Artxiboa laburpen hitzeka: ogia

Santo Tomas ogia

Santo Tomas eguna dela eta, txorixoz beteriko opil bat egin dut nire mutilaren eskaeraz. Gainera, ogi osoa jarraian egiteko astirik ez nuenez, lehen hartzidura hozkailuan egin nuen, egun batetik bestera utziz.


Osagaiak:

  • 250g gari irin zuri
  • 140ml ur
  • Gatz pixka bat
  • 3g legami fresko
  • Txorixo bat

Lehenik eta behin, irina, ura, legamia eta gatza nahastu nituen koilara batez lehenik, eta eskuz, ondoren. 10 minutu horrelaxe utzi ondoren, ondo oratu nuen dena, eskuz, orea lixo-lixo eta ‘membrana proba’ pasa zuen arte. Orduan, olioztaturiko ontzi batean sartu, plastiko batez estali (ez lehortzeko) eta hozkailuan sartu nuen hurrengo egunerarte.

Hozkailutik ateratakoan, desgasifikatu, opil itxura eman eta 5 minutuz lasaitzen utzi nuen. Ondoren, forma luzexka eman eta barruan txorixoa sartu nuen. Ondoren, orearen gainazalari tentsioa eman nion eta opila prest utzi nuen. Bitartean, labea berotzen jarri nuen 230ºC-tara. 45 minutu igaro ondoren, orea berriz igota zegoen, eta labea beroa zenez, laberatu egin nuen. Lehen 20 minutuak 230ºC-tara ur-lurrunarekin, eta beste 25 minutu 200ºC-tara eta urik gabe.

 

OHARRA: Errezeta hau hemen topa dezakezue gazteleraz.

AVISO: Podéis encontrar esta receta en castellano aquí.

4 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Gluten gabeko panini-ak

Ze gogorra den ikerlariaren bizitza!

Lan haundia izan eta tarteka estresa metatzeaz gain, momentu goxoak ere izaten ditugu. Une honetan “International Coeliac Disease Symposium” (Nazioarteko Gaixotasun Zeliako Sinposioa) ekitaldira gonbidatua nintzen, Oslon (Norvegian). 
Gainera, oso jende atseginarekin joan nintzen (hemendik agurtzen zaituztet). Eurekin momentu polit ta interesgarriak konpartitu nituen. Egia esan Norvegiatik pozarren itzuli nintzen, penaz, eta itzultzeko kriston gogoarekin. 

Zeliako gaixotasun monografiko nazioarteko ekitaldi baten imajina ezazue zenbat zientzia ikusteko aukera dagoen. Ikerkuntzako “pope”-ak ezagutzen dituzunean, aurpegia ta ahotsa ipintzen dizkiezu. Jende atseginarekin egiten duzu topo, ze moduz zauden galdetzen dizutenak, oso lagungarriak direnak, aholkatzen dizutenak. Sinestezina da. Eskandinavian gluten gabeko elikagaiak egiten dituzten enpresak ezagutzeko grina haundia ere neukan. 

Batzuek badakite zein zaila den gluten gabeko irinak erabiliz, ogia egitea. Aitortu behar dut behin saiatu nintzela, eta emaitza hain txarra izanda, zaramara bota nuela. Aurrerantzean, “gluten gabeko ogiak ta produktuak” izenarekin sarrera bat idazteko asmoa dudanez, irakurtzeko aukera izango duzue. Ogia egiteko aparte, beste gauza batzuetarako balio duen gluten gabeko osagai nahazketa perfektuaren bila jarraitzen dut. Nire ustez gluten gabeko produktuak eskuragarriak, elikagarriak, goxoak ta anitzak izan beharko lirateke. Eskatzekotan….

Halere, zeliako gaixoa daukaten familietan, elikagaietan duten aurrekontua hirukoiztu egiten omen da. Produktu hauek, nutrizio aldetik nolakoak izango ote diren nire zalantzak ditut; oso eszeptikoa bainaiz. Normalean, elikagai hauek almidoia (arto irinetik, arroza edota galirinetik, behin gluten kenduta), azukreak eta gantzak dute osagai nagusi. Gluten gabeko produktu askok bere ezaugarri nutrizional batzuk betetzen dituzte, kaloriak, proteina ta karbohidratoak, alegia. Baina, zer gertatzen da zuntzarekin, bitaminekin, gatzekin? Akaso gantz saturatu asko dute? Gluten dituzten elikagaiek baino kaloria gehiago ote dute? Erantzun zehatza izateko, galdera hauek, elikagaiak egiten dituztenei egin beharko genien.   

Normalen, produktuak frogatzera ez naute gonbidatzen, baina produktu honen berri nahi izan dudalako ematen dizuet, besterik gabe. Elin Cornell (beheko argazkian) ezagutu nuen Cornells Alternativ paradan eta, euren irin nahasketekin eginiko ogiak ta produktuak dastatzeko aukera izan nuen. Berbetan hasi ginen eta nik gustora frogatuko nuela komentatu nion ogiak, gofreak, pizzak, eta abar labekatzeko oso aukera ona iruditu zitzaidalako. Nire ustez, duen desabantaila bakarra bere prezioa da. Norvegian, dena, hemen baino garestiagoa izaten da: kafe batek 5 euro balio du, garagadoak 11, eta abar. Cornells irin nahasketak (750 gramoko paketea) 120 NOK balio du (15,5 € gutxi gora behera), garraio barik, eta kontuan hartu Norvegia Europar Batasunatik kanpo dagoela. Dena den, Elinarekin harremanetan jarri nahi izanez gero bere weborrialdean edota helbide elektroniko honetan egin ahal duzue. Cornells produktuak erosteko interneteko denda BonusHelse izenekoan lortu ahal dira. Zoritxarrez, bai Cornells weborrialdean bai BonusHelse interneteko dendan Norvegiarrez daude.
Elin Cornell (erdian dagoena)
Jonas Meek (ICDS 2011) argazkilariaren esker
Elini bere produktuak jakinaraziko nituzkeela egiaztatu nion berak zeliako gaixoen elikadura hobetzeko ikuspegiari oso egokia iruditzen zaidalako. Egia da bere ogiak zapalak direla baina ze goxo dauden. Ez ahaztu Elinena beste ikuspegi bat dela. NIk ekarritako irin nahazketa pakete urdinekoa zan, “Mel-og frøblanding” izenekoa, (itzulpen zuzena “irin osoko sendoa” lirateke). Nahasketa honetan: quinoa, quinoa malutak, artatxiki malutak, arroz malutakamaranto irina ta kalabaza haziak, denak ekologikoak. Taulan 100 gramo produktu ta panini bakoitzeko (orea soilik) nutrizio balioa laburbiltzen dizuet. 

Halako nahasketan pseudozerealak, gluten gabeko irinak ta fruitu lehorrak (kalabaza haziak) daude. Quinoa ta amarantoa landareak dira, ezaugarri nutrizionalak harrigarriak dituztenetarikoak. Gluten gabeko produktuak egiteko gero eta gehiago erabiltzen direnak. Esnekirik ez duenez, laktosari intolerantzia edota esne produktuei alergia dietenek ere, jan ahal dute. 

Hauxe da Cornells irin nahasketa itxura

OSAGAIAK, 8 panini-ak egiteko: 

  • 330 g Cornells irin nahasketa, pakete urdina “Mel- og frøblanding” 
  • 165 g ur
  • 25 g oliba olio
  • 5 g gatz
  • Apaintzeko, zuek nahi dituzuen osagaiak: tomate saltsa, pistoa, txanpinoiak, piper berdea, tipulina, eta abar

EGITEKO:

Robot-an edo kafe-errotan irin eta hazi nahasketa birrindu (nik thermomixa erabili dut; 10garren abiaduran, pare bat segundu). 
Gatza, olioa ta ura bota eta ondo nahastu. Utzi 30 minutu atsedenaldia hartzen. 
Orea oso biguntxoa da ta eskuz oso erraz maneiatzen da. 8 bolatxotan zatitu (60 gramokoak). Labeko erretilua landare-paperarekin estali. 

Eskuak olioztatu eta 10 zentimetroko diametroa izan arte bolatxoak zapalzu. Gustoko dituzuen osagaiak gainetik ipini (argazkian: pistoa, txanpinoia, piper berdea, tipulina, antxoa ta mozzarela gazta)

200 gradutan, 15 minutu inguru labekatu. 
Oso goxoak daude. Mila esker Elin.

On egin dezazuela!!!

2 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Gewürtz Brot – espezia ogia

Denboraz urri ibili eta zekalezko ama oreaz egindako ogiaz goza nahi dutenentzat.

Sarri, ez dugu behar adina asti izaten ogi on bat egiteko eta errezeta liburuek laguntza eskaintzen digute. Horrela, errezeta piloa dago ama orea (gariz, zekalez eta espeltaz egina) legami prentsatuarekin (garagar legamia edo okindegikoa) bi gauza lortzeko: zaporea, ama oreak eskaintzen duen kontserbazioa eta legami prentsatuaren hartzidura azkarra. Zortzi ordu ogia egiten aritu beharrean, hirubat ordutan prest legoke.

“Deutschland Brotland” liburuan bi hartzigarriak erabiliz azaltzen dira ogi gehienak: zekalezko ama orea (liburu honetan ogiaren errezetetatik, ia %100 zekalezko ama orea darama) eta okindegiko legami freskoa. Duela pare bat aste zekalezko portzentai haundia bat zuen ogi bat egiten saiatu nintzen, mahaspasa batzuk gehituz errezeta originalean ez etorri arren.

OSAGAIAK; kilo inguruko 2 ogi egiteko.

  • 596 g. zekalezko ama orea 20 g. zekalezko ama ore aktiboaz prestatua. 320 g. zekalezko irin semi integrala eta 256 g. ura. Bezperan prestatzen da eta 15 bat ordu uzten da giro epel baten.
  • 480 g. zekalezko irin semi integrala.
  • 200 g. galirin semi integrala.
  • 4 g. ogiarentzako espezia nahasketa (ikusi hemen)
  • 14 g. legami freskoa.
  • 424 g. ura.
  • (Aukerako, errezeta originalean agertzen ez den arren) 100 g. mahaspasa.

PRESTAKETA

Bol haundi baten osagai guztiak nahasi eta 15 bat minutu utzi estalgai garden batez estalia. Oratze mahaia olio apur batez igurtzi eta minutu batzuk, suabe suabe oratu.

Zekalearen glutena gariarena baino ahulagoa denez, oraketa amaitu bezain pronto, zatitu eta formatu daiteke. Aurrez irineztatutako banetoietan sartu eta giro epelean 45-55 minutu uzten dira.

Labea, 240ºC berotu. Labearen behealdean erretilu bat ipini. Ogiak banetoietatik atera eta laberatzen ditugu. Niri, zekalezko irinaz gelatina bat prestatzea bururatu zitzaidan eta ez nizkien ogiei taxua eman. Hurrengoan, taxuak egingo dizkiet ezberditasunik dagoen edo ez behatzeko. 55 minutu labekatu, lehenbiziko 5 minutuak 240ºtara eta bestea, ogia erre arte, 190ºtara.

Emaitza; ogi trinkoa, gozagarririk eraman ez arren, gozoa eta oso aromatikoa. Zekale “lovers”entzat aproposa.

On egin!!!

Oharra: Errezeta erderaz irakurri nahi izan ezkero, klikatu hemen.

Nota: La receta completa en castellano la podéis leer aquí.

5 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Tipula eta mahatspasa ogia

Ogi hau, urte zahar gauean foie-rekin jateko egin nuen. Berez, sagar zatiak ere jarri nahi nizkion, baina etxean sagar gabe nengoenez, horrelaxe egin nuen. Gero, jateko, fin-fin moztu eta labeko gratinadorearekin egin genituen, gorrituak egon arte.

Osagaiak:

  • 500g gari irin zuri
  • 200g ama ore
  • 295ml ur epel
  • Gatz goilarakadatxo bat
  • 2 goilarakadatxo azukre
  • Tipula erdia, mugurdi ozpina, azukre goilarakada bat, olioa eta gatza
  • Mahats-pasa eskukada bat

Hasteko, ama orea prest zegoenean, irina, ama orea, ura, gatza eta azukrea nahastu nituen goilara batez. 30 minutu horrelaxe utzi ondoren, oso ondo oratu nuen. Olioztatutako ontzi batean sartu nuen, eta film-arekin estali ondoren, leku epel batean utzi nuen igo zedin.

Bitartean, tipula karamelizatua prestatu nuen. Horretarako, tipula juliana finean moztu nuen, eta olio tanta eta gatz pixka batekin zartagin batean egin nuen biguna egon arte. Ondoren, azukre goilarakada bat gehitu, sua igo eta azukre guztia deseginda zegoenean, ozpin txorrot bat bota eta guztiz lehortua egon arte egin nuen. Gainera, pasak ur edalontzi batean sartu nituen, pixka bat biguntzeko.

Ogi orea egin eta ordubetera, lehen tolesturarekin batera, tipula eta pasak gehitu nizkion, ore guztitik sakabanatu. Ondoren, beste 2 tolestura egin nizkion. Guztira 3 orduz eduki nuen orea lehen fermentazioa egiten.

Ondoren, boleatu eta forma luzexka eman nion. Bannetoiean sartu, eta beste ordu t’erdiz utzi nuen leku epelean. Azkenik, labea 250ºC-tara berotu, eta bertan egin nuen ogia 20 minutuz ura zipriztinduz, eta ondoren, 200ºC-tara beste 30 minutuz.

Hozten utzi, eta jan!

NOTA: Podéis leer la misma receta en castellano en mi blog

8 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

PanForum 2010 – okin artisau eta amateurren lehenengo topagunea


http://madridtienemiga.wordpress.com weborrialdetik hartuta

Kaixo denoi,
Sarreratxo honetan PanForum izeneko ekimenaren berri iragarri nahi genuke. Hurrengo Abenduaren 3an Madrilen, PanForumen, Okin artisau eta amateurren lehenengo topaketa” ospatuko da.

Antolatzailea Bak Pan Casero da eta laguntzaileen artean El amasadero, Bonsfocs, Madrid tiene Miga, El foro del Pan eta Smeg daude. PanForum-a espacio Offlimits izeneko lekuan (Escuadra 1, kalean) izango da. Hementxe behean mapa duzue non dagoen kokatuta ikusi ahal izateko.


Egitaraua goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara programatu da. Ekimen honetara ogi munduan diren pertsonai ospetsuak hurbilduko dira; Xabier Barriga Turris okindegikoaDan LepardIbán Yarza; Lorenzo Alonso “Confederación Española de Asociaciones de Panadería (CEOPAN)” presidentea; Xevi Ramón Naturaleza Triticum blogalaria eta Txema Pascual, Artepaneko zuzendaria, alegia.

PanForum-en zer egongo da? Hitzaldiak, ogi tailertxoak, ogi txapelketa, eta abar. Informazio zehatz guztia irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen. Toki mugatua izango denez zuen asistentzia iragarri egin beharko duzue helbide elektroniko honetara idatziz panforum@bakmadrid.com

Joan ezin duzuenok, egon zaitezte lasai, ekimenari buruzko informazioa minutuz minutu eskuragarria izango baita bai Twiter-ren bai UStream-en bidez eta Ogi foroan ere bai.

Zuetariko norbait etorriko al da????

Aioooooo!!!!

6 Iruzkin

Irinak eta Urunak-ek idatzia atalean

Gurinaz eta esnez egindako ogia

Errezeta hau Anna Bellsolá-ren liburutik atera dut. Annak Balluard okindegian egiten du lan eta bere liburua polita izateaz gain oso egokia ogi munduan zerotik hastera doazenentzat, argazki politak eta errezeta gozoak dakartza eta. Neuk, errezeta, ama orearekin egiteko moldatu dut.
Egia esan, ez nuen ogi hau egiteko asmorik baina ama orea hain indartsu eta entrenatua zegoen ikustean, ea ogi gozoa egiteko egokia zan aztertu nahi nuen. Azken emaitza, izugarria. Ama orea oso ondo portatu da. Ze pozik nagoen!!!


OSAGAIAK (liburuko errezetaren kantitate erdiak jarri dizkizuet) eta bi molde ertain (20 zm-koa) edo haundi bat (30 zm-koa) egiteko nahiko da.

  • 400 g galirin zuria (erdia Rincón del Segura eta erdia Bioccop-eko T55)
  • 200 g ama ore zuria (%100 hezetasuna)
  • 215 g ur (gutxi gora behera, gutxiago edo gehiago izan leike)
  • 80 g gurin
  • 35 g azukre
  • 25 g esne hautsa
  • 10 g gatz
  • 1 arrautz txikia

EGITEKO MODUA

     

  1. Ama orea prest izanda, osagai guztiak nahastuko ditugu bol baten. Orea biguntxoa da. Plastikoaz estali eta 30 minutuko atsedenaldia egiten utziko dugu.
  2. Era tradizionalera oratuko dugu. Orea oso ondo oratzen da, arazo barik, nahiz eta itsaskorra dela  pentsatu. Bestela, oraketa laburren teknika erabili, tarteka 5-10 minutuko atsedenaldiak emanez. Orea, olioztatutako katilu baten sartu, plastikozko film-arekin estali eta bost orduko hartzidura egin dezan utzi, bi ordu eta erdiro tolesdura bat emanez.
  3. Orea katilutik atera eta 250 gramoko lau zatitan moztuko dugu. Neri (ez pisatzearren, aiaiai …), bi bola txiki eta beste bi haundi atera zaizkit. Boleatu tentsioa sortuz. Beste pare bat orduko hartzidura egin dezaten, ez itsasteko, edo olioz edo gurinez igurtzitako 25 zentimetroko bi moldetan 2 bola sartu euren artean tartea utziz, nahi duten beste zabaltzeko.
  4. Moldeak, aurretik 180-200 gradutara berotutako labean sartuko ditugu. Kasu honetan ez dut lurruna sortu, azal karraskatua ez izateko. Asko iluntzen dela ikusten baduzue, gainetik aluminiozko papera ipini. Labekatzeko denbora: 40 minutu.
  5. Parrilla baten hozten laga.

Hartzidura luzeegia izan duela pentsatzen ari direnei, ezetz esando diet, ogia goxo goxoa atera baita, ikaragarri ona. Ore honek, osagai goxo asko daramatzalako, gurina, azukrea eta arrautzak, ogi ore arruntak baino hartzidura luzeagoa behar du. Esperimentua zan eta itzela atera da.
Oso gomendagarria, ez da goxoegia eta mami biguna eta harroa du.



Aguuuuuuuur!!!!

15 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

WBD – World Bread Day 2010

World Bread Day 2010 (submission date October 16)

Baietz!

Ogiaren Nazioarteko eguna. Ezetz jakin halakorik zegoenik, ala bai? Orain dela 5 urte Zorrak bere blogean ekimen honetan parte hartzeko gonbidapena egiten du. Aurreko deialdietan zer labekatu den jakiteko, blogean begirada bat bota besterik ez duzue egin behar. Ogiak, pizzak, eta abar, denak oso gozoak, eta partaidetza handia munduko leku guztietatik. Geuk ere, gure blogean zuei jakinarazi nahi izan dizuegu, eta gustokoa izatea espero dugu.

Ogia egin nahi izanez gero, zuen blogean lehenago argitaratu ez duzuen sarrera prestatu. Gero,  Zorraren blogari berari ere aipamena egin eta, azkenik imprimaki hau bete. Prozesu hau jarraituz gero zuek ere ekimen honetako “aktore eta aktoresak”  izango zarete ; )

Benooooooo, eta zer egiten duzue hor eseritaaaaaaa????? Animoooooo!!!! Gaur baino ez zaigula geratzen, ai ai ai…..

Dena den, norbaitek astirik ez badu ogia prestatzeko, hala egin dezala: okindegian gustoko ogia erosi, argazkia(k) atera, eta goian aipatutako prozesua jarraitu.

Ez da batere zaila.

Animatu parte hartzera!!!

Kontauko diguzue, ez?

Hurrengora arteeeeeee…

6 Iruzkin

Irinak eta Urunak-ek idatzia atalean

Olozko ogia – Haferbrot

Azpalditik olo ogia masa madrearekin egiteko grina neukan. Oloa gustokoa dut, zaporea suabe izateaz gain zuntza disolbagarria ere duelako (irin integrala edo kopoak janda, batez ere), eta gaur egungo elikaduran zuntza kantitate gutxi jaten dela kontutan izanda, idorreria sor ez dadin oso lagungarria izan daitekelako.

Astelehenean bertan hasten naiz pentsatzen asteburuan zein ogi egingo dudan, eta errituala bihurtu da. Lehenengo zerealak aukeratu, eta astean zehar nire liburuetan eta weborrialdetan begiratzen dut ea gustoko errezeta topatzen dudan. Pasa den astean ia astirik gabe geratu nintzen, ostirala iritsita, gustoko errezetarik ez bainuen aukeratua. Xabik Alemaniatik ekarritako olo aleak erabiliko nituela erabakita neukan, baina gustoko ogi errezeta aurkitzea ez nuen lortzen. Bai liburuetan bai weborrialdeetan, errezeta gehienak nire ustez, olo kopo edota irin integral gutxi zeuzkaten. Goxoak ziruditen pare bat aurkitu nituen, Gastronomía y Cía eta “mis recetas favoritas”-eko loturak uzten dizkizuet, masa madre ez izan edota erabili nahi ezean edonork olo ogia egiteko aukera izan dezan.

Ostiralean 22:00tan, ondino ez nekien zein ogi egingo nuen, baina jadanik badaezpada, zekale ama orea martxan neukan.

Azkenean olo ogia (Haferbrot, alemanieraz) aurkitu nuen. Olo irinaren ordez kopoak zeuzkan, baina halan da guztiz “ogia horixe zela” erabaki nuen. Pare bat aldaketa, irina eta ama orea erabili ahal izateko eta listo!!. Hona, errezeta dakarkizuet.



OSAGAIAK (740 gramoko hiru ogi egiteko)

  • 216 g zekale ama orea: 3 g zekale ama orea (aktibatua), 120 g zekale integrala eta 96 g ur (beherago, zelan egiten den idatzi dizuet).
  • De http://www.alnature.de
  • 530 g “olo irin beratze”: 250 g olo irin integrala (edo olo kopoak) eta 280 g ur beroa (2-4 ordu lehenago prestatua).
  • 800 g galirin zuria (Rincón del Segura)
  • 80 g zekale irin integrala
  • 22 g gatza
  • 10 g azukrea
  • 10 g landare margarina
  • 525 g ura (gutxi gora behera, gitxiago ala gehiago izan daiteke)
  • (Aukerako) 15 g irin malteatua (J. Renobell -Bartzelona- dendatik ekarritakoa)
  • (Aukerako) Ogia egiteko, Alemaniatik ekarritako espezia nahasketa (Brot Gewürz Alnatura markakoa). Osagaiak: Txarpoila (Kümmel), mihilua (Fenchel), martorria (Koriander) eta anis-belarra (Anis).

Izaskunek, espezia nahasketa errezeta hau eskuratu zidan. Hementxe duzue:

2 goilakarada martorri haziak
1          ”       txarpoil
1 goilakaradatxo anisa
1          ”            kuminoa
1          ”            mihilua
Osagai guztiak birrindu eta pote baten gorde gure zekale ogiei botatzeko.


EGITEKO MODUA
  1. 12-15 ordu lehenago zekale ama orea prestatu egin behar da. Bezperatik zekale ama orea aktibatua izango dugu eta honetatik 3 gramo besterik ez ditugu hartuko. Ura botako diogu, ondo nahastu eta segituan zekale irin integrala, berriro nahastu. Nik normalean arratsaldeko 7tan prestatzen dut hurrengo goizean 11ak aldera ogia egiteko.
  2. 2-4 ordu lehenago “olo irin beratze” hori prestatzen da. Bol baten olo irin integrala ipiniko dugu eta kolpe batean ur bero-beroa botako diogu. Egurrezko goilara batekin ondo irabiatu. Plastikoaz estali eta esan bezala, 2-4 ordu beratzen utziko dugu.
  3. Ogia egiten den egunean, bol haundi baten osagai guztiak, ura izan ezik, jarriko ditugu. Ura pixkanaka pixkanaka gehituko diegu. Eskua orean sartzea gomendatzen dizuet, orea hatzamarrekin marruskatuz.  Orea itzaskorra eta irristakorra da, ia kontrolaezina. Behin nahastuta, bol-a estalita, 30 minutuko atsedenaldia hartzen utziko dugu.
  4. Orea azalera atera eta frantses teknika erabiliz (oso itsaskorra denez tradizional erara zaila delako), 10-15 minutu oratuko dugu.
  5. Bol-a olioaz igurtzi eta orea barruan sartu 3 orduko lehenengo hartzidura egin dezan. Olioz igurtzitako azaleran, ordubetero tolesdura bat emanez.
  6. Azken tolesdura egin eta gero, irin pittin bat botako dugu azaleran eta horren gainean 15 minutu inguru orea deskantsatzen utziko dugu. 740 gramoko hiru zatitan banandu, boleatu eta azkenik, erabiliko ditugun moldeetako forma eman (borobila ala luzea).
  7. (Aukerako) orea trapu busti batetik pasatu, hezetu eta haziak gainetik bota.
  8. Banetoietan edota olioz igurtzitako metalezko moldeetan sartu eta bigarren hartzidura egin dezatela, beste pare bat ordu utziko ditugu.
  9. Laba berotu 240ºtara. Lurrina prestatuko dugu labaren barruan (harrira eta metalezko ontzira ur beroa jaurtikiz)
  10. Ogiari ebakiak egin eta laban sartu. 5 minutu pasa eta gero tenperatura 220ºtara jaitsi. Labekatzeko denbora: 50 minutu.

ON EGIN DEZAZUELA!!

6 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Eguneroko ogiaren errezeta hobetua

Aitor (nire bikotea) da azkenaldian gure etxeko okin berria, eta gaurko errezeta bere esperimentu bat da, eta oso emaitz oneko esperimentua gainera. Kriston goxoa geratu zen, eta mamia normalean baino suabeagoa (nik uste esnearengatik) zegoen. Berak etxean dugun ogi-makinan oratu zuen, baina eskuz berdin-berdin egin daiteke, metodo tradizionalarekin oratuz. Nik ogi-makinari ikusten diodan abantaila nagusiena, orea tenperatura egokian mantentzen duela da, eta lehen fermentazioa egiteko oso ondo etortzen zaio ogiari.

Osagaiak:

  • 240g ur
  • 90g esne (laktosa gabea gure kasuan)
  • 220g burbuiladun ama ore
  • 555g irin:
    • 355g gari irin zuri
    • 100g erdi-osoko zekale irin
    • 100g erdi-osoko gari irin
  • 3g gatz
  • 3g soja lezitina
  • 5g sesamo hazi
  • 3g mitxoleta hazi
  • 1,5g azahar-ur
  • 3g oliba olio

Osagai guztiak nahastu, ondo oratu eta 2,5 orduz utzi olioz bustirik ontzi batean igotzen tenperatura epelean. Ondoren, boleatu eta nahi duzuen itxura eman (gure kasuan pixka bat luzexka) eta bannetoiean utzi beste ordu t´erdiz. Nahi izanez gero, hozgailuaren laguntzaz bigarren fermentazio hau luzatu daiteke.

Labea 250ºC-tara berotu, eta guztiz beroa dagoenean, ura duen ontzi bat sartu (lurruna egiteko) eta ogiaren gainazala moztu ondoren, labera sartu eta 5 minuturo lurruna bota labe barrura 25 minutuz. Ondoren, labearen tenperatura 220ºC-tara jeitsi eta beste 35 minutu inguruz egin ura duen ontzia labetik atera ondoren. Labetik ateratzerakoan ondo hozten utzi jan aurretik.

OHARRA: Errezeta hau gazteleraz hemen topatu dezakezue.

NOTA: Podéis ver esta receta en castellano aquí.

9 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Sagarrezko neguko ogia – Dan Leparden “winter apple loaf”

Bai,
Badakit!

Neguko ogia dela eta udan gaudela. Baietz.

Baina, egoeragatik errezeta hau eta ez besterik bilatu behar izan dut. Xabierren errua da, berak Ingalaterratik ekarritako irina oparitu zidalako. Irin honek oso izen luzea eta berezia du: “Organic stoneground malted blend flour” “Bacheldre Watermill markakoa” eta britainiarra da. Euskarara itzulita “harrizko errotan birrinduriko irin malteatu ekologikoa” eta olé. Horregatik, liburutegi haundia den internetera abiatu naiz irin berezi hau erabiltzen duen errezeta baten bila. Jatorrizko errezeta esteka honetan.

OSAGAIAK

  • Sagar txikia (golden motakoa alegia)
  • Tipula txikia
  • 75 ml. garagardo edo sagardo (errezeta britainiarra izanda, ez dut uste gure sagardo garratzaren antzekorik erabiliko dutenik. Eurek, Erresuma Batuan “El Gaitero” sagardoaren antzekoa edaten baitute)
  • Jatorrizko errezetan 100 ml. ur erabiltzen dituzte baina nik ez nituen behar izan. Lehenengo saiakeran ogi hau egin nuenean ur kopuru guztia batera bota nion. Hasiberriaren akatsa da. Ez dugu ur kopuru guztia batera botako, pixkanaka-pixkanaka baizik, orearen hezetasunaren arabera.
  • 200 g. ama orea (100 g. ur + 100 g. galirin zuria)
  • 75 g. ekilore haziak
  • 75 g. kuia (kalabaza) haziak
  • 250 g. irin malteatua. Irin berezia da,  Xabierrek oparitutakoa. Esteka honetan, Dan Lepardek irin berezi honen ordez zer erabil daiteken aipatzen du: 150 g. galirin zuria, 100g. galirin osokoa, 3  koilarakada olo-kopo (edo gari-kopo, garagar-kopo) erreak eta koilarakada bat hurrengo hiru aukera hauetatik: malta-estraktua (líkidoa edo lehortua); xirope iluna (erremolatxazkoa alegia) edota melaza.
  • 175 g. galirin zuria (Rincón del Segura alegia)
  • 10 g. gatz
  • Oratzeko, oliba olioa

ZELAN EGITEN DEN

  1. Bol baten sagarra azalarekin birrindua ipini (haziak kenduta). Tipula gordinik txiki-txiki zatituta bota. Garagardoa (edo sagardoa), ama orea, haziak, irinak eta gatza gehitu. Azkenik eta BEHAR IZANEZ GERO, ura pixkanaka-pixkanaka gehitu. Ez egin, nik lehenengo saiakeran egin nuen moduan. Ez ahaztu ere, tipula eta sagarrak ura botatzen dutela. Oso ondo nahastu eta 30 minutu egonean laga. Orea biguna izan arren arazo haundirik gabe oratu daiteke. Bola forma eman eta olioztatutako bol baten utzi. Film gardenaz edo zapiaz estali.
  2. Hartzidura egiteko sukaldean bi ordu eta erdi utzi dut (gaur, 25º C inguru zeunden). 40-45 minututik minutura tolesdura eman diot.
  3. Hirugarren tolesdura ondoren orea, oratzeko azaleran lasai-lasai 5 minutu utziko dugu. Geroago, forma eman. Orea oso itsaskorra denez, saskian edo banetoian irina emankortasunez bota eta bertan sartu. Estali, eta ordu eta erdi inguru utziko dugu.
  4. Laba 220º-tara berotu.
  5. Orea atara eta laban sartu baino lehen ebagiak egingo dizkiogu. Labako beheko partean ura bota (nik jada ez dut ontzirik ipintzen, zuzenean botatzen diot lurrina egiteko). 220º-tara 20 minutuz labekatu ondoren, 180º-tara jeitsi eta beste 20 minutu eduki. Oso huzain ederra botatzen du.

Egun bat pasa ondoren dastatu dugu eta izugarrizko zaporea du. Izokina ketan, hegaluze ketan, gazta ketan dastatuak izan ditut baina, ogia ketan inoiz dastatu barik neukan!!!  Izokina ketan, ogi honen gainean, ahaztezinezko esperientzia da.

Sarrera hau, Xabierri eta Juantxori eskeini nahi diet. Xabierri Alemaniatik errekadutxoak ekarri baitizkidalako eta Juantxori bere pazientziagatik, Aitzorrotz-etik jeisterakoan farregura eman zidan eta bera izan zen nere txantxetako “biktima”. Mila esker bioi  bihotz-bihotzez.

4 Iruzkin

Tebak idatzia atalean