Foro del Paneko Ceciliarena da errezeta. Hain atseginez denez, blogera igotzeko baimena eman dit. Kalabaza, duela gutxi bisitatu gintuen Roserren oparia da, argazkian ikusten den handia adinako bi alerekin agertu zitzaigun. Beraz, eskerrak bai Cecilia eta bai Roserri honako plater aparta gauzatzeko lehengai garrantzitsuenagatik.
Eta zegatik “enpanadico” delakoa? Behin, TV3 ikusten, duela bi uda, Hueskako herri bat, Tolva, agertu zen eta okindegiko obredore bat azaldu zen eta plateraren izen eta errezetarik eman ez zuten arren, carbassa coca bat sukaldatu zuten ( carbassa, kalabaza da katalaneraz). Handik garai batera “carbassa coca” bilatzeari ekin nion web orrietan, baina, bizkotxoak azaltzen zitzaizkidan soilik
Googleko irudietara jo nuen eta bapatean TV3an ikusitakoa ekarri zidan burura. Enpanadico bat zen, edo kalabaza enpanada erraldoi bat, Hueskako gozo tipikoa. Miatzen, azpian doan bideoa eskuratu nuen eta geroztik, Juantxok, Ceciliaren errezetarenenlazea pasatu zidan. Horrela, saskiko barazkiei beste erabilgarritasun bat eskaini diegu: postre osasuntsu, koipe saturatu eta kolesterolik gabekoa, esne eta arrautzarik gabe eta oso gozoa.
Orain, neuk gauzatutakoa azaltzen dizuet.
OSAGAIAK enpanadico handi bat egiteko.
Orea egiteko
- 380gr Rincón de Segurako galirin txuria.
- 230gr ura
- 115gr Rincon del Segurako kainabera azukre beltxaran integrala.
- 100gr oliba olio birjina.
- koilarakadatxo bat anis berdea (espezia)
- Laranja baten azala (Roserren oparia izan ziren laranjak ere)
BETETZEKO
- 400gr Kalabaza, zuritua eta xaflatxoetan
- 2 koilarakada
azufreazukre koilarakadatxo bat kanela hautxarekin nahasia. - Pinazi eskukadatxo bat (20 bat gramo).
- Pasa eskukadatxo bat (40 bat gramo).
- Oliba olio birjina eta azukre beltzarana orea eta kalabaza hautseztatzeko.
- Tresna hauek: iragazki bat, egurrezko koilara, arrabola, labeko erretilua eta labekatzeko papera.
ELABORAZIOA
Bolean irina ipini eta gorde. Olioa, azukrea, anisa eta laranja azala irakitzen jartzen dugu. Hamar minututan irakiten utzi. Irina eta likidoa bat egin eta egurrezko koilaraz azkar nahasi. Ez sartu eskurik, kiskali egingo zinateke eta. Higitzen jarraitu tenperatura galdu arte eta beroa dagoen unean, baina erretzeke, mahaira atera eta ongi oratzen dugu. Ore biguna da eta ia-ia ez da eskuetan itsasten. Orea bolean trapu batez estalita utzi 10 bat minutu. Labea berotzen dugu 180º. Boletik orea atera eta arrabolez tenkatzen dugu. Nik, labekatzeko paperaren gainen, bertan, tenkatu nuen, horrela, ez nuen behar izan irin estrarik. Behin tenkatua, gainaldea hautseztatzen zaio,(ertzak ez) azukrea eta kanelaz, ondoren, oliba olio txurrustatxo bat jarriz. Honen gainean, kalabaza jartzen dugu, honi ere, azukre eta kanela eta baita oliba olio. Azukrea eta olio norbere gustura. Beheko orea kalabazaren gainaldera tolestatzen dugu, enpanadila erraldoi bat egiteko bezala eta ertzak biltzen ditugu. Ertzak ebakitzen ditugu, pizza mozteko tresna edo laban batez. Ertza apur bat leuntzen dugu eta gorantza tolestatzen dugu. Bost zulotxo egiten dizkiogu gainaldeari (dadoetako 5 zenbakia bezala). Ebakinekin bi makarroi luze egin eta enpanadico gainean X gisa jartzen ditugu. 20 bat minutu sartzen dugu labean 180ºtara. Tenperatura 220ºtara igo eta minutu gutxi batzuk gehiago utzi urre kolorea har dezan. Adi, ez dadin erre. Parrila batera atera dut, azukre beltxaranaz hautseztatu eta gau oso utzi dut giro-tenperaturan. Gosaltzeko dastatu dut. Ze goxua! Dastatu dutenek oso gozoa dela diote eta zapore elkarketa txundigarria. Errepikatuko al dugu aste santuan? Agian, agian, agian…!