Artxiboa laburpen hitzeka: soda bread

Brown soda bread

Gabon hauek Irlandan pasa ditut, mutilaren gurasoen etxean. Irlandar gastronomiako hainbat “perla” probatzeko aukera izan nuen, eta agian gehien gustatu zitzaidan gauzetako bat soda bread izan zen.

Niri behintzat nahiko harrigarria iruditu zitzaidan, baina yeast bread eta soda bread delakoak argi bereizten dituzte; hau da, alde batetik, legamiarekin egindako ogiak, eta bestetik, berriz, bikarbonatoarekin egindakoak.

Gaur aurkezten dizuedana soda bread integrala da. Errezeta mutilaren aitarena da, eta benetan pena merezi du probatzeak. Hauek dira osagaiak:

  • 350 gr. irin integral
  • 115 gr. irin zuri
  • 2 goilarakada txiki bikarbonato
  • 1/2  l. buttermilk (gazta eta gurina egitean sobratzen den sueroa da, han edozein supermerkatutan saltzen dute boteilatan. Hemen horrelakorik aurkitzea ezinezkoa denez, ura erabili dut, eta esne pixka bat bota diot, ura zuritzeko adina).
  • 25 gr. gari zahia (gazteleraz “salvado de trigo”)
  • 50 gr. galorratz (gazteleraz “germen de trigo”)
  • 50 gr. azukre beltz

Nik handik ekarritzako irin integrala erabili nuen.

Paketean ageri den bezala, filtratu gabeko irin integrala da, hau da, gari azalak eta guzti ditu, eta horregatik, oso ogi iluna ateratzen da. Gainera, galorratza eta gari zahiak ere ogia ilundu egiten dute, eta usain berezia ere ematen diote ogiari.

Ezer egiten hasi baino lehen, labea berotzen jarri.

Lehenbizi, osagai lehor guztiak nahastu bol batean, eta gero, poliki-poliki ura botatzen joan, eta dena ongi nahastu, pure antzeko orea lortu arte.

Molde bat gurinaz edo olioz igurtzi, eta gero irini pixka bat bota, ogia moldera ez itsasteko.

Orea moldera bota, eta labera sartu. Labean 200ºCra egosi, 45 minutu inguru.

Hau da emaitza:

Bizkotxo antzeko ogia da, ez da arraultza frejituan bustitzeko modukoa, baina gosaltzeko primerako ogia da. Xigortuta, gurin edo gazta pixka batekin, eguna hasteko modu ederra. Gainera, fermentaziorik behar ez duen ogia denez, oso azkar egiten da, ordu betean prest dago,eta beraz, edozein estualditik ateratzeko irtenbide ezin hobea da.

17 Iruzkin

Bixiguk idatzia atalean