira urte batzuk atarian landatu genuela. Urte askotan ez zuen fruiturik eman, antzua izango zela uste nuen, hazi txar batetik atera nuelako edo, baina duela laupabost urte, fruituak ematen hasi zen, eta orain, laranja pillo bat ematen digu. Laranja urtsuak eta benetan gozoak dira, erositakoen inbidia zipitzik gabekoak.

Duela gutxi, ogiaren foroan http://www.elforodelpan.com/ Gizaburuagan tahona bat bisitatzeko proposamena egin zen, eta hau aipatuz, Juantxok idatzitako email batean, beraiek egiten duten laranja ogia aipatu zuen. Txikitan egiten nituen froga-zerrikeriak gogorarazi zizkidan aipamen honek,,, eta aspaldi egindako, edo hobeto esanda, egiten saiatutako, laranja ogi bat egitea pentsatu nuen. Hainbat froga egin nituen, interneten bilatutako errezeta ezberdinak kontuan hartuta, baina ez nuen esne ogi edo antzekorik nahi, ogi ogia nahi nuen.

Beraz, modurik sinpleenera jo nuen, ogi baten oinarrizko errezeta hartu, eta moldatu, honako hauek dira osagaiak;

.- 500gr galirin zuri

.- 175gr laranja zuku

.- 100gr ura

.- 200gr ama orea

.- 12gr gatza

.- 2-3 laranjen azala arraspatuta

Irina, gatza, ama orea eta laranja azalak nahastu, eta ondoren laranja ura eta ura gehitu. Ore bateratua lortzean, ondo oratu, leundu arte. Tolesdurak egin, eta olioztaturiko ontzi batean leku epelean utzi, hiru orduz, ordubetez behin berriro tolestuz. Denbora hau pasata, oreari nahi den forma edo itxura eman, eta bannetoian utzi, leku epelean berriro, ordu eta erdi inguruz. Labea piztu, 225º tara, eta ontzi batean ura jarri bertan, lurruna sortu dezan. Orea laberatzean, labearen pareteta ura lainoztu. Hogei minutuz mantendu, eta denbora hau pasatzean, ura atera, eta labearen tenperatura 200º-ra jeitsi, eta beste 20-30 minutuz utzi. Labetik atera, eta parrilla baten gainean utzi hozten.

Ogia laberatzean etxe osoan zabaltzen den usaina lurrinik onena da. Ogi xigortu moduan, gurin pixkatekin gosaltzeko ezinhobea!

Advertisements

7 Iruzkin

Iduk idatzia atalean

Gurin xigortudun ogitxoak

Errezeta hau Xavier Barriga-ren “PAN” liburutik atera dut. Liburua erosi berri dut, eta egia esan, azalpen aldetik oso gustokoa ez dudan arren ,  dituen errezetak gustatu zaizkit.

Ogitxo hauek, gosaritarako prestatu nituen, gurina daramatenez, aproposak iruditu zitzaizkidan. Ez dira gozoegiak, eta gurin zaporea ere bere puntuan dute, beraz edozein unetan  jateko primerakoak dira, baita bazkaritan edo afaritan ere. Nik liburuko pausuak jarraitu nituen, baina gutxitxo harrotu ziren , tenperatura ez zen baxuegia hartziduran, baina halere denbora gehiago utzi banituen hobe.

Osagaiak;

.- 500 gr ogigintzarako galirin (indar irina )

.- 280 ml ur

.- 30 gr gurin

.- 15 gr legami prentsatu

.- 15 gr azukre (gozoak nahi badituzue, gehiago jarri)

.- 10 gr gatz

.- 10 gr esne hauts

Gurina ontzi batean jarri, eta xigortu, kolorea illundu arte, ondoren hozten utzi erabili aurretik.

Irina, ura, azukrea, gatza, esne hautsa eta legamia birrinduta nahasi,  ondoren gurin xigortua gehitu. Dena ondo nahasi, eta oratu, ore leun bat lortu arte. Orea banatu  ogiei eman nahi zaien tamainuaren arabera, ( nik 10 ogitxo egin nituen ) eta bolatxoak egin bakoitzarekin. Igotzen utzi orduerdi inguruz, nik hala egin nuen, baina hurrena denbora gehiagoz utzita egingo dut froga.

Denbora hau pasata, ogitxoei forma eman behar diegu. Gainazalean irin apur bat bota, bolatxoa bertan jarri, eta pixkat zapaldu. Orea ertzetatik barrurantz biltzen joan, paketetxo bat egingo bagenu bezala tolesdurak sortuz, ertzak orean barrurantza sartuaz. Azken ertza biltzean, behatzarekin barrurantz bultzatu. Sukaldeko zapi irineztatu batean, edota irineztaturiko ontzi batean, ogitxo hauek jarri, tolesdurak beherantza dituztela. Utzi igotzen, tamaina ia bikoiztu arte, 45-60 minutuz.

Labea piztu 220 º tan, eta bertan ontzi bat jarri ur pixka batekin, lurruna sortu dezan. Ogiak tamaina hartu dutenean, labeko plaka batean jarri, tolesdurak gora begira direla eta urez lainoztu ogien gaina. Labekatu 16-18 minutu inguru, gehiegi iluntzen utzi gabe.

Ikusten duzuenez itxuraz oso politak geratzen dira, zaporez ere oso onak.

On egin!

BERRI GARRANTSITSU BAT:

Ogi munduan zabiltzatenok beste blog-etan ikusita jada jakinaren gainean egongo zarete, gaur jarri dela martxan http://www.elforodelpan.com . Iban Yarza-ren proiektu hau, denbora luzez landu da beste ogizale askoren laguntzaz. Ilusio eta lan askoren emaitza, bertan aurkituko duzue, ogiaren munduko elkargune bat izateko asmotan sortua, eta denborarekin, eta denon laguntzaz, hazten joango dena. Denok animatu zaitezte sartu eta parte hartzera, denok dugu asko ikasteko lanabes honatik. Zorionak lanean parte hartu duzuen guztioi.

15 Iruzkin

Iduk idatzia atalean

irinak eta elurra

Asteburu honetan zegoen eguraldia dela eta, ama orea mima mima eginda prest nuen larunbatean,, elurra zela eta, baserrira ogia iritsiko ez ote zitzaigun pentsatuta. Lanetik etxerakoan, dena prestatzen hasi nintzen, eta ogia labera sartzearekin batera, larunbat iluntzean, elurra mara mara hasi zen, lodi lodi, dena zurituz. Asmatu dut! pentsatu nuen, bihar ez zaigu ogirik faltako! Elurraren ondorioz, argindarraren joan etorria izan genuen, baina lortu nuen ogi hauek labetik onik ateratzea.

Goizean esnatu, dena zuri zuri, eta etxerako bidean, auto arrastorik ez. Ogia ez dute ekarri, pentsatu nuen, baina gure okina, fina izaki, oinez igo zen aldapan gora! Eta ogia eta egunkaria kanpoko mahai gainean aurkitu genituen. Ainss,,, agian majikoegia zen elurretan isolaturik geundela pentsatzea. Halere, paisaia hain polita zen, eta ogiak elurra zela eta egin nituenez, zuritasun hartan argazki batzuk atera nizkien.

Ogia egiteko irin ezberdinak nahastu nituen, gari irina, zekale irina eta espelta irina. Bietako bati mahaspasak eta intxaur zatiak gehitu nizkion.

ERREZETA (ogi bakoitzeko);

.- 300 gr gari irin zuria

.- 100 gr espelta irin zuria

.- 100 gr zekale irina erdi integrala

.- 200 gr ama orea

.- 280 gr ura

.- 12 gr gatza

.- Eztia goilarakadatxo bat

.- Mahaspasak eta intxaur zatiak

Osagai denak nahastu, mahaspasa eta intxaurrak izan ezik. Eskuz oratu nuen, bertinet teknika (edo antzeko zerbait) erabiliz. Orea bi zatitan oratu nuen, eta bukaeran hauetako bati mahaspasa eta intxaur zatiak gehitu nizkion. Tolesdura bat eman eta hiru orduz utzi nuen igotzen, ordubetean behin tolesdura berri bat eginez. Denbora hau pasata, batari borobil itxura eman, eta besteari luxexka, eta bannetoietan jarri nituen, beste ordu eta erdiz. Agian denbora gehiago utzi banituen hobe, baina berandutu egin zitzaidan, eta labera sartu nituen. Labea 200º-tara jarri nuen, eta haserako 20 minutuetan ura jarri nuen ontzi batean lurruna sortu zedin labean. Ondoren ontzi hau atera eta beste 25-30 minutu utzi. Azken 5 minutuak, labeko atea zertxobait irekita utzi nuen, azala kirriskatsuago geratu zedin. Kolorea nola hartzen ari diren arabera, azkenaldera labearen tenperatura 180º-tara jaisten dut, niri ogiak oso ilunak ez bait zaizkit gustatzen, baina hau beti labe bakoitzaren arabera da, denek ez bait dute berdin lan egiten.

Okina elurreta etorri arren, ez zen ogirik sobran geratu. Oso zapore ona zuten biek, eta intxaur ta mahaspasa-duna,, jaten hasi eta gelditu ezin denetakoa.

13 Iruzkin

Iduk idatzia atalean