Artxiboa gaika: Olaiak idatzia

Santo Tomas ogia

Santo Tomas eguna dela eta, txorixoz beteriko opil bat egin dut nire mutilaren eskaeraz. Gainera, ogi osoa jarraian egiteko astirik ez nuenez, lehen hartzidura hozkailuan egin nuen, egun batetik bestera utziz.


Osagaiak:

  • 250g gari irin zuri
  • 140ml ur
  • Gatz pixka bat
  • 3g legami fresko
  • Txorixo bat

Lehenik eta behin, irina, ura, legamia eta gatza nahastu nituen koilara batez lehenik, eta eskuz, ondoren. 10 minutu horrelaxe utzi ondoren, ondo oratu nuen dena, eskuz, orea lixo-lixo eta ‘membrana proba’ pasa zuen arte. Orduan, olioztaturiko ontzi batean sartu, plastiko batez estali (ez lehortzeko) eta hozkailuan sartu nuen hurrengo egunerarte.

Hozkailutik ateratakoan, desgasifikatu, opil itxura eman eta 5 minutuz lasaitzen utzi nuen. Ondoren, forma luzexka eman eta barruan txorixoa sartu nuen. Ondoren, orearen gainazalari tentsioa eman nion eta opila prest utzi nuen. Bitartean, labea berotzen jarri nuen 230ºC-tara. 45 minutu igaro ondoren, orea berriz igota zegoen, eta labea beroa zenez, laberatu egin nuen. Lehen 20 minutuak 230ºC-tara ur-lurrunarekin, eta beste 25 minutu 200ºC-tara eta urik gabe.

 

OHARRA: Errezeta hau hemen topa dezakezue gazteleraz.

AVISO: Podéis encontrar esta receta en castellano aquí.

Advertisements

4 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Bagels-ak

Udara honetan Holandan egon naiz oporretan, eta bertan, Bagels-ak probatu nituen. Etxera bueltan, Peter Reinhart-en El aprendiz de Panadero liburuan bagels-en errezeta bat zegoela gogoratu nuen, eta prestatzea otu zitzaidan. Pare bat eguneko prozesua da, baina ez da batere zaila.

1. eguna:

Hasteko esponja bat egin behar da.

Esponjaren Osagaiak (liburuko errezetaren erdia egin nuen):

  • 5g legami fresko
  • 250g indarreko gari-irin
  • 280ml ur

Osagai guztiak ondo nahastu. Ore likido potol bat geratuko da. Film-arekin estali, eta 2 ordu inguruz utzi leku epelean. Tamaina bikoiztu eta burbuilaz bete behar da.

Orearen Osagaiak:

  • 4g legami fresko
  • 240g indarreko gari-irin
  • 10g gatz
  • 7g ezti
  • Aurrez prestaturiko esponja

Osagai guztiak nahastu eta ondo oratu. Orea nahiko gogorra izango da, baina ezta ere gehiegi. Erabiltzen duzuen irinaren arabera ur kopurua alda egin daiteke, betiko moduan. Oratua dagoenean orea 6 zati berdinetan (edo gehiago, bagel txikiagoak egin nahi badituzue) banatu, eta bakoitzari bola itxura eman. Trapu busti batekin estali eta 20 minutuz utzi leku epelean.

Ondoren, bandeja pare batean labeko papera jarri, olioz margotu, eta bertan jartzen joan bagels-ak itxura eman ondoren. Roskila itxura eman behar zaie, nahiko zabaldu, hazterakoan elkartu ez daitezen. Amaituak daudenean, gainetik olio pixkatekin margotu eta film-arekin estali. Utzi 20 minutuz kanpoan, eta ondoren nahiko haziak daudela konprobatu ondoren, hozkailuan gorde hurrengo egunerartesa. Nahiko haziak daudela probatzeko, ore zati bat ur basokada batera bota, eta 10 segunduz flotatzen baldin badu, ondo dagoela esan nahiko du. Bestela, proba hau pasa arte utzi denbora gehiagoz kanpoan.

2. eguna:

Amaitzeko Osagaiak:

  • Ura
  • Bikarbonato pixka bat
  • Apaintzeko osagaiak: haziak, gatza, azukrea…

Bagels-ak hozkailutik atera. Bitartean, kazuela zabal eta handi batean ura eta bikarbonato pittin bat jarri, eta sutan jarri irakiten hasi bitartean. Irakiten hasten denean bagels-ak pixkanaka sartu uretan (kazuelaren tamainaren arabera, sartzen diren kopurua jarri). Alde bakoitzetik minutu 1 egosi, eta ondoren, labeko ontzian jarri berriz. Uretatik atera bezain laster nahi dezutenarekin apaindu (haziak, arto-irina, azukrea, gatza…).

Bagels guztiak egosiak daudenean, laberatu egin behar dira. Horretarako, labea 250ºC-tara berotua egon behar da. 5 minutuz egin labean 250ºC-tara, ondoren, buelta erdia eman bandejari eta 230ºC-tara beste 5 minutuz egin. Eginak daudeanean, rejila batean utzi hozten.

 

OHARRA/NOTA: Errezeta hau gazteleraz hemen. Esta receta en castellano aquí.

4 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Tipula eta mahatspasa ogia

Ogi hau, urte zahar gauean foie-rekin jateko egin nuen. Berez, sagar zatiak ere jarri nahi nizkion, baina etxean sagar gabe nengoenez, horrelaxe egin nuen. Gero, jateko, fin-fin moztu eta labeko gratinadorearekin egin genituen, gorrituak egon arte.

Osagaiak:

  • 500g gari irin zuri
  • 200g ama ore
  • 295ml ur epel
  • Gatz goilarakadatxo bat
  • 2 goilarakadatxo azukre
  • Tipula erdia, mugurdi ozpina, azukre goilarakada bat, olioa eta gatza
  • Mahats-pasa eskukada bat

Hasteko, ama orea prest zegoenean, irina, ama orea, ura, gatza eta azukrea nahastu nituen goilara batez. 30 minutu horrelaxe utzi ondoren, oso ondo oratu nuen. Olioztatutako ontzi batean sartu nuen, eta film-arekin estali ondoren, leku epel batean utzi nuen igo zedin.

Bitartean, tipula karamelizatua prestatu nuen. Horretarako, tipula juliana finean moztu nuen, eta olio tanta eta gatz pixka batekin zartagin batean egin nuen biguna egon arte. Ondoren, azukre goilarakada bat gehitu, sua igo eta azukre guztia deseginda zegoenean, ozpin txorrot bat bota eta guztiz lehortua egon arte egin nuen. Gainera, pasak ur edalontzi batean sartu nituen, pixka bat biguntzeko.

Ogi orea egin eta ordubetera, lehen tolesturarekin batera, tipula eta pasak gehitu nizkion, ore guztitik sakabanatu. Ondoren, beste 2 tolestura egin nizkion. Guztira 3 orduz eduki nuen orea lehen fermentazioa egiten.

Ondoren, boleatu eta forma luzexka eman nion. Bannetoiean sartu, eta beste ordu t’erdiz utzi nuen leku epelean. Azkenik, labea 250ºC-tara berotu, eta bertan egin nuen ogia 20 minutuz ura zipriztinduz, eta ondoren, 200ºC-tara beste 30 minutuz.

Hozten utzi, eta jan!

NOTA: Podéis leer la misma receta en castellano en mi blog

8 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Calzonne pizza

Etxean pizza ia astero egiten dugu, hozkailuan ditugun soberakinak aprobetxatzeko (eta bide batez, afari goxo bat egiteko…). Baina orain arte ez nintzen inoiz ausartu calzonne-a egiten. Eta egia esan, ez da zaila. Pizza baina pixka bat zailagoa da, baina batez ere ixterako orduan orea fina eta biguna denez apurtu egin daitekeelako.

Calzonne barrutik

Osagaiak (2-3 pertsona):

  • 200 g gari irin zuri (Rincon del Segurakoa)
  • 130 ml ur epel
  • 4g legami fresko
  • Gatz pixka bat
  • 2 koilarakada oliba olio
  • Albahaka lehor pixka bat
  • Miltxoleta hazi batzuk (apaintzeko)
  • Pizzarentzako osagaiak: tomate saltsa, barazkiak, arrautza pare bat, laktosa gabeko gazta…

calzonne hasieran

Lehenik eta behin, orea prestatu behar da. Horretarako irina, ura, legamia, gatza, oliba olioa eta albahaka nahastu. Hasieran goilara batekin nahastu, 10 minutuz utzi, eta ondoren, ondo oratu 10 minutu inguruz. Leku epelean utzi 1’5 orduz, tamaina bikoiztu arte.

calzonne mitxoleta

Ondoren, orea igoa dagoenean, irina jarri mahai gainean eta orea zabaldu calzonnearen amaierako tamainaren bikoitza izan arte (gero tolestu egingo dugulako orea). Zabaldua dagoenean, osagaiekin bete orearen erdia, izkinak zikindu gabe (hobeto itsasteko gero). Azkenik, osagairik gabe dagoen ore zatia, beste orearen gainean jarri, tolestuz, eta izkinak ondo itxi. Nik urarekin gainazala busti eta mitxoleta haziak jarri nizkion, apaintzeko.

calzonne amaitua

Labea 250g-tara berotu, eta bertan sartu pizza. Labean egin gainazala gorritua dagoela ikusi arte. Atera, eta jateko prest dago! Hori bai, kontuz ibili, itxia dagoenez oso beroa egongo baita barrukoa (tomatea, gazta…).
OHARRA: Post hau gazteleraz hemen irakur dezakezue

AVISO: Podéis leer este post en castellano aquí

11 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Eguneroko ogiaren errezeta hobetua

Aitor (nire bikotea) da azkenaldian gure etxeko okin berria, eta gaurko errezeta bere esperimentu bat da, eta oso emaitz oneko esperimentua gainera. Kriston goxoa geratu zen, eta mamia normalean baino suabeagoa (nik uste esnearengatik) zegoen. Berak etxean dugun ogi-makinan oratu zuen, baina eskuz berdin-berdin egin daiteke, metodo tradizionalarekin oratuz. Nik ogi-makinari ikusten diodan abantaila nagusiena, orea tenperatura egokian mantentzen duela da, eta lehen fermentazioa egiteko oso ondo etortzen zaio ogiari.

Osagaiak:

  • 240g ur
  • 90g esne (laktosa gabea gure kasuan)
  • 220g burbuiladun ama ore
  • 555g irin:
    • 355g gari irin zuri
    • 100g erdi-osoko zekale irin
    • 100g erdi-osoko gari irin
  • 3g gatz
  • 3g soja lezitina
  • 5g sesamo hazi
  • 3g mitxoleta hazi
  • 1,5g azahar-ur
  • 3g oliba olio

Osagai guztiak nahastu, ondo oratu eta 2,5 orduz utzi olioz bustirik ontzi batean igotzen tenperatura epelean. Ondoren, boleatu eta nahi duzuen itxura eman (gure kasuan pixka bat luzexka) eta bannetoiean utzi beste ordu t´erdiz. Nahi izanez gero, hozgailuaren laguntzaz bigarren fermentazio hau luzatu daiteke.

Labea 250ºC-tara berotu, eta guztiz beroa dagoenean, ura duen ontzi bat sartu (lurruna egiteko) eta ogiaren gainazala moztu ondoren, labera sartu eta 5 minuturo lurruna bota labe barrura 25 minutuz. Ondoren, labearen tenperatura 220ºC-tara jeitsi eta beste 35 minutu inguruz egin ura duen ontzia labetik atera ondoren. Labetik ateratzerakoan ondo hozten utzi jan aurretik.

OHARRA: Errezeta hau gazteleraz hemen topatu dezakezue.

NOTA: Podéis ver esta receta en castellano aquí.

9 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Ciabattak

Agian jakingo duzuenez, martxoan Ibanek “Masas y Métodos” ogi-ikastaro bat eman zuen Donostian, Sukal-Lekun, eta ni bertan egon nintzen. Oso ikastaro interesgarria izan zen, eta ciabattak, focacciak eta pare bat zekale ogi egin genituen. Ni ciabatta eta focaccietaz maitemindua atera nintzen, ze egiteko zailagoak zirela uste nuenez, inoiz egitera ausartu gabe nengoen, baina ikastaroan egon ondoren, hurrengo astean biak prestatu nituen. Gaur ciabatta nola egin azalduko dizuet, eta beste batean focaccia-taz hitz egingo dizuet.

Osagaiak (2 ciabatta handi)

  • 192g biga (120g irin, 72g ur, 1,4g legami fresko)
  • 480g irin (nik 400g gari zuri + 80g gari erdi-osoko erabili nituen)
  • 366ml ur epel
  • 12g gatz
  • 7g legami fresko

Bezperan, biga bat egin behar da. Hau da, aurrefermentu bat egin behar da, ogia hobea izateko. Horretarako, irina, ura eta legamia nahasten dira, eta ontzi batean utzi film-arekin estalia hurrengo egunerarte. Nik hozgailuan 24 orduz izan nuen, baina kanpoan uzten baduzue, ba denbora gutxiagoan prest egongo da.

Hurrengo egunean, gainontzeko irina, ura (kopurua ez da zehatza, irinaren arabera alda daiteke)gatza, legamia eta aurreko egunean prestaturiko biga (zatitua, hobeto nahasteko) nahastu egin behar dira. Minutu batzuk utzi irinak ura xurgatzeko, eta ondoren, Bertinet teknikarekin oratu behar da (nahiko ore likido eta itsaskorra delako) 5-10 minutuz.

Ondoren, 3tan tolestu behar da eta ordu erdiz utzi. Beste behin tolestu eta 2 ordu inguruz utzi (dagoen tenperaturaren arabera). Laban zorrotz batekin bitan moztu orea, eta beste 1-2 orduz utzi. Labea topera berotu (250ºC inguru) eta beroa dagoenean, labera sartu eta momentutxo batean egingo dira (10-15 minutu, tenperaturaren arabera). Labean nola igotzen eta gorritzen diren ikusiko duzue.

NOTA: Podéis ver esta misma receta en castellano en mi blog

12 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Hanburgesa ogia

Hanburgesa ogiaGure etxean azkenaldian gero eta gauza gehiago egiten ditugu, erosi ordez, guk geuk egiten dugu ahal dugun guztia. Agian lan gehiago izango da, baina neri konpentsatzen dit, izan ere, zuk eginiko gauzak oso gustora jaten dira, eta gainera, horrela ez naiz kezkatu behar laktosarik duen jakiteaz.

Gaurko hau hanburgesak jateko ogiak dira. Petit boulangerie blogetik atera nuen errezeta eta esne zein gurinak laktosa gabekoez aldatzeaz gain, gainontzeko errezeta guztiz jarraitu nuen. Oso goxoak geratu ziren. Hori bai, errezeta ogi-makinan egitekoa da (nik dudan makinan gainera), baina eskuz berdin-berdin egin daiteke, makinak oratu ordez, guk geuk oratuz.
Osagaiak:

  • 550g indarreko gari irin
  • 240ml laktosa gabeko esne
  • 120ml ur
  • 60g margarina urtu
  • Irabiaturiko arrautza 1
  • 30g azukre
  • 5g gatz
  • Ogi-legami pakete 1
  • Sesamo haziak

Makina izanez gero, osagai guztiak bertan jarri eta oratzeko aukera jarri. Bestela, eskuz oratu eta ordubete inguru utzi leku epelean, tamaina bikoiztu dezan. Ondoren, orea 8 zati egin, eta zati horietako bakoitzari bola itxura eman. Ondoren, labeko bandejan jarri, eta pixka bat zapaldu (gero igo egingo dira). Ordu erdiz utzi, berriz igo daitezen. Urarekin gainazala margotu eta sesamo haziez apaindu. Labean egin 210ºC-tara 15 minutu inguruz (azpikaldean ura jarriz, lurruna egoteko), eta beste 5-10 minutu 180ºC-tara, eginak daudela ikusi arte. Eginak daudenean labetik atera eta rejila batean utzi hozten.

AVISO: Puedes ver esta misma receta en castellano en mi blog

11 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean