Artxiboa laburpen hitzeka: txorizoak

Santo Tomas ogia

Santo Tomas eguna dela eta, txorixoz beteriko opil bat egin dut nire mutilaren eskaeraz. Gainera, ogi osoa jarraian egiteko astirik ez nuenez, lehen hartzidura hozkailuan egin nuen, egun batetik bestera utziz.


Osagaiak:

  • 250g gari irin zuri
  • 140ml ur
  • Gatz pixka bat
  • 3g legami fresko
  • Txorixo bat

Lehenik eta behin, irina, ura, legamia eta gatza nahastu nituen koilara batez lehenik, eta eskuz, ondoren. 10 minutu horrelaxe utzi ondoren, ondo oratu nuen dena, eskuz, orea lixo-lixo eta ‘membrana proba’ pasa zuen arte. Orduan, olioztaturiko ontzi batean sartu, plastiko batez estali (ez lehortzeko) eta hozkailuan sartu nuen hurrengo egunerarte.

Hozkailutik ateratakoan, desgasifikatu, opil itxura eman eta 5 minutuz lasaitzen utzi nuen. Ondoren, forma luzexka eman eta barruan txorixoa sartu nuen. Ondoren, orearen gainazalari tentsioa eman nion eta opila prest utzi nuen. Bitartean, labea berotzen jarri nuen 230ºC-tara. 45 minutu igaro ondoren, orea berriz igota zegoen, eta labea beroa zenez, laberatu egin nuen. Lehen 20 minutuak 230ºC-tara ur-lurrunarekin, eta beste 25 minutu 200ºC-tara eta urik gabe.

 

OHARRA: Errezeta hau hemen topa dezakezue gazteleraz.

AVISO: Podéis encontrar esta receta en castellano aquí.

4 Iruzkin

Olaiak idatzia atalean

Txorizoz beteriko otartxoak.

Cabuérnigan (Cantabria) nago, oporretan. Aspalditik daukat loiba nagusia atzetik hauxe esanez: tio, txorizoz beteriko ogia noiz egin behar diguzu? Irina daukat, txorizoa ere, bainaaaa … ez nuen ikusten momentua. Herenegun (larunbata), kriston eguraldi txarra izan genuen, 18ºtik gora ez ginen pasatu eta etxeko batzuk hotzez hiltzen zeunden. Aitzaki ederra laba martxan ipintzeko pentsatu nuen, etaaa … aurrera!!! Karapaixoa nuen buruan bainaaa, irudi hau ere. Berari arrautza egosia ez zaio gustatzen beraz, erabakia oso erreza izan zen.

Osagaiak:

  • 350 gr. ogia egiteko galirina.
  • 100 gr. zekale erdi integrala.
  • 50 gr. zekale zuria.
  • 275 gr. ur.
  • 225 gr. ama ore.
  • 12 gr. gatz.
  • Txorizoa.

Katilu baten irinak eta gatza ondo nahasi. Ura eta ama orea gehitu, ondo nahastu. Ordu erdi inguru laga autolisia egiten. Ondoren, mahai gainera atera eta nahi duzuen teknika erabiliz, 5-10 minutuz oratu.

Olioztatutako katilu baten sartu lehenengo hartzidura (atzo, 3 ordukoa) egin dezan. Ordu betero tolesdura bat eman nion. Azkenengo tolesdura ondoren, bola forma eman, eta 15 minutu inguru egonean laga.

Bolatxoak egin (100 gramoko hamar atera zitzaizkidan), eta txorizo zatiak goitik behera sartu.

Kontutan izan, bigarren hartziduran (ordubete eta hogeita hamabost minutu + hogeita bost minutu labea berotzen) eta labean orea hasi egiten dela beraz, txorizoaren beste hainbeste kanpoan laga.

Ordubete eta berrogei minutu pasa ondoren, labea 250º-tara berotzen ipini. Tenperatura hartu duenenan otartxoak sartu eta 12 minututan eginda daude.

Behean ikusten duzuenari atzo, goizeko 11etan, haginkada eman nion. Ezetz asmatu nolakoa zegoen, bai bai, zegoennnn!!!

Muxu bat.

10 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean

Karapaixo, Garipaua, Mokotza.

Duela 17 urte eta erdi,  langabezian momentu larriak pasatzen ari nintzela, Amaiaren senide bati esker, eraikuntzan hasi nintzen lanean. Arrasateko enpresa baten hain zuzen ere. Bi urte eta erdi egin nituen bertan eta ogi hau ezagutzeko aukera izan nuen. Ez da ogi ezaguna, ezta gutxiago ere.

Garai hartan, ostiralero, lagun kuadrila eskiatzera joaten ginen eta ogi hau behin baino gehiagotan gure afaria izan zen. Aretxabaletako baserri baten enkarguz, erosten nuen. Goxoa, redio!!! Guztiz ahaztuta neukan, baina duela 2-3 hilabete ez dakit nola, burura etorri zitzaidan eta hemen duzue.

Hasteko, ogi honek duen istorioa kontatuko dizuet eta ondoren, justu hemen sarrera honetan, duzuenaren *bitxikeri bat ere.

Euskal Herriko eskualde batzuetan, garizumako egunetan, ogi tipikoa duzue hau. Besoetakoari, ezkondu arte, oparitzeko ohitura dago. Hiru puntako ogizko opila da, eta ertz bakoitzean arrautza du; barruan ezkutatuta edo azalean berriz, txorizoa. Aspaldiko ohitura da: antzina, baserri askotan egiten zuten ogi hau. Nahiz eta aspaldikoa izan ez da galdu. Ume askok eta hain umeak ez direnak ere, jasotzen jarraitzen dute, ilusioa begietan. Gehienetan, hori bai, aita-ama pontekoek erosi egiten dute, ez egin. Garai batean badirudi, garizumako ostiraletan txorizorik ez zutela jartzen, baraua errespetatzeko.

Dirudienez, garapaio da jatorrizko izena; Debagoinean “karapaixo” deitzen diote, Elgetan “garipaua” eta Durangaldean “mokotza”.Aditu batzuen ustez, erromanizazio aurreko usadioa da, udaberriaren etorrera ospatzeko egiten zen: arrautzak bizitza berriaren ikur izango lirateke; ohitura kristautu ahala, “karapaixoa, garipaua, mokotza” garizumarekin lotu zuten.

Osagaiak:

  • Ogia egiteko galirin zuria 400 gr.
  • Espelta zuria 100 gr.
  • Ura 325 gr.
  • Legami freskoa 10 gr.
  • Gatza 12 gr.
  • Azukrea 5 gr.
  • 3 txorizo
  • 3 arrautz egosiak

Bol baten irinak, azukrea, gatza eta legamia nahasi. Ura gehitu eta ondo nahastu. Mahai gainera atera eta 10-12 minutu inguru oratu. Nik, frantsez (Bertinet) teknika erabili nuen. Olioz igurtzitako bol baten sartu eta plastikozko filmaz estali. Laga 90 minutu lehenengo hartzidura egiten. Ondoren, mahai gainera atera eta gasgabetu. Forma eman, arrautzak eta txorizoak ipini eta, landare-paperarekin estalitako labeko erretiluan jarri. Estali eta laga beste ordu bete inguru bigarren hartzidura egiten.

Laba, 225 gradutara aurreberotu. Beroa dagoenean orea sartu, tenperatura 200 gradutara jaitsi. Lehenengo 3 minututan labeko hormak spray batekin ureztatu. Ordu erdi inguruan eginda dago. Labetik atera eta parrila baten gainean hozten laga.

On egin!!!

* Eta orain bitxikeria.

Karapaixoa burura etorri zitzaidanetik, berari buruz sarrera bat ipintzeko asmoa nuen. Karapaixo hau duela hiru aste egin nuen, zergatik?

Ogia egiten hasi nintzenetik, ogia egiteaz gain, gehien gustatzen zaidana jendearekin egiten dituzun harremanak dira. Eta alde hortatik pertsona zoriontsua sentitzen naiz. Lagun asko ezagutu ditut, eta ezagutuko ditudanak, euretariko batzuekin blog hau sortu nuen baina, bat dut niretzat oso oso berezia dena, Teba. Ia egunero txateatzen dugu, eta egun baten horretan genbiltzala zera esan zidan:

  • Juansho (sarritan nire izena horrela idazten du), Frantzian antolatu duten lehiaketa baten, nirekin batera, parte hartuko zenuke?
  • Lehiaketa bateeen? keeeba
  • Zergatik ez?
  • Ez daukat gogorik  (oso baxu nengoen)
  • Benga, animatu zaitez “abuelito” (horrela ere deitzen nau lotsagabe horrek) 😉
  • Abeeer, zer daaa?

Eta zer zan azaldu zidan.

  • Bale, baina baldintza batekin.
  • Zein?
  • Ogia, hemengoa, Euskal Herrikoa izan behar dela.
  • Ados. Zein ogi?
  • Karapaixoa.  (beste aldean, ixiltasuna). Bapatean ….
  • Zu bai zarela karapaloooo (horrela, irakurtzen duzuen bezala bota zidan) Nire erreakzioa ….
  • Jajajaja ni, “por el puto suelo” barrezka, eta lotura bat bidali nion.

Ikusi bezain pronto, ados zegoela esan zidan, ikusgarria iruditu zitzaion. Ez zuela ezagutzen eta karapaloarena barkatzeko, jaja. Lasai, ez da batere ezaguna esan nion, ondoko eskualdetan egiten dute baina, nik Arrasatera lanera joan arte ez nekien existitzen zenik ere ez.

Egin, eta bidali genuen. Begiratu hemen. Ikusi duzue? ba, orain begiratu hemen. Laster, beste ogi liburu bat ingelesez, ainss!! Berrogei partaidetik bostgarrenak geratu ginen, ez dago gaizki ezta?

Zorionak eta muxu haundi bat, Teba.

Muxu bana.

32 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean