Artxiboa laburpen hitzeka: gozoa

Hokkaidoko esne ogia

Aupa guztioi!!

Gaur, Ibanek tailer baten emandako errezeta gozo hau dakarkizuet. Hokkaido, Japoniako bigarren irla haundiena da. Interneten bilatu dut eta, Hokkaidoko esnekiak oso famatuak omen dira. Hokkaido irlan, bertako behiek, belardi ezin hobeak eta freskoak jaten dituzte, eta noski, esnekiak primerakoak dira. Ogi hau, okin amateurrentzat ez da batere zaila. Oratzea, tradizional erara egiten da.

OSAGAIAK:

  • Ogia egiteko irina, 400 gramo
  • Esnegaina, 75 gramo
  • Azukrea, 55 gramo
  • Gatza, 7 gramo
  • Esnea, 155 gramo
  • Arrautza ertain 1 (ez da haundia izan behar)
  • Legami freskoa, 12 gramo (edo 3-4 gramo legami lehorra)

EGITEKO ERA:

  1. Osagai guztiak bol baten ondo nahastu (egurrezko koilara lagungarria izaten da). Gero, boletik atara eta 10-15 minutu oratu tradizional erara. Hasieran zaila badirudi ere, pittin bat praktikatuz gero, ikusiko duzue orea leuntzen hasten dela. Hasieran, orea itsaskorra da baina, gero eta suabeago bihurtzen da. Pazientzia izan
  2. Sartu berriro olioz igurtzitako bolean (bol-a garbitu eta gero), estali plastikozko filmarekin. Utzi ezazue 60-90 minutu giro epelean, lehenengo hartzidura egiteko.
  3. Atara orea, gasgabetu kolpe batzuk beldur barik emanez. Orain, oreari forma ematen zaio. Demagun, 25 zentimetroko moldeko ogia aukeratu dugula. Orduan lauki forma eman arrabolaz (luzera 25 zentimetrokoa) eta biribildu. Moldea olioz igurtzi eta ore biribildua barrura sartu. Beste 60-90 minutu giro epelean utziko dugu bigarren hartzidura egiteko.                                                                                                                             Oharra.- Kasu honetan hor goian azaltzen diren  osagaien kantitateak bikoiztu egin nituen aluminiozko hiru molde (18,5 x 5,5 x 7,5 zm.) bete behar nituelako. Moldea 25 zentimetro izanez gero, goian azaltzen diren kantitate hoiek erabili baina, bolatxoak 180 gramokoak izan beharko lirateke.
  4. Aukera bat txokolatezale zaretenontzat: laukia zabaldu eta gero, txokolatezko krema (Nocilla edo Nutella izenekoak) zabaldu ertzeetara iritsi barik. Orduan orea biribildu eta moldean sartu. Beheko irudietan: Nik hiru moldeko ogi prestatu behar izan nituen. Nere lagunentzat ziren eta itxura berezia izatea nahi nuen. Orduantxe zera egin nuen; molde bakoitzean 4 biribiltxo sartu nituen. 12o gramoko lau bolatxo prestatu, luzatu, txokolatezko kremaz igurtzi eta borobildu. Gero, soberan zegoen bolatxoa erabiliz, euren izenen lehenengo hizkia formatu eta gainean ipini nien: P eta C; ematen du PC opila baina ez da ;))
  5. Labea berotu 180º gradutan. Moldeko ogia sartu eta labekatu 45 minutu gutxi gora behera. Denbora, orearen tamainuaren arabera doa. Molde txikiagoek denbora gitxiago beharko lukete.  Ez erretzeko, (nire labean gertatzen den moduan) ogia sartu eta 15 minutura aluminiozko paperarekin estali. Urrengo argazkian emaitza ikus dezakezue.

Atara labetik, hotzitu eta on egin dizuela!

14 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Albarikoke, almendra eta banila opiltxoak

Ez pentsa egiten ditudan ogi guztiak makinan egiten ditudala, ez… inoiz eskuz egitea gustoko dut, baina horretarako astia izan behar, eta asteburu honetan izan dugun eguraldi traketsarekin, zer dago ogia egitea baino hobea?

Aldez aurretik ogia egingo nuela ez nekienez nire ama orea edo legami naturala hozkailuan lo zegoen, beraz, legami freskoa erabili behar izan dut.

Nik hiru legami mota erabiltzen ditut, ama orea, aldez aurretik planifikatutako ogietan, legami freskoa bapatean ogia egingo dudala erabakitzen dudanean eta legami liofilizatua (sobretan datorrena) makina erabiltzen dudanean.

Baliteke baten batek legami hauek nolakoak diren ez jakitea, ba honelako itxura dute azkeneko biek:

Legami freskoa

 

Legami liofilizatua

Legami naturalaren itxura ikusteko itxaron beharko duzue, hau esnatzen dudan arte, bitartean hona hemen atzo meriendarako prestatutako opil gozoak:

OSAGAIAK:

  • 500 gr ogi hirina
  • 10 gr gatz
  • 300 gr ur
  • 10 gr legami freskoa
  • 50 gr almendra hirina
  • 50 gr albarikoke lehor
  • banila freskoaren barneko hautsa
  • almendra txikitua ala laminatua

ELABORAZIOA:

  1. Nahastu osagai guztiak albarikokeak eta almendrak izan ezik
  2. 30 min deskantsatzen utzi
  3. 12 min oratu
  4. oratzen amaitu aurretik albarikokeak gehitu
  5. 45 min fermentazioa egin, bowl batean sartu eta estali
  6. orea 50 grko bolatxotan zatitu
  7. spray batekin ureztatu eta almendra zatietatik pasatu
  8. labeko bandejan jarri eta estali
  9. ordu bateko fermentazioa egin
  10. laba aldez aurretik 250ºtan berotu eta ontzi bat beheko aldean jarri
  11. bandeja sartu eta sartu bezain pronto beheko ontzia irakiten dagoen urez bete
  12. laba 210ºra jaitsi

Errezeta hau Xabier Barrigaren “Pan hecho en casa y con el sabor de siempre” liburutik atera dut. Oso gozo zeuden, eta era ezberdinetan erabil daitezke. Atzo gauean lagunekin gazta, kanonigo, tomate eta mostaza saltsarekin jan nituen, eta gaur goizean gozaltzeko gurin pixka batekin. Bata zein bestea primerakoak izan dira, eta zistu bizian desagertu egin dira.

13 Iruzkin

Intxaurtsuk idatzia, Uncategorized atalean

Fruitu ogi gozoa

Zein zaila den ogia egitea!!! Hori izaten da gehienok pentsatzen duguna. Ez dakit zergatik, baina ogia egitea oso prozesu zaila dela uste du jende gehienak. Norbait ogia egiten imajinatzen dugunean indar handiz oratzen, izerditan blai eta urunez goitik behera imajinatzen dugu. Ogia egiten hasten zarenea, aurreko guzti hori desmitifikatu egiten da. Ogia egitea ez da hain zaila, praktikatu egin behar da prozesu berare menperatu ahal izateko.

Baina ogia egiteko astirik ez izatekotan edo gogorik ez izatekotan ere, badago etxean ogia egiteko beste era errazago bat: ogi makina erabiliz. Gaur egun gero eta ospetsuagoa da etxeko tresna hau, eta horregatik makinaz egindako ogia dakarkizuet gaur.

Ogi hau oso gozoa da, gosari zein meriendarako bikaina eta nik pepekitchen webgunetik atera nuen, nahiz eta hainbat aldaketa egin izan.

OSAGAIAK:

  • 125 cc esne
  • 1 yogur naturala
  • 1 arrautza
  • 30 gr gurin bigun
  • 2 koilarakada handi ezti
  • gatz pixka bat
  • 375 gr ogia egiteko galirina
  • 1 sobre banila azukre
  • 1 sobre legami lehorra (maizena)
  • 200 gr fruta lehor: albarikoke, ahabi eta mahats pasa

ELABORAZIOA:

  1. Osagaiak makinako ontzian jarri aurreko zerrendan agertzen diren orden berean.
  2. ogi gozo programa aukeratu
  3. 700 / 750 gr jarri
  4. aukeratu nahi den azalaren textura mota (nik oso txigortua)

Erraza ezta? Erosten den ogia baino hobea dela zin egiten dizuet!!!

12 Iruzkin

Intxaurtsuk idatzia atalean