Artxiboa gaika: Irunek idatzia

Mari Domingirentzat briotxea

Nik uste pare bat urte pasatu direla Tebak briotxearen errezeta pasatu zidanetik.

Han zegoen, sukaldeko liburuen apalategian gordea.

Bere momentua itxoiten.

Eta momentua azkenean ailegatu zen, pasaden astean. Gabon hauetan gure etxean Olentzeroren laguntzaile lanak egin dituen norbaiti eskerrak emateko zerbait berezia egin nahi nuen eta briotxeaz oroitu nintzen.

Hauexek dira osagaiak:

– 500 gr. indar-irina

– 57 gr. azukre

– 10 gr. gatz

– 337 gr. arrautze (6 arrautzeren pisua, pil)

– 15 gr. legamia fresko

– 250 gr. gurin

Lan gehiena aurreko egunean egin behar da:

1.- Osagai guztiak (gurina izan ezik) nahastu eta oratu.  10 bat minutuz.

2.- Gurina gehitu eta oratu, oratu, oratu, oratu. Ore xuabe-xuabe eta distiratsua gelditu behar da. Oratzea briotxearen zatirik garrantzitsuena da, gero ondo igo dadin.

3.- Hozkailuan sartu.

Egunean bertan:

1.- Hozkailutik atera eta 30-60 minutu utzi giro-tenperatura hartu arte.

2.- Forma eman eta hartzitzen utzi, tamaina bikoiztu arte. Briotxe bakarra edo hainbat briotxe txiki egiten bada, denbora gehiago edo gutxiago izango da.

3.- Arrautzakin margotu eta 190ºtara dagoen labean sartu (haizagailuarekin hobe). 10 minututara zilar-papera jarri nion gainetik, eta 15 minutu gehiago izan nuen barruan. Halere, hurrengoan zertxobait gehixeago kontuko dudala iruditzen zait.

Nahiko harrotu zen arren, hozterakoan berriz ere pittat jeitsi egin zen, pentsatzen dut denbora gutxiegi egon zelako.

Milesker M., zure laguntza gabe norbait oparirik gabe gelditzeko zorian egon zelako.

13 Iruzkin

Irunek idatzia atalean

Ziape eta arto ogitxoak

 

Epa aspaldikoak!

Dagoeneko hilabete bat baino gehiago pasatu da Eguberriak izan direnetik eta oraindik ez nizuen erakutsia Gabon-gaueko afarirako prestatu nituen ogitxoak. Ains!

Egia erran, udaz geroztik ogi biodinamikoa egiteko legamia-ama berezi hori amaitu zitzaidanetik ez nuen ogirik egina (bai, badakit, ez dut barkamenik), baina Eguberrietara hurbiltzen ginen heinean nire ogi-sena berpizten joan zen: asteburu batez, legamia industrialaz ogi bat egin nuen, hurrengo asteburuan, ama-orea egiten hasi nintzen… eta azkenean, Gabon hauetan dozenatik gora ogi egin ditut (haziez, hazirik gabe, osoak, zuriak, hazi malteatua duen irinaz…) eta, noski, hau ere egin nuen (etxerako, lanerako, auzokoentzat, enkargu bat ere izan nuen eta dena!).

Erran dut ez nuela luzatzeko intentziorik?? Ze desastrea!

Beno ba, gauza da, Gabon-gaueko afarirako ziape (mostaza) eta arto ogitxo hauek egin nituela. Taloak egiteko arto-irin pittat banuen eta Dan Lepard-en “The art of handmade bread” liburuan kuxkuxeatzen topatu nituen. Eh! Nik ingelesezko bertsioa dut eta nire modu librean itzuli dut, beraz…

Osagaiak:

– 200 gr galirina

– 50 gr arto irina

– 3/4 goilakaradatxo bat gatz (3/4 goilakaradatxo??? txantxetan ari da Dan Lepard hau, nola demontre neurtzen da hau?? ba hori, nahi duzuen gatza bota)

– 1 goilakaradatxo ziape hauts. Nik hautsean ez dut, beraz, krema gisako hori bota nion.

– 100 gr ama-ore

-125 gr ur

– 3/4 goilakaradatxo legamia industriala. Noski, nik bezala, legami-hautsa baduzu, horren herena bota behar duzu, hau da, 1/4 goilakaradatxo bat. (3/4 goilakaradatxoaren 1/3a… no comment, noizpait Dan Lepard aurrez aurre baldin badut… goilakaradatxoen laurdenak, herenak eta erdiak neurtzen kontuko dut, hiru bat orduz…)

Beno, goilakaradatxoak neurtzen ez baduzue pazientzia guztia agortu (ze meritua!) ondoren, osagai idorrak eta likidoak nahastu behar dituzue bakoitza bere aldetik. Eta gero, dena gehitu eta pittat oratu.

10 minutuz utzi, 10 segundu oratu, 10 minutuz utzi, 10 segundu oratu, 10 minutuz utzi eta 10 segundu oratu. Aldi bakoitzean, oratzeko tokia eta bol-a arto olio goilarakada batekin igurtzi.

Ogi arrunt bat ere egin nuen aldi berean eta hemen ikus dezakezue ziapeak eta artoirinak ze kolorea ematen zion oreari:

Behin orea egina, ordubetez, toki epelean utzi.

Ordubetera, 60 gr. inguruko 8 bolatxo egin, irineztatutako erretilu batean jarri eta zapi batekin estali. Bertze 45 minutuz utzi.

Ziape hauts goilarakadatxo bat, bi goilakaradatxo ur eta olio goilarakada batekin nahastu.

Labea piztu eta 210º C-tara berotu.

Egurrezko goilara batez, bolatxo bakoitzaren erditik zanpatu, tarte fin-fina utzi arte. Kasu! Oso-oso fina izan behar du, bertzenaz labetik pasatu eta gero ez da nabarituko.

Tarte hori aurreko nahasketarekin pintatu eta berriz ere bolatxoaren bi aldeak bildu.

Bolatxo guztiak egin, labeko erretiluan jarri, uraz zipriztindu eta 20 minutuz labekatu. Gero, labea 190º C-tara jeitsi eta bertze 15-20 minutuz utzi.

On egin deizuela!

10 Iruzkin

Irunek idatzia atalean

Frogak, inprobisazioak eta ondorioak (Hainbat hazitako ogia)

Duela aste batzuk norbaitek 250 gramoko  olo (avena) hazi pakete bat eman zidan. Alea osorik zegoen, ez kopotan… eta nik honekin zer demontre egin dezaket orain? pentsatu nuen. Ogiren bat aurkitu behar nuen hau erabiltzeko…

Eta hauxe aurkitu nuen:

http://madridtienemiga.wordpress.com/2010/03/15/pan-multigranos/

Olo, ekilore, liho eta kalabaza haziak banituen etxean, eta gero garagarrekoak erosi nituen, zekale eta artobeltz haziak ez nituen eta agian erosi behar nituen, baina, haien ordez, olo kopurua bikoiztea eta sesamo haziak erabiltzea erabaki nuen. Zergatik garagarrekoak erosi nituen eta zekale eta artobeltzekoak ez? Erantzuna dakidanean errango dizuet, nire burmuinaren alde aleatorioa ulertzea zaila egiten zait niri ere…

Osagaien artean aipatzen ez badu ere, gero eztia botatzen diola erraten du Carmenek, beraz, nik bi goilarakada ezti bota nizkion (zergatik bi? hori ere misterio bat da niretzat).

Bertze aldaketa bat: berandu oroitu nintzenez, haziak 24 orduz trenpan egoteko partez, 12 bat ordu egon ziren (hau da, ama-orea prest nuenerako) eta orduan, 1. erabaki okerra hartu nuen: haziak guztik xukatu gabe botako ditut, orea denbora gehiago hartzitzen utziko dut eta horrela, haziek gehiegizko likido hori xurgatuko dute eta nire orea primeran egongo da labean sartzeko…

Norbaitek noizpait ideia bera izaten badu, jakin dezala ez dela batere zuzena: oreari haziak botatzerakoan oso likidoa gelditu zen eta ez zegoen ezta oratzerik… Beno, gauzak horrela, kristalezko bol batean sartu nuen egunean zehar zerbait okurrituko zitzaidanaren esperantzarekin.

Eta orduan, nire burmuinean batzutan gertatzen den gauza berezi bat gertatu zen: esperantza zeraman neurona, aspaldiko ideia bat zeraman bertze neurona batekin topatu zen eta… argia egin zen nire burmuinean! Zelarura joan, traste, kutxa eta abarrekin borrokan aritu eta azkenean aurkitu nuen (hautsez beteta, noski) bilatzen nengoena:

Niri bakarrik behar-beharrezkoak ditudan sukaldeko trasteak erostea gustatzen zait (eta halaere, inoiz erabili ez ditudanak ere baditut) eta “piedra de hornear” ikusten nuen aldiro ni nere lapiko hauetaz akordatzen nintzen, gaixoak abandonatuta daude indukziozko sukaldea jarri genuenetik.

Hartu, garbitu eta ore likido horrek hartzitzen 7 ordu inguru zeramanean labea 275ºtan berotu nuen (lapikoa barnean zegoela, noski), berotutakoan lapikoak atera, orea bota, mozketa egiten saiatu (ezinezkoa, sobera likido zegoen), tapa jarri, labean sartu eta tenperatura 240ºtara jeitsi nuen.

2. akatsa: Hasieran, bi lapikotan botatzea pentsatua banuen ere, azkenean, banatzeko oso zaila zegoenez batean bakarrik bota nuen.

5 minutura, tapa ireki eta urez zipriztindu nuen gainazala. Horrela egon zen 15 bat minutuz eta orduan tapa irekitzen saiatu nintzen, baina… sobera ore botata nuenez tapara kolatua zegoen (argggg!!!!). Laban batez lagunduta lortu nuen tapa kentzea eta hurrengo 30-35 minutuak tapa gabe egin zituen (uste dut tenperatura ere 200ºtara jeitsi nuela, egin ohi dudan bezala, baina ez nago ziur ze ogiak nahiko gordin itxura zuen oraindik).

(Barkatu, ez dudalako metodo batere zientifikoa, ez dut ezer apuntatzen, ez prestatzen, ez argazkirik hartzen, ez ezer, ai, ai!)

Denbora pasatu zenean, labea itzali nuen, baina ez nuen berehala lapikoa atera (bertze 5-10 minutu pasatuko zituen barruan?)

Ai, ogia lapikotik ateratzen saiatu nintzenean: azpitik kolatua zegoen eta ezin nuen atera!!!!!!!!

3. akatsa: lapikoan paper begetalik ez jarri izana!!! Hau bai izan zela benetan akatsa larri-larria, ogiaren azpiko parte lapikoaren ipurdian gelditu baitzen! Ogiaren itxura guztiz hondatu zidana!!!

Dena den, hau zen ogiaren itxura:

Eta hau mamia:

Superargazki mundialak bakarrik egiten dakidanez, ba ez da batere ondo ikusten argazkia, baina, erraten ahal dizuet erditik goiti egina zegoela eta erditik behiti gordina. Ordubete lehenago ogi arrunt bat egina nuen lapiko berarekin eta hori aski ondo atera zen (bai itxuraz, bai ondo egina, etab.), beraz, ziurta dezaket arazo hau ez zela lapikoarengatik sortu. Nik uste ore kantitateak eta likidotasunak izan ziren emaitza kaxkar honen errudunak.

Haziak oraindik soberan ditudanez, ba, seguraski ogi hau berriz errepikatuko dut, baina likidoekin kontu handi izanez eta lapikoa erabiltzen badut ore kopuru gutxirekin izan beharko du (ah!, eta paper begetala erabilita).

Izan untsa,

2 Iruzkin

Irunek idatzia, Uncategorized atalean

Larunbateroko labekada

Aste tartean denbora gutxi dudanez, nik larunbatetan bakarrik egiten dut ogia.  Larunbat-igandetan. Beno, egia esan ortziral-larunbat-igandetan. Batzutan, ortzegun-ortziral-larunbat-igandetan ere izaten da. Horrela esanda, badirudi ogia egitea lan neketsua eta pisua dela, sukaldetik atera gabe kontzen zaituena. Egia izan daiteke, edo ez. Masa madrearekin lan egiteak abantail hori du: denbora zure erara baliatzen duzu, horretarako, eta labeari meritua kendu gabe, ogia astero-astero eta lana-familia-asia kontziliatzeko fundamentala den elektrogailua erabiliz: hozkailua.

Larunbatean 2-3 ogi egiten ditut: bat etxeko haurrentzat (gozoagoa, zuriagoa, etabar) asteko ogitartekoak egiteko eta astearen arabera bertze ogi bat edo bi etxeko helduontzat.

Ohiko asteburu bateko plana hau da: ogi bakoitzeko 200 gr. ama ore behar izaten ditut eta ogi kopuruaren arabera larunbat goizerako zenbat ama ore prest izan behar dudan kalkulatzen dut:

3 ogi * 200 gr. ama ore = 600 gr. ama ore

Ama orea hozkailuan sartua izaten dut, normalki 50 eta 100 gr. arteko kantitatean (aurreko asteburuan sobratutakoa, hain zuzen). Ama ore asko behar badut eta hozkailuan gutxi badut, orduan, ortzegun gauean hasten naiz, edo bestela, ortziral goizean edo bertzela ortziral gauean edo bertzela, oroitzen naizenean. Ze nahaste-borrastea, ez? Sarrera honetako argazkian agertzen diren ogientzat horrela egin nuen:

Ortzegun gauean hozkailuan nituen 40 g. ama ore atera eta 40 gr. ur eta 40 gr. irin gehitu nizkion. 40 + 40 + 40 = 120 gr. ore nituen

Ortziral goizean, 120 ore + 120 gr. ur + 120 gr. irin nahastu behar nituen, baina, orduan, larunbat goizerako ore gehiegi izango nuelakoan 120 ore + 80 gr. ur + 80 gr. irin bota nuen. Beraz, 280 gr ore nituen.

Ortziral gauean, 280 + 100 + 100 botatzeko intentzioa nuen, baina… kontzertu batera joan eta bueltan ez nintzen oroitu ere egin nire ogi-proiektuaz.

Goizeko 7tan esnatu eta ai, ama! nire ogiaz oroitu nintzen: 600 gr. behar nituen eta 280 gr. bakarrik nituen. Zer egin nuen? 280 gr. oreri 200 gr. irin + 200 gr. ur gehitu nuen, irabiatu eta halehop! berriz ohera sartu nintzen.

Goizeko 11etarako 680 gr. ama oreak gutxigora behera itxura hau zuen:

Eta ze itxura demontre da hori? Esango duzue zuetako batzuk. Ba, bai arrazoia duzue: ze argazki kaxkarra!! Dena den, burbuilatxo horiek ikus ditzakezue? Irakiten egongo balitz bezala dirudienean eta bere bolumena bikoizten duenean ama orea prest dago ogia egiten hasteko.

Orokorrean, nik ogi errezeta-base bera erabiltzen dut: 500 gr. irin, 200 gr. ama ore, 280-300 gr. ur eta 10 gr. gatz.

Hiru ogi egin nituenez: 3 ogi * 200 gr. ama ore = 600 gr. ama ore

Bertze 80 gr. ama orea kristalezko pote batean sartu eta hozkailuan sartu nuen, hurrengo astebururako.

Irinak galirin txuria, galirin osoa eta zekalea nahasten ditut (helduentzat oso eta zekaletik gehiago, haurrentzat bada txuria gehiena) eta uraren ordez, opil antzekoa egin nahi izatekotan esnea erabiltzen dut (eta orduan, azukrea gehitu). Eta gehinetan zerbaiten zatitxoak ere sartzen ditut: pipak, kalabaza haziak, intxaurrak, mahaspasak (ogia gazia bada), amapola haziak, anis berde pikorrak (ogia goxoa bada).

Prozesua beti beretsua: nahastu, ordu erdi egonean utzi, amasatu (hau da, sukalde-mahaiaren kontra kolpatu), 3-4 orduz utzi, forma eman, bertze 3 orduz utzi (ez dut bannetoirik, beraz, irudimena erabili behar izaten dut ogiak nonbaiten uzteko) eta azkenik, 50 minutuz labean kontu (hasierako 15 minutuak 240ºtara eta bertze 35ak 200ºra).

Hau teoria da, praktikan, bazkaria prestatu behar dela, zerbait garbitu/txukundu behar dela, haurrak dantzetara eraman behar direla, nonbaitera atera behar garela, norbaitekin gelditu garela…: azkenean, fase bakoitza asko luzatzen zait eta normalki, ogiak 2. erreposoa hozkailuan pasatzen du. Igandetan, batzutan hozkailutik atera eta berehala labera sartzen dut eta bertze batzuetan, atera eta ordu t’erdiz kanpoan uzten dut hotza galdu dezan.

Uste dut oraindik ez dudala asteburu batean egiteko modua errepikatu, agian ogiak ez dira perfektuak aterako (nahiz eta teknika gero eta hobea dudan, edo hala uste dut), baina oso-oso zaporetsuak dira (ama oreak ikaragarrizko zaporea ematen dio), nik astean zehar etxean nire eskuez egindako ogia jaten dut eta asteburuetako eguneroko lana/bizitzarekin bateratu dezaket. Legamia artifizialak epe laburragoak baditu ere, hauek zorrotz-zorrotz jarraitu behar dira sobrefermentazioa gertatu ez dadin. Beraz, niretzat, ama orea perfektua (edo ia perfektua) da.

Hurrengo batera arte.

18 Iruzkin

Irunek idatzia atalean