Artxiboa laburpen hitzeka: Arrautzak

Karapaixo, Garipaua, Mokotza.

Duela 17 urte eta erdi,  langabezian momentu larriak pasatzen ari nintzela, Amaiaren senide bati esker, eraikuntzan hasi nintzen lanean. Arrasateko enpresa baten hain zuzen ere. Bi urte eta erdi egin nituen bertan eta ogi hau ezagutzeko aukera izan nuen. Ez da ogi ezaguna, ezta gutxiago ere.

Garai hartan, ostiralero, lagun kuadrila eskiatzera joaten ginen eta ogi hau behin baino gehiagotan gure afaria izan zen. Aretxabaletako baserri baten enkarguz, erosten nuen. Goxoa, redio!!! Guztiz ahaztuta neukan, baina duela 2-3 hilabete ez dakit nola, burura etorri zitzaidan eta hemen duzue.

Hasteko, ogi honek duen istorioa kontatuko dizuet eta ondoren, justu hemen sarrera honetan, duzuenaren *bitxikeri bat ere.

Euskal Herriko eskualde batzuetan, garizumako egunetan, ogi tipikoa duzue hau. Besoetakoari, ezkondu arte, oparitzeko ohitura dago. Hiru puntako ogizko opila da, eta ertz bakoitzean arrautza du; barruan ezkutatuta edo azalean berriz, txorizoa. Aspaldiko ohitura da: antzina, baserri askotan egiten zuten ogi hau. Nahiz eta aspaldikoa izan ez da galdu. Ume askok eta hain umeak ez direnak ere, jasotzen jarraitzen dute, ilusioa begietan. Gehienetan, hori bai, aita-ama pontekoek erosi egiten dute, ez egin. Garai batean badirudi, garizumako ostiraletan txorizorik ez zutela jartzen, baraua errespetatzeko.

Dirudienez, garapaio da jatorrizko izena; Debagoinean “karapaixo” deitzen diote, Elgetan “garipaua” eta Durangaldean “mokotza”.Aditu batzuen ustez, erromanizazio aurreko usadioa da, udaberriaren etorrera ospatzeko egiten zen: arrautzak bizitza berriaren ikur izango lirateke; ohitura kristautu ahala, “karapaixoa, garipaua, mokotza” garizumarekin lotu zuten.

Osagaiak:

  • Ogia egiteko galirin zuria 400 gr.
  • Espelta zuria 100 gr.
  • Ura 325 gr.
  • Legami freskoa 10 gr.
  • Gatza 12 gr.
  • Azukrea 5 gr.
  • 3 txorizo
  • 3 arrautz egosiak

Bol baten irinak, azukrea, gatza eta legamia nahasi. Ura gehitu eta ondo nahastu. Mahai gainera atera eta 10-12 minutu inguru oratu. Nik, frantsez (Bertinet) teknika erabili nuen. Olioz igurtzitako bol baten sartu eta plastikozko filmaz estali. Laga 90 minutu lehenengo hartzidura egiten. Ondoren, mahai gainera atera eta gasgabetu. Forma eman, arrautzak eta txorizoak ipini eta, landare-paperarekin estalitako labeko erretiluan jarri. Estali eta laga beste ordu bete inguru bigarren hartzidura egiten.

Laba, 225 gradutara aurreberotu. Beroa dagoenean orea sartu, tenperatura 200 gradutara jaitsi. Lehenengo 3 minututan labeko hormak spray batekin ureztatu. Ordu erdi inguruan eginda dago. Labetik atera eta parrila baten gainean hozten laga.

On egin!!!

* Eta orain bitxikeria.

Karapaixoa burura etorri zitzaidanetik, berari buruz sarrera bat ipintzeko asmoa nuen. Karapaixo hau duela hiru aste egin nuen, zergatik?

Ogia egiten hasi nintzenetik, ogia egiteaz gain, gehien gustatzen zaidana jendearekin egiten dituzun harremanak dira. Eta alde hortatik pertsona zoriontsua sentitzen naiz. Lagun asko ezagutu ditut, eta ezagutuko ditudanak, euretariko batzuekin blog hau sortu nuen baina, bat dut niretzat oso oso berezia dena, Teba. Ia egunero txateatzen dugu, eta egun baten horretan genbiltzala zera esan zidan:

  • Juansho (sarritan nire izena horrela idazten du), Frantzian antolatu duten lehiaketa baten, nirekin batera, parte hartuko zenuke?
  • Lehiaketa bateeen? keeeba
  • Zergatik ez?
  • Ez daukat gogorik  (oso baxu nengoen)
  • Benga, animatu zaitez “abuelito” (horrela ere deitzen nau lotsagabe horrek) 😉
  • Abeeer, zer daaa?

Eta zer zan azaldu zidan.

  • Bale, baina baldintza batekin.
  • Zein?
  • Ogia, hemengoa, Euskal Herrikoa izan behar dela.
  • Ados. Zein ogi?
  • Karapaixoa.  (beste aldean, ixiltasuna). Bapatean ….
  • Zu bai zarela karapaloooo (horrela, irakurtzen duzuen bezala bota zidan) Nire erreakzioa ….
  • Jajajaja ni, “por el puto suelo” barrezka, eta lotura bat bidali nion.

Ikusi bezain pronto, ados zegoela esan zidan, ikusgarria iruditu zitzaion. Ez zuela ezagutzen eta karapaloarena barkatzeko, jaja. Lasai, ez da batere ezaguna esan nion, ondoko eskualdetan egiten dute baina, nik Arrasatera lanera joan arte ez nekien existitzen zenik ere ez.

Egin, eta bidali genuen. Begiratu hemen. Ikusi duzue? ba, orain begiratu hemen. Laster, beste ogi liburu bat ingelesez, ainss!! Berrogei partaidetik bostgarrenak geratu ginen, ez dago gaizki ezta?

Zorionak eta muxu haundi bat, Teba.

Muxu bana.

32 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean