Egilearen Fitxategiak: Olaia

Ogi-barrak

ogi-barrak

Gaurko ogiek barra itxura dute, dendetan ohikoenak direnak. Aspalditik nuen horrelako ogia egiteko gogoa, izan ere, normalean moldeko ogia edo ogi handiak (borobilak zein pixka bat luzexkak) egiten ditut, eta oso aproposak dira gero tostadak berauekin egiteko (nik normalean gosaltzeko soilik jaten dut ogia) baina noizean behin ogitarteko bat jatea ere gustoko dut, eta horretarako barra hauek aproposagoak dira, nire ustez.

Ama orez eginiko ogiak dira, batez ere gari irin zuria dutenak, baina erdi-osoko zekale irin pixka batekin, zapore gehiago izan dezaten. Ogia egiteko prozesua? Ama orearekin jarraitzen dugun prozesu arrunta da, azken zatia ezik, ogiari itxura emateko zatia.

mamia

Osagaiak (2 ogi-barra):

  • 400g indarreko gari irin zuri
  • 100g erdi-osoko zekale irin
  • 200g ama ore bizi-bizi
  • 280ml ur epel
  • 5g gatz
  • 10g azukre

Prozesua:

Osagai guztiak ondo nahastu goilara batekin eta eskuekin ondoren, dena guztiz nahastua egon arte. Ondoren, 30 minutuz horrelaxe utzi irinak ura xurga dezan (errazago landuko dugu, gutxiago itsatsiko delako eskuetara). Itxaron denbora pasa denean, ondo oratu (nahiago duzuen teknikaz) orea ondo egon arte (10 minutu inguru).

Olioz margoturio ontzi batean sartu eta film-arekin estali (lehortu ez dadin). Leku epelean laga 3:30 ordu inguruz (tamainaz bikoiztu behar da). Ondoren, orea 2 zatitan banatu (2 barra egiteko) eta bakoitzari bola itxura eman, gainazalean tentsioa sor dadin. Ondoren, luzatzen joan behar gera, barrak osatu arte. Hau nola egin behar den nik baino hobeto azaltzen duen bideo bat ikus dezakezue ondorengo loturan:

Barrak egiteko bideoa

Barrak eginak ditugunean, labeko ontzian paper begetala jarri, eta gainean ogi-barrak jarri. Film-arekin estali eta utzi 1:30 orduz berriz hazi daitezen. Labea 230ºC-tara berotu eta ura duen ontzi bat jarri azpikaldean lurruna sortzeko. Ogi-barrei taxu batzuk egin eta labera sartu. 20 minutuz egin 230ºC-tara labearen aldeetara ura lurrunduz, eta ondoren, 200ºC-tara amaitu beste 15 minutu inguruz. Labetik atera eta utzi ondo hozten.

OHARRA: Errezeta bera gazteleraz nire blogean duzue.
AVISO: Tenéis la misma receta en castellano en mi blog.

13 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Mitxoleta hazidun ogia

Gaur nire lehen posta sartuko dut gure blog berri honetan: mitxoleta haziekin apainduriko ogia. Ama orearekin egin dut, asteburua izanik denbora nahikoa izan dudalako pazientziaz hartu, eta behar duen denbora guztia uzteko.

Azkenaldian denbora gutxi pasatzen dut etxean, eta nire ogi-makinarekin egiten dut gosaltzeko moldeko ogia, baina hori beste post batean azalduko dizuet…

Espero det zuen gustokoa izatea ogitxo hau!

Osagaiak:

  • 200g ama ore
  • 350g gari irin zuri
  • 50g erdi osoko zekale irin
  • 100g osoko gari irin
  • 15g ezti
  • 5g gatz potolo
  • Mitxoleta haziak (apaintzeko)

Lehenik, ama orea bizi-bizi jarri dut, bezperan jaten emanda. Ama orea ondo esnaturik dagoenean, irinak ur epela, gatza eta eztia gehitu dizkiot, eta ondo nahastu dut (goilara batekin hasieran, eskuekin pringatuz ondoren). Nahastu ondoren, orduerditxo bat utzi dut, irinak ura xurga dezan.

Ordu erdia pasa denean, oratzen hasi naiz, noizean behin deskantso pixka bat emanez (bai ogiari, baita nere eskuei ere). Horrela, diotenez, gutxiago oratu beharra dago, deskantso horiek ondo joaten zaizkiolako. Oratzeko, 3 estilo erabili ditudala esango nuke: nere bertinet metodoaren bertsioa, Aitorren bertinet metodoaren lehen saiakera, eta oratze metodo tradizionala. Popurri bat egin dut, jeje. Ondo oratu ondoren, olio pixkatekin igurtzi, bol batean gorde eta film-arekin estali dut. 3:30 orduz utzi dut leku epelean.

Berez, orduan forma eman eta berriz igotzen utzi behar nion, baina kalkuluak atera eta beranduegi izango zenez (eta logurea nuen), hozkailuan gorde nuen. Hurrengo goizean, 30 minutu epeltzen utzi ondoren, pixkat boleatu, itxura luzexka eman, eta mitxoleta haziekin gainazala estali ondoren, bannetoiean gorde dut beste 1:15 ordu inguru igotzen uzteko.

Bitartean, labea berotzen joan naiz 230ºC-tara. Beroa egon denean, labeko bandejara pasa dut ogia, gainazala moztu dut, eta labean sartu dut ura duen ontzi batekin batera (lurruna izan dezan). Gainera, spray batekin 5 minuturo ur pixkat botatzen joan naiz. 20 minutu pasa direnean, ura atera dut, eta labea 200ºC-tara jeitsi dut. Beste 15 minutuz izan dut, eta best e 5 minutu labeko atea pixka bat irekirik. Ondoren, labetik ogia atera, eta hozten utzi dut.

5 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean