Artxiboa laburpen hitzeka: integrala

Azenario bizkotxoa – carrot cake

Beno,

Neguko barazkien otarrari etekina ateratzeko, beste errezeta goxo-goxo bat. Eta postrea gainera!!!

Zenbat  gustatzen zaidan, eta nola pasatzen dudan!!!

Pasa zen asteburuan halako hiru bizkotxo jausi ziran. Iaz, “andereño konsortea” bezala joaten naizen ogi ikastaro batera blog hontako kide batek eraman zuen, eta izugarri gustatu zitzaigun. Errezeta, “Little Things” blogetik atera zuen.

Goxoegia ez izateko azukre pixkat kendu nien, ez nien ez gatz eta ez esnerik bota eta emaitza dastatzaileen arabera, mundialak zeundela.

Oliba olio birjina, intxaurrak (mila esker Edu), galirin integrala, azenarioak … dituenez, benetan osasuntsua gainera. Nork esango zigun elikadura zainduko genuela hain goxoa eta hain osasuntsua den postre batekin? Zuntzan aberatsa, monoinsaturatu koipeak, nekez kolesterola, …

Gogoan hartu s´il vous plait arrakasta ziurtatuta dago eta.

Bizkotxo baterako OSAGAIAK:

  • Galirin integrala (Rincón del Segura), 200 gr.
  • Hauts-legamia (edo gasifikatzaile bat), 3 koilaratxokada.
  • Ehotako espeziaz betetako koilaratxo bat; kanela, intxaur muskatua eta iltzea nahastuz.
  • Ehotako intxarrak, 60 gr.
  • Kanabera osoko azukre beltza (Rincón del Segura), 150 gr.
  • Oliba olio birjina, 130 gr.
  • 2 arrautz, “L” tamainakoak
  • Zuritu eta birrindutako azenarioa (laborantza ekologikoa), 170 gr.

25 zentimetro inguruko luzeera duen moldea beharko duzue. Gurinez ez igurtzeko, paperez forratu dezakezue. Errez ateratzen da.

Errezetaren kantitateak bikoiztu egin nituen, eta horregatik beheko argazkietan bi bizkotxo ikusiko dituzue 🙂

ELABORAZIOA:

Labea, 180ºtara aurreberotzen dugu.

Intxaurrak robot baten, ehogailuan edota almerizean ehotu.

Katilu batean irina, hauts-legamia eta espeziak bahetuko ditugu. Ehotako intxaurrak gehitu eta erreserbatuko dugu.

Zuritu eta birrindu azenarioa. 

Olioa, azukrea eta arrautzak beste katilu baten nahastu. Azenarioa gehitu eta nahasi. Azkenik, lehenengo katiluan daukagun nahasketa gehitu, eta ondo nahastuko dugu.

Nahasketa moldera bota eta labean sartuko dugu.

Tenperatura 170ºtan mantendu eta ordubete inguru labekatuko dugu.

Atera eta parrilla baten gainean hozten laga.

Zuen gustokoa izatea espero dut.
😉

10 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Gluten gabeko panini-ak

Ze gogorra den ikerlariaren bizitza!

Lan haundia izan eta tarteka estresa metatzeaz gain, momentu goxoak ere izaten ditugu. Une honetan “International Coeliac Disease Symposium” (Nazioarteko Gaixotasun Zeliako Sinposioa) ekitaldira gonbidatua nintzen, Oslon (Norvegian). 
Gainera, oso jende atseginarekin joan nintzen (hemendik agurtzen zaituztet). Eurekin momentu polit ta interesgarriak konpartitu nituen. Egia esan Norvegiatik pozarren itzuli nintzen, penaz, eta itzultzeko kriston gogoarekin. 

Zeliako gaixotasun monografiko nazioarteko ekitaldi baten imajina ezazue zenbat zientzia ikusteko aukera dagoen. Ikerkuntzako “pope”-ak ezagutzen dituzunean, aurpegia ta ahotsa ipintzen dizkiezu. Jende atseginarekin egiten duzu topo, ze moduz zauden galdetzen dizutenak, oso lagungarriak direnak, aholkatzen dizutenak. Sinestezina da. Eskandinavian gluten gabeko elikagaiak egiten dituzten enpresak ezagutzeko grina haundia ere neukan. 

Batzuek badakite zein zaila den gluten gabeko irinak erabiliz, ogia egitea. Aitortu behar dut behin saiatu nintzela, eta emaitza hain txarra izanda, zaramara bota nuela. Aurrerantzean, “gluten gabeko ogiak ta produktuak” izenarekin sarrera bat idazteko asmoa dudanez, irakurtzeko aukera izango duzue. Ogia egiteko aparte, beste gauza batzuetarako balio duen gluten gabeko osagai nahazketa perfektuaren bila jarraitzen dut. Nire ustez gluten gabeko produktuak eskuragarriak, elikagarriak, goxoak ta anitzak izan beharko lirateke. Eskatzekotan….

Halere, zeliako gaixoa daukaten familietan, elikagaietan duten aurrekontua hirukoiztu egiten omen da. Produktu hauek, nutrizio aldetik nolakoak izango ote diren nire zalantzak ditut; oso eszeptikoa bainaiz. Normalean, elikagai hauek almidoia (arto irinetik, arroza edota galirinetik, behin gluten kenduta), azukreak eta gantzak dute osagai nagusi. Gluten gabeko produktu askok bere ezaugarri nutrizional batzuk betetzen dituzte, kaloriak, proteina ta karbohidratoak, alegia. Baina, zer gertatzen da zuntzarekin, bitaminekin, gatzekin? Akaso gantz saturatu asko dute? Gluten dituzten elikagaiek baino kaloria gehiago ote dute? Erantzun zehatza izateko, galdera hauek, elikagaiak egiten dituztenei egin beharko genien.   

Normalen, produktuak frogatzera ez naute gonbidatzen, baina produktu honen berri nahi izan dudalako ematen dizuet, besterik gabe. Elin Cornell (beheko argazkian) ezagutu nuen Cornells Alternativ paradan eta, euren irin nahasketekin eginiko ogiak ta produktuak dastatzeko aukera izan nuen. Berbetan hasi ginen eta nik gustora frogatuko nuela komentatu nion ogiak, gofreak, pizzak, eta abar labekatzeko oso aukera ona iruditu zitzaidalako. Nire ustez, duen desabantaila bakarra bere prezioa da. Norvegian, dena, hemen baino garestiagoa izaten da: kafe batek 5 euro balio du, garagadoak 11, eta abar. Cornells irin nahasketak (750 gramoko paketea) 120 NOK balio du (15,5 € gutxi gora behera), garraio barik, eta kontuan hartu Norvegia Europar Batasunatik kanpo dagoela. Dena den, Elinarekin harremanetan jarri nahi izanez gero bere weborrialdean edota helbide elektroniko honetan egin ahal duzue. Cornells produktuak erosteko interneteko denda BonusHelse izenekoan lortu ahal dira. Zoritxarrez, bai Cornells weborrialdean bai BonusHelse interneteko dendan Norvegiarrez daude.
Elin Cornell (erdian dagoena)
Jonas Meek (ICDS 2011) argazkilariaren esker
Elini bere produktuak jakinaraziko nituzkeela egiaztatu nion berak zeliako gaixoen elikadura hobetzeko ikuspegiari oso egokia iruditzen zaidalako. Egia da bere ogiak zapalak direla baina ze goxo dauden. Ez ahaztu Elinena beste ikuspegi bat dela. NIk ekarritako irin nahazketa pakete urdinekoa zan, “Mel-og frøblanding” izenekoa, (itzulpen zuzena “irin osoko sendoa” lirateke). Nahasketa honetan: quinoa, quinoa malutak, artatxiki malutak, arroz malutakamaranto irina ta kalabaza haziak, denak ekologikoak. Taulan 100 gramo produktu ta panini bakoitzeko (orea soilik) nutrizio balioa laburbiltzen dizuet. 

Halako nahasketan pseudozerealak, gluten gabeko irinak ta fruitu lehorrak (kalabaza haziak) daude. Quinoa ta amarantoa landareak dira, ezaugarri nutrizionalak harrigarriak dituztenetarikoak. Gluten gabeko produktuak egiteko gero eta gehiago erabiltzen direnak. Esnekirik ez duenez, laktosari intolerantzia edota esne produktuei alergia dietenek ere, jan ahal dute. 

Hauxe da Cornells irin nahasketa itxura

OSAGAIAK, 8 panini-ak egiteko: 

  • 330 g Cornells irin nahasketa, pakete urdina “Mel- og frøblanding” 
  • 165 g ur
  • 25 g oliba olio
  • 5 g gatz
  • Apaintzeko, zuek nahi dituzuen osagaiak: tomate saltsa, pistoa, txanpinoiak, piper berdea, tipulina, eta abar

EGITEKO:

Robot-an edo kafe-errotan irin eta hazi nahasketa birrindu (nik thermomixa erabili dut; 10garren abiaduran, pare bat segundu). 
Gatza, olioa ta ura bota eta ondo nahastu. Utzi 30 minutu atsedenaldia hartzen. 
Orea oso biguntxoa da ta eskuz oso erraz maneiatzen da. 8 bolatxotan zatitu (60 gramokoak). Labeko erretilua landare-paperarekin estali. 

Eskuak olioztatu eta 10 zentimetroko diametroa izan arte bolatxoak zapalzu. Gustoko dituzuen osagaiak gainetik ipini (argazkian: pistoa, txanpinoia, piper berdea, tipulina, antxoa ta mozzarela gazta)

200 gradutan, 15 minutu inguru labekatu. 
Oso goxoak daude. Mila esker Elin.

On egin dezazuela!!!

2 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Gewürtz Brot – espezia ogia

Denboraz urri ibili eta zekalezko ama oreaz egindako ogiaz goza nahi dutenentzat.

Sarri, ez dugu behar adina asti izaten ogi on bat egiteko eta errezeta liburuek laguntza eskaintzen digute. Horrela, errezeta piloa dago ama orea (gariz, zekalez eta espeltaz egina) legami prentsatuarekin (garagar legamia edo okindegikoa) bi gauza lortzeko: zaporea, ama oreak eskaintzen duen kontserbazioa eta legami prentsatuaren hartzidura azkarra. Zortzi ordu ogia egiten aritu beharrean, hirubat ordutan prest legoke.

“Deutschland Brotland” liburuan bi hartzigarriak erabiliz azaltzen dira ogi gehienak: zekalezko ama orea (liburu honetan ogiaren errezetetatik, ia %100 zekalezko ama orea darama) eta okindegiko legami freskoa. Duela pare bat aste zekalezko portzentai haundia bat zuen ogi bat egiten saiatu nintzen, mahaspasa batzuk gehituz errezeta originalean ez etorri arren.

OSAGAIAK; kilo inguruko 2 ogi egiteko.

  • 596 g. zekalezko ama orea 20 g. zekalezko ama ore aktiboaz prestatua. 320 g. zekalezko irin semi integrala eta 256 g. ura. Bezperan prestatzen da eta 15 bat ordu uzten da giro epel baten.
  • 480 g. zekalezko irin semi integrala.
  • 200 g. galirin semi integrala.
  • 4 g. ogiarentzako espezia nahasketa (ikusi hemen)
  • 14 g. legami freskoa.
  • 424 g. ura.
  • (Aukerako, errezeta originalean agertzen ez den arren) 100 g. mahaspasa.

PRESTAKETA

Bol haundi baten osagai guztiak nahasi eta 15 bat minutu utzi estalgai garden batez estalia. Oratze mahaia olio apur batez igurtzi eta minutu batzuk, suabe suabe oratu.

Zekalearen glutena gariarena baino ahulagoa denez, oraketa amaitu bezain pronto, zatitu eta formatu daiteke. Aurrez irineztatutako banetoietan sartu eta giro epelean 45-55 minutu uzten dira.

Labea, 240ºC berotu. Labearen behealdean erretilu bat ipini. Ogiak banetoietatik atera eta laberatzen ditugu. Niri, zekalezko irinaz gelatina bat prestatzea bururatu zitzaidan eta ez nizkien ogiei taxua eman. Hurrengoan, taxuak egingo dizkiet ezberditasunik dagoen edo ez behatzeko. 55 minutu labekatu, lehenbiziko 5 minutuak 240ºtara eta bestea, ogia erre arte, 190ºtara.

Emaitza; ogi trinkoa, gozagarririk eraman ez arren, gozoa eta oso aromatikoa. Zekale “lovers”entzat aproposa.

On egin!!!

Oharra: Errezeta erderaz irakurri nahi izan ezkero, klikatu hemen.

Nota: La receta completa en castellano la podéis leer aquí.

5 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Zekale eta martorri ogia

Gutxinaka, baina banoa ogiekin aurrera. Mundu honetan lehen pausuak ematen nabilen arren, irina eta errezeta ezberdinak frogatzen hasi naiz, kasu honetan %100eko zekalezko ogia martorriarekin, nire ikuspuntutik ogi erraza, gutxi oratu behar delako eta hartzidura bakarrekoa delako.

Errezeta, Beak La Cocina de Babette-eko “Pan para principiantes” ikastaroan emandako errezeta baten eta Iban Yarzak “El foro del pan”en jarritako beste baten arteko mix bat da. Holako txapeldunekin ogia ondo irten behar da, ezta?

OSAGAIAK

Zekalezko ama orea 400 gr.

Zekalezko irina 380 gr.

Ura 300 gr.

Eztia 25 gr.

Birrindutako martorri haziak 6 gr.

Gatza 12 gr.

EGITEKO MODUA

Ama orea eta ura nahastu.

Irina, gatza, martorri haziak eta eztia gehitu. Egurrezko koilara edo eskuekin ondo nahastuz.

Cake moduko molde bat olioztatu.

Esku bustiekin orea hartu eta moldean sartu. Plastiko batekin estaliz.

Hiru orduko hartzidura egiten utzi eta labean sartu 230ºtara. 10 minutu pasa ordoren labea 200ºtan jarri.

Jateko 24 ordu itxaron beharko dituzu.

5 Iruzkin

Mariluk idatzia atalean

Olozko ogia – Haferbrot

Azpalditik olo ogia masa madrearekin egiteko grina neukan. Oloa gustokoa dut, zaporea suabe izateaz gain zuntza disolbagarria ere duelako (irin integrala edo kopoak janda, batez ere), eta gaur egungo elikaduran zuntza kantitate gutxi jaten dela kontutan izanda, idorreria sor ez dadin oso lagungarria izan daitekelako.

Astelehenean bertan hasten naiz pentsatzen asteburuan zein ogi egingo dudan, eta errituala bihurtu da. Lehenengo zerealak aukeratu, eta astean zehar nire liburuetan eta weborrialdetan begiratzen dut ea gustoko errezeta topatzen dudan. Pasa den astean ia astirik gabe geratu nintzen, ostirala iritsita, gustoko errezetarik ez bainuen aukeratua. Xabik Alemaniatik ekarritako olo aleak erabiliko nituela erabakita neukan, baina gustoko ogi errezeta aurkitzea ez nuen lortzen. Bai liburuetan bai weborrialdeetan, errezeta gehienak nire ustez, olo kopo edota irin integral gutxi zeuzkaten. Goxoak ziruditen pare bat aurkitu nituen, Gastronomía y Cía eta “mis recetas favoritas”-eko loturak uzten dizkizuet, masa madre ez izan edota erabili nahi ezean edonork olo ogia egiteko aukera izan dezan.

Ostiralean 22:00tan, ondino ez nekien zein ogi egingo nuen, baina jadanik badaezpada, zekale ama orea martxan neukan.

Azkenean olo ogia (Haferbrot, alemanieraz) aurkitu nuen. Olo irinaren ordez kopoak zeuzkan, baina halan da guztiz “ogia horixe zela” erabaki nuen. Pare bat aldaketa, irina eta ama orea erabili ahal izateko eta listo!!. Hona, errezeta dakarkizuet.



OSAGAIAK (740 gramoko hiru ogi egiteko)

  • 216 g zekale ama orea: 3 g zekale ama orea (aktibatua), 120 g zekale integrala eta 96 g ur (beherago, zelan egiten den idatzi dizuet).
  • De http://www.alnature.de
  • 530 g “olo irin beratze”: 250 g olo irin integrala (edo olo kopoak) eta 280 g ur beroa (2-4 ordu lehenago prestatua).
  • 800 g galirin zuria (Rincón del Segura)
  • 80 g zekale irin integrala
  • 22 g gatza
  • 10 g azukrea
  • 10 g landare margarina
  • 525 g ura (gutxi gora behera, gitxiago ala gehiago izan daiteke)
  • (Aukerako) 15 g irin malteatua (J. Renobell -Bartzelona- dendatik ekarritakoa)
  • (Aukerako) Ogia egiteko, Alemaniatik ekarritako espezia nahasketa (Brot Gewürz Alnatura markakoa). Osagaiak: Txarpoila (Kümmel), mihilua (Fenchel), martorria (Koriander) eta anis-belarra (Anis).

Izaskunek, espezia nahasketa errezeta hau eskuratu zidan. Hementxe duzue:

2 goilakarada martorri haziak
1          ”       txarpoil
1 goilakaradatxo anisa
1          ”            kuminoa
1          ”            mihilua
Osagai guztiak birrindu eta pote baten gorde gure zekale ogiei botatzeko.


EGITEKO MODUA
  1. 12-15 ordu lehenago zekale ama orea prestatu egin behar da. Bezperatik zekale ama orea aktibatua izango dugu eta honetatik 3 gramo besterik ez ditugu hartuko. Ura botako diogu, ondo nahastu eta segituan zekale irin integrala, berriro nahastu. Nik normalean arratsaldeko 7tan prestatzen dut hurrengo goizean 11ak aldera ogia egiteko.
  2. 2-4 ordu lehenago “olo irin beratze” hori prestatzen da. Bol baten olo irin integrala ipiniko dugu eta kolpe batean ur bero-beroa botako diogu. Egurrezko goilara batekin ondo irabiatu. Plastikoaz estali eta esan bezala, 2-4 ordu beratzen utziko dugu.
  3. Ogia egiten den egunean, bol haundi baten osagai guztiak, ura izan ezik, jarriko ditugu. Ura pixkanaka pixkanaka gehituko diegu. Eskua orean sartzea gomendatzen dizuet, orea hatzamarrekin marruskatuz.  Orea itzaskorra eta irristakorra da, ia kontrolaezina. Behin nahastuta, bol-a estalita, 30 minutuko atsedenaldia hartzen utziko dugu.
  4. Orea azalera atera eta frantses teknika erabiliz (oso itsaskorra denez tradizional erara zaila delako), 10-15 minutu oratuko dugu.
  5. Bol-a olioaz igurtzi eta orea barruan sartu 3 orduko lehenengo hartzidura egin dezan. Olioz igurtzitako azaleran, ordubetero tolesdura bat emanez.
  6. Azken tolesdura egin eta gero, irin pittin bat botako dugu azaleran eta horren gainean 15 minutu inguru orea deskantsatzen utziko dugu. 740 gramoko hiru zatitan banandu, boleatu eta azkenik, erabiliko ditugun moldeetako forma eman (borobila ala luzea).
  7. (Aukerako) orea trapu busti batetik pasatu, hezetu eta haziak gainetik bota.
  8. Banetoietan edota olioz igurtzitako metalezko moldeetan sartu eta bigarren hartzidura egin dezatela, beste pare bat ordu utziko ditugu.
  9. Laba berotu 240ºtara. Lurrina prestatuko dugu labaren barruan (harrira eta metalezko ontzira ur beroa jaurtikiz)
  10. Ogiari ebakiak egin eta laban sartu. 5 minutu pasa eta gero tenperatura 220ºtara jaitsi. Labekatzeko denbora: 50 minutu.

ON EGIN DEZAZUELA!!

6 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Brown soda bread

Gabon hauek Irlandan pasa ditut, mutilaren gurasoen etxean. Irlandar gastronomiako hainbat “perla” probatzeko aukera izan nuen, eta agian gehien gustatu zitzaidan gauzetako bat soda bread izan zen.

Niri behintzat nahiko harrigarria iruditu zitzaidan, baina yeast bread eta soda bread delakoak argi bereizten dituzte; hau da, alde batetik, legamiarekin egindako ogiak, eta bestetik, berriz, bikarbonatoarekin egindakoak.

Gaur aurkezten dizuedana soda bread integrala da. Errezeta mutilaren aitarena da, eta benetan pena merezi du probatzeak. Hauek dira osagaiak:

  • 350 gr. irin integral
  • 115 gr. irin zuri
  • 2 goilarakada txiki bikarbonato
  • 1/2  l. buttermilk (gazta eta gurina egitean sobratzen den sueroa da, han edozein supermerkatutan saltzen dute boteilatan. Hemen horrelakorik aurkitzea ezinezkoa denez, ura erabili dut, eta esne pixka bat bota diot, ura zuritzeko adina).
  • 25 gr. gari zahia (gazteleraz “salvado de trigo”)
  • 50 gr. galorratz (gazteleraz “germen de trigo”)
  • 50 gr. azukre beltz

Nik handik ekarritzako irin integrala erabili nuen.

Paketean ageri den bezala, filtratu gabeko irin integrala da, hau da, gari azalak eta guzti ditu, eta horregatik, oso ogi iluna ateratzen da. Gainera, galorratza eta gari zahiak ere ogia ilundu egiten dute, eta usain berezia ere ematen diote ogiari.

Ezer egiten hasi baino lehen, labea berotzen jarri.

Lehenbizi, osagai lehor guztiak nahastu bol batean, eta gero, poliki-poliki ura botatzen joan, eta dena ongi nahastu, pure antzeko orea lortu arte.

Molde bat gurinaz edo olioz igurtzi, eta gero irini pixka bat bota, ogia moldera ez itsasteko.

Orea moldera bota, eta labera sartu. Labean 200ºCra egosi, 45 minutu inguru.

Hau da emaitza:

Bizkotxo antzeko ogia da, ez da arraultza frejituan bustitzeko modukoa, baina gosaltzeko primerako ogia da. Xigortuta, gurin edo gazta pixka batekin, eguna hasteko modu ederra. Gainera, fermentaziorik behar ez duen ogia denez, oso azkar egiten da, ordu betean prest dago,eta beraz, edozein estualditik ateratzeko irtenbide ezin hobea da.

17 Iruzkin

Bixiguk idatzia atalean