Artxiboa laburpen hitzeka: kalabaza

Kalabaza “empanadico”

Foro del Paneko Ceciliarena da errezeta. Hain atseginez denez, blogera igotzeko baimena eman dit. Kalabaza, duela gutxi bisitatu gintuen Roserren oparia da, argazkian ikusten den handia adinako bi alerekin agertu zitzaigun. Beraz, eskerrak bai Cecilia eta bai Roserri honako plater aparta gauzatzeko lehengai garrantzitsuenagatik.

Ezkerrekoa, Roserren oparia da.
Eskumakoa Potimarrón barietateko kalabaza da

Eta zegatik “enpanadico” delakoa? Behin, TV3 ikusten, duela bi uda, Hueskako herri bat, Tolva, agertu zen eta okindegiko obredore bat azaldu zen eta plateraren izen eta errezetarik eman ez zuten arren, carbassa coca bat sukaldatu zuten ( carbassa, kalabaza da katalaneraz). Handik garai batera “carbassa coca” bilatzeari ekin nion web orrietan, baina, bizkotxoak azaltzen zitzaizkidan soilik

Googleko irudietara jo nuen eta bapatean TV3an ikusitakoa ekarri zidan burura. Enpanadico bat zen, edo kalabaza enpanada erraldoi bat, Hueskako gozo tipikoa. Miatzen, azpian doan bideoa eskuratu nuen eta geroztik, Juantxok, Ceciliaren errezetarenenlazea pasatu zidan. Horrela, saskiko barazkiei beste erabilgarritasun bat eskaini diegu: postre osasuntsu, koipe saturatu eta kolesterolik gabekoa, esne eta arrautzarik gabe eta oso gozoa.

Orain, neuk gauzatutakoa azaltzen dizuet.

OSAGAIAK enpanadico handi bat egiteko.

Orea egiteko

  •  380gr Rincón de Segurako galirin txuria.
  •  230gr ura
  • 115gr Rincon del Segurako kainabera azukre beltxaran integrala.
  •  100gr oliba olio birjina.
  • koilarakadatxo bat anis berdea (espezia)
  • Laranja baten azala (Roserren oparia izan ziren laranjak ere)

BETETZEKO

  • 400gr Kalabaza, zuritua eta xaflatxoetan
  • 2 koilarakada azufre azukre koilarakadatxo bat kanela hautxarekin nahasia.
  • Pinazi eskukadatxo bat (20 bat gramo).
  • Pasa eskukadatxo bat (40 bat gramo).
  • Oliba olio birjina eta azukre beltzarana orea eta kalabaza  hautseztatzeko.
  • Tresna hauek: iragazki bat, egurrezko koilara, arrabola, labeko erretilua eta labekatzeko papera.

ELABORAZIOA

Bolean irina ipini eta gorde. Olioa, azukrea, anisa eta laranja azala irakitzen jartzen dugu. Hamar minututan irakiten utzi. Irina eta likidoa bat egin eta egurrezko koilaraz azkar nahasi. Ez sartu eskurik, kiskali egingo zinateke eta. Higitzen jarraitu tenperatura galdu arte eta beroa dagoen unean, baina erretzeke, mahaira atera eta ongi oratzen dugu. Ore biguna da eta ia-ia  ez da eskuetan itsasten. Orea bolean trapu batez estalita utzi 10 bat minutu. Labea berotzen dugu 180º. Boletik orea atera eta arrabolez tenkatzen dugu. Nik, labekatzeko paperaren gainen, bertan, tenkatu nuen, horrela, ez nuen behar izan irin estrarik. Behin tenkatua, gainaldea hautseztatzen zaio,(ertzak ez) azukrea eta kanelaz, ondoren, oliba olio txurrustatxo bat jarriz. Honen gainean, kalabaza jartzen dugu, honi ere, azukre eta kanela eta baita oliba olio. Azukrea eta olio norbere gustura. Beheko orea kalabazaren gainaldera tolestatzen dugu, enpanadila erraldoi bat egiteko bezala eta ertzak biltzen ditugu. Ertzak ebakitzen ditugu, pizza mozteko tresna edo laban batez. Ertza apur bat leuntzen dugu eta gorantza tolestatzen dugu. Bost zulotxo egiten dizkiogu gainaldeari (dadoetako 5 zenbakia bezala). Ebakinekin bi makarroi luze egin eta enpanadico gainean X gisa jartzen ditugu. 20 bat minutu sartzen dugu labean 180ºtara. Tenperatura 220ºtara igo eta minutu gutxi batzuk gehiago utzi urre kolorea har dezan. Adi, ez dadin erre. Parrila batera atera dut, azukre beltxaranaz hautseztatu eta gau oso utzi dut giro-tenperaturan. Gosaltzeko dastatu dut. Ze goxua! Dastatu dutenek oso gozoa dela diote eta zapore elkarketa txundigarria. Errepikatuko al dugu aste santuan? Agian, agian, agian…!

8 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Kalabaza ogia

Sarrera hau Doniene berri baserriko Mirian eta Nereari eskeintzea nahiko nieke. Eurek dira barazkia ekartzen digutenak eta ogi honek duen kalabaza eurena da.
Kontsumo kooperatiba bateko partaidea izanda eta laneko kide batzuk baserritarrak badira, ba azkenean normalena hozkailua barazkiz beteta eukitzea izaten da. Otarran denetik izaten dugu, dena goxoa, eta zerbait arraro samarra badago errezetak ta dena ematen dizkigute 🙂
Horraino ondo, baina jakina!!, norbait ez dakit zenbat kiloko kalabaza batekin badatorkizuuuu, zer egin? Ba ogi bat edo gehiago, noski!!!
Alemaniako blogetatik buelta bat eman eta honek atentzioa deitu zidan. Moldaketa txiki batzuk egin, ta aurrera!!

Osagaiak:

  • “Los Pisones” galirin txuri ekologikoa 375 gr. (100 gr. ama orean)
  • “Rincón del Segura” galirin integrala 75 gr.
  • “Rincón del Segura” zekale integrala 75 gr.
  • “Rincón del Segura” zekale txuria 75 gr.
  • Ura 425 gr. (100 gr. ama orean)
  • Ama orea 200 gr.
  • Gatza 12 gr.
  • Kalabaza (xerra fin eta estutan moztua) 275 gr.
  • Piperbeltz beltza ehotu berria (sei ehogailu-ukitu)
Kalabaza eta gatza ezik, beste osagai guztiak katilu baten ipini, ondo nahasi, estali eta 45 minutu laga. Gatza gehitu, mahai gainera atera ta 5 minutu inguru oratu. Oso oso itsaskorra denez, olioaren laguntza ez zaizue batere gaizki etorriko. Pixkanaka pixkanaka kalabaza gehitzen joan dena ondo integratu arte. Katilua olioztatu, orea bertan sartu eta estali. Lehenengo hartzidura 21ºtan hiru ordu eta erdikoa eman nion, denbora horretan lau tolesdura emanez.
Katilutik atera, kirtena egiteko 50 gramoko zati bat kendu eta boleatu. Hamar minutu pasa ondoren, zati biei forma eman eta *hozkailuan gorde. Haundia banetoi baten barruan eta txikia tuper txiki baten.
*Etxean nengoen, baina ore biguna zenez bigarren hartzidura hozkailuan ematea erabaki nuen.Zergatik? ba ogiari kalabaza edo antzeko forma ematea nahi nuelako. Hain biguna egonda, mozketak ematerakoan zabaldu egingo zan eta forma galdu egingo zuen. Hozkailuan hotzarekin orea tentetu egingo zela pentsatu nuen, eta asmatu nuela esan dezaket.
Lau ordu pasa ondoren hasita zegoela ikusi nuen, hatzamarrarekin ikutu eta tente zegoenez labea martxan jarri nuen. 250ºtara ailegatu zenean, orea eta kirtena labetik atera nituen.
Oreari mozketak eman, kirtena ondo pegatu eta barrura, baaaina … istripu txiki bat izan nuen. Labean sartzerakoan kirtenak goikaldean jo zuen eta jausi egin zan, mekatxisss!!!!!!!
Lurruna sortu, hamar minutu pasa ondoren ura atera, tenperatura 200ºtara jaitsi eta 50-55 minututan eginda.
Gaur goizean moztu dut eta hor mamiaren argazkia. Hezea dago eta kriston zaporea du, oso ona.
Hurrengoa, honen antzekoa egingo dut.
On egin!!!
Muxu bana.

4 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean