Artxiboa laburpen hitzeka: esnea

Gurinaz eta esnez egindako ogia

Errezeta hau Anna Bellsolá-ren liburutik atera dut. Annak Balluard okindegian egiten du lan eta bere liburua polita izateaz gain oso egokia ogi munduan zerotik hastera doazenentzat, argazki politak eta errezeta gozoak dakartza eta. Neuk, errezeta, ama orearekin egiteko moldatu dut.
Egia esan, ez nuen ogi hau egiteko asmorik baina ama orea hain indartsu eta entrenatua zegoen ikustean, ea ogi gozoa egiteko egokia zan aztertu nahi nuen. Azken emaitza, izugarria. Ama orea oso ondo portatu da. Ze pozik nagoen!!!


OSAGAIAK (liburuko errezetaren kantitate erdiak jarri dizkizuet) eta bi molde ertain (20 zm-koa) edo haundi bat (30 zm-koa) egiteko nahiko da.

  • 400 g galirin zuria (erdia Rincón del Segura eta erdia Bioccop-eko T55)
  • 200 g ama ore zuria (%100 hezetasuna)
  • 215 g ur (gutxi gora behera, gutxiago edo gehiago izan leike)
  • 80 g gurin
  • 35 g azukre
  • 25 g esne hautsa
  • 10 g gatz
  • 1 arrautz txikia

EGITEKO MODUA

     

  1. Ama orea prest izanda, osagai guztiak nahastuko ditugu bol baten. Orea biguntxoa da. Plastikoaz estali eta 30 minutuko atsedenaldia egiten utziko dugu.
  2. Era tradizionalera oratuko dugu. Orea oso ondo oratzen da, arazo barik, nahiz eta itsaskorra dela  pentsatu. Bestela, oraketa laburren teknika erabili, tarteka 5-10 minutuko atsedenaldiak emanez. Orea, olioztatutako katilu baten sartu, plastikozko film-arekin estali eta bost orduko hartzidura egin dezan utzi, bi ordu eta erdiro tolesdura bat emanez.
  3. Orea katilutik atera eta 250 gramoko lau zatitan moztuko dugu. Neri (ez pisatzearren, aiaiai …), bi bola txiki eta beste bi haundi atera zaizkit. Boleatu tentsioa sortuz. Beste pare bat orduko hartzidura egin dezaten, ez itsasteko, edo olioz edo gurinez igurtzitako 25 zentimetroko bi moldetan 2 bola sartu euren artean tartea utziz, nahi duten beste zabaltzeko.
  4. Moldeak, aurretik 180-200 gradutara berotutako labean sartuko ditugu. Kasu honetan ez dut lurruna sortu, azal karraskatua ez izateko. Asko iluntzen dela ikusten baduzue, gainetik aluminiozko papera ipini. Labekatzeko denbora: 40 minutu.
  5. Parrilla baten hozten laga.

Hartzidura luzeegia izan duela pentsatzen ari direnei, ezetz esando diet, ogia goxo goxoa atera baita, ikaragarri ona. Ore honek, osagai goxo asko daramatzalako, gurina, azukrea eta arrautzak, ogi ore arruntak baino hartzidura luzeagoa behar du. Esperimentua zan eta itzela atera da.
Oso gomendagarria, ez da goxoegia eta mami biguna eta harroa du.



Aguuuuuuuur!!!!

15 Iruzkin

Tebak idatzia atalean