Artxiboa laburpen hitzeka: Berlin

7 egun 7 ogi Berlinen

Azkenaldiko bidaietan, hauek norberaren zaletasunekin lotzen saiatu ezkero tokiak beste maila ezkutuago batzuetan ezagutzeko aukera ematen dutela konturatu naiz. Ni behintzat horretan saiatu naiz eta nire bidaiak aberatsagoak izatea lortu dudala uste dut. Betiko monumentu eta bestelakoez gain, turiston begibistatik at dauden txoko, ohitura  edo egunerokotasunak ikusi eta biziz.

Duela gutxi adibidez, astebete libre nuela eta Berlinen izan nintzen. Brandenburgoko ate, museo eta bestelakoak bisitatu bai baina nire azkenaldiko zaletasunen haritik alde batetik ezkutuko hormetan, ezusteko txokotan, dauden artelanak aurkitu eta bestetik ogi ezberdinak dastatu ahal izan nituen.

Ogiei dagokienez, egunero ogi ezberdin bat probatzen saiatu nintzen, eta hau horren kontakizuna da.

Berlinen txoko guztietan aurki daitezke okindegiak, hemen ditugunak baino askoz gehiago, alemanek ogiaren inguruan duten kulturaren adierazle. Horietako asko gainera ogi organiko eta “bio”-etan espezializatuak. Organikoa esaten dutenean, hemen ematen diogunaren esanahi bera ematen diotela suposatzen dut. Baina “bio” hitz hori … era guztietarako produktuak ikusi ditut hitz horrekin markatuta, auskalo zer sartzen den saku horretan.

Zoritxarrez, ez dakit alemanieraz eta ez nuen aldez aurretik gaiarekin lotutako hitzen hiztegitxorik prestatu (hurrengorako etxekolanak eginda joango naiz). Orokorrean berlindar askok ingelesez badakiten arren, okin eta okindegi saltzaileen artean hizkuntza hori dakitenak  gutxiago direla iruditu zitzaidan. Guzti horrek komunikazioa zaildu zuen, eta behin edo behin gehiago jakiteko edo barruraino sartu eta labearekin lanean zebiltzenekin hitzegiteko gogoz gelditu nintzen.

Baina tira, batzutan sena erabiliz eta bestetan saltzaileari aukeratzen utziz azkenean zazpi ogi ezberdin probatu ahal izan nituen. Zorionez, ogi bakoitzak bere izena (eta batzuetan abizen guztiak ere) bazuen eta hori apuntatuta eta gero etxean itzulpen lanak eginda jandakoa zer zenaren ideiatxo bat badaukat. Hona hemen:

1) Patata ogia: Astebukaerako azoka txiki horietako baten erosia, gari eta patata urunez egindakoa. Teorian egunean bertan egindakoa zen baina egun batzuk bazituela zirudien, gogortu beharrean bigun eta aldi bateko historia izatearen zaporez. Zapore ezaguna niretzat (baina ez patatarena), ez oso fuertea baina zaharra izatearen toketxoaz. Holan behar al du? Patataren eragina al da? Ahuntz gaztarekin bizitza apur bat ematen saiatu nintzen baina arrakasta haundirik gabe. Niretzat patata ogi hau hori, patata bat izan zen.

2) Zekale eta gari ogi erdi-integrala: Kreuzberg auzoan erdi galduta, turkiarrak bizi eta beraien giroa duen ingurua aurkitu ezinik nenbilela, benetako okindegi batekin egin nuen topo. Bertan lan eta bezeroen bistara zuten labe baten egiten zituzten ogiak. Kategoriako ogia erosi nuen bertan, benetan on ona, biak izan arren zaporean gariak zekaleak baino pixu gehiago zuelarik. Bera bakarrik jateko modukoa bazen ere nik morokar saltsa batekin lagundu nuen. Hurrengo egunean ere primerakoa zegoen.

3) Fetadun ogia: Type 550 gari uruna, feta gazta, piper gorria,  pepperoni, … denetarik zeukan. Forma arraroko ogia, oreari buelta batzuk emanda ilargi edi edo adar itxura eman arte. Mamin hezea eta azal biguna zeukan piper eta feta zatiak nabarmen igartzen zirelarik. Feta zatien inguruan orea banandu eta haitzuloak sortu zituen. Zapore oneko eta jateko oso erraza zen ogia, otartekoren baten ordez bidean otordu bat egiteko modukoa.

4) Espelta eta hazidun ogia: Dendariaren gomendioz hartu nuen ogia, zer zen jakin gabe, alemanieraz apuntatu eta behin etxean itzultzekotan … eta hau sorpresa! Espelta inoiz dastatu gabekoa nintzen eta gozo xamarra omen da, baina ogi hau OSO garratza zen, Tebak dioenez ama orearen ondorioz edo … Nire gustorako gehiegizko garaztasuna zeukan, agian zerekin jan jakin ezkero … bertako saltxitxoi antzeko batekin laguntzen saiatu nintzen baina …

5) Intxaur eta hur ogia: Astean gehien disfrutatu nuen ogia, hurrak eta intxaurrak tamainu egokian zatituak urun integralean ondo nahasturik. Zatitxorik tokatzen ez zen mokauetan (gutxitan) bi horien zaporea ere igartzen zen. Gehiegizko betekadarik sentitu gabe jateko moduko ogia, neurrikoa. Gosaltzeko eta meriendatzeko Nutella kantitate ganorazko batez ezin hobea. Okin afizionatu honek egunaren bukaerarako erabilitako portzentaia honoko hau izan zen: 100% intxaur eta hur ogi bat 100% Nutella potearekin, biak garbi utzi arte.

6) Zekale ogitxoak: Berlingo horma zegoeneko ibilibidea jarraitzen nenbilela, gosari eta bazkari artean goserik ez pasatzeko okindegi industrial batean erosi nituen (croissant-en itxura pista bezela erabili izan banu …). Zekale (edo beste ezeren) zaporerik ez zuten, goma zati bat jatea bezala, eguerdirarte besterik jan gabe aguantatzeko beste eta listo. Bai, Alemanian ere horrelakoak badituzte.

7) Erromero ogia: Kanpotik hazitxoak eta barrutik erromero zatitxoak zituen. Kanpotik iluna eta barrutik argia zen, nik behintzat pretzel itxura hartu nion. Gurin apur bat ere bazaukan eta erromeroaren zatitxoekin textura eta zapore freskagarriak zituen. Nik beste ezerekin lagundu gabe erraz erraz jan nuen, baina entsalada on baten hondarrak garbitzeko egokia izango litzateke.

9 Iruzkin

Xabihirulauk idatzia atalean