Artxiboa laburpen hitzeka: semola

Ama ore desberdina.

Ogiaren munduan hasi nintzenetik bisita dexente egin ditut. Errotak ikustera, okindegiak, proiektuak eta abar. Okin askori ama orea erabiltzen dutela entzun izan diet, baina beti, zalantzak izan ditut. Gabon garaian okindegi hoietariko bat bisitatzera joan ginan, bertan, oso garbi ikusi nuen eurek (gehienak) erabiltzen duten ama orea nolakoa den eta orduan probatzeko gogoa sartu zitzaidan.

Gaurko ogia sistema horrekin egindakoa da. Ez da lehenengo aldiz legamia erabiltzen dudala. Behin, ogi bat egin nuen eta Elgetan emandako ikastarorako froga batzuk ere. Ordutik erabili barik neukan lagatzen duen zaporea ez zaidalako gustatzen, eta hori, kantitate gutxi erabilita. Bainaaaa, gabonetatik (bisita ondoren) nire buruan zerbait amaitu barik izango banu bezala somatzen nuen. Pasa zen astian, froga bat egiteko legami freskoa erosi nuen eta hemen emaitza.

Osagaiak guztira:

  • “Los Pisones” irin txuri ekologikoa, 345 gr.
  • Semola irina, 255 gr.
  • Ura, 400 gr.
  • Gatza, 13 gr.
  • Legami freskoa, 2 gr.

Prozesuak ordu batzuk (dexente) behar ditu. Nik horrela egin nuen. Bezperan bol baten,  irin txuritik 200 gr. jarri nituen, ura beste hain beste, eta legamia. Nahastu, estali, eta 25-26ºtan bost ordu laga nuen bikoiztu arte. Ondoren, hozkailuan sartu eta hamabi ordu izan nuen. Ordu hoiek pasatu ondoren, hozkailutik atera, eta ordu eta erdi inguru giro-tenperaturan euki nuen.

Beste bol baten geratzen zitzaidana nahastu nuen, hau da, irin txuria 145 gr., semola irina 255 gr., ura 200 gr. eta gatza. Nahasketa horri, bezperan egindakoa gehitu nion. Mahai gainera atera eta 10 minutu inguru oratu nuen, beti atsedenaldiak emanez. Olioztatutako bol baten sartu eta 2 orduko hartzidura eman nion, atera, tolesdura antzeko bi edo hiru eman ondoren formatu eta banetoira sartu nuen. Beste ordubete eta erdiko hartzidura egin ondoren, aurrez berotutako (260º) labean sartu eta 50 minututan eginda zegoen. Lehenengo ordu laurdena 250-225º artean eta amaitu arte 225-190ºtara.

Emaitza, legamiarekin zuzenean egindakoa baino askoz gehiago gustatu zait, bainaaaa, duda barik, nire ama oreaz egindako ogiekin geratzen naiz. Zalantza barik sistema hau gehiagotan erabili dut, kriston *indarra duelako. Gehien bat ogi goxoak, roskoiak eta halakoak egiteko.

Begiratu Karapaixoak daraman legami kantitatea eta gaurkoak daramana, alde txiki bat badago ez?

Oharra.- Hozkailutik atera nuenean susto txiki bat izan nuen, zentimetro eta erdi jaitsita zegoen eta zalantzak izan nituen. Joe, igual denbora larregi izan dut pentsatu nuen, baina behin hasita, aurrera ez? eta hor dago emaitza, beraz, lasai egon.

Muxu bat.

Advertisements

8 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean