Kanela opiltxoak

Egunon denei,

Ez pentsa, ez, ahaztuak zintuztedanik. Azkenaldi honetan etxean egin ditudan gauza batzuei zenbait argazki atera diet edo argazkia atera behar niela pentsatu… baina gero edo argazkia ateratzea, edo argazkiak ordenagailura igotzea, edo post-a bera idaztea…

Baina guzti hau gaurtik aurrera amaitu egin da! Krisiari ezker gaurtik aurrera denbora gehiago izango dut nire kontuetara dedikatzeko! Eta blog honi arreta gehiago dedikatzeko!

Iupi!

Gaurko opiltxoak ortziralean, laneko azken egunean, lankideak agurtzeko eraman nituenak dira. Bi aste lehenago, bertze lankide bat agurtzeko ere eramanak nituen, baina nire labe madarikatuari esker nahiko idorrak eta pisuak atera ziren. Oraingoan, labearen zatia (niretzat delikatuena egiten zaidan fasea) ondo-ondo zainduta (denbora eta potentzia gutxiagoaz, eta beroa azpitik bakarrik eta bentiladoreaz) askoz ere itxurosoagoak gelditu ziren.

Faseren batean argazkia ateratzea ahaztu zitzaidan, baina espero dut azalpenak nahiko argiak izatea. Errezeta bera, Dan Lepard-en The Art Of Homemade Bread liburutik aterata dago (Chelsea buns).

OREA:

– 450 gr. irin (150 gr. arrunt eta 300 gr. ogia egiteko baliagarri dena)

– 9 gr. gatz

– 150 ml. likido, erdia ura eta erdia esnea, 20ºC-tan

– 2 arrautze (120 gr. aprox.)

– 50 gr. arto-siropea (hemen, ni lehenbizikoan 50 gr. ezti bota nion, baina gero opilek sobera ezti-zaporea zuten, beraz, bigarrenean goilarakadatxo bat ezti bota nion bakarrik)

– 14 gr. legamia freskoa.

BETEGARRIA:

– 100 gr. azukre-gorria

– 50 gr. gurin

– 1 goilarakada kanela

– 50 gr. mahaspas (errezetan 100 gr. jartzen zuen)

ERREZETA:

Errezeta nahiko sinplea da: alde batetik, legamia likidoan disolbatu eta arrautzeak eta sirope/eztia gehitu. Bertzaldetik nahastu diren irina eta gatza gehitu eta oratu. Toki epelean utzi ordu batez.

Denbora pasata, orea zabaldu 12 inch-etako zirkunferentzia lortu arte (nik laukizuzen bat egin nuen, niri iruditu zitzaidan bezala). Orearen gainetik gurin urtua hedatu lehenbizi, eta azukre, kanela eta mahaspasak gero. Orea zigarro bat bezala bildu, estu-estu. Eta zigarroa hainbat xerratan moztu.

Hemengo argazkia ateratzea ahaztu egin zitzaidan. Barkatu.

Xerrak labe-erretilu batean pausatu eta ordubetez hartzitzen utzi.

Ondoren, Dan Lepardek aurretik 210ºC-tara berotua dagoen labera 30 minutuz sartzea erraten du, eta gero 190ºC-tara jeitsiz bertze 15-20 minutuz labean kontzea. Bueno, lehenbiziko aldian 30 minutuz 210ºC-tan labekatu ondoren nire opilak sobera labekatuak zeuden. Beraz, bigarren aldirako, Dan Lepardek zioenaz ahantzi eta opiltxoak 25 minutuz 180ºC-tan kontu nituen, labea azpitik bakarrik eta bentiladorea aktibatua duen programaz.

Ah! Labera sartu baino lehen azukrez zipriztindu behar dira eta labetik aterata 50 gr. azukre-hauts eta 50 gr. esne nahasketaz margotu.

Pena da lehenbiziko saiakeran ez nuela argazkirik atera, labea modu okerrean erabiltzeak lan guztia nola hondatu dezakeen ikus zenezaten… Eta hauek ere, oraindik tenperatura apalagoan egin zitezkeela iruditzen zait (hori ba, NIRE labean)

 

 

7 Iruzkin

Uncategorized atalean

7 responses to “Kanela opiltxoak

  1. mari

    Hori da labekada!
    Azken opor hauetan Londonen ibili gea, ta benetan Harrod’s eko bakery-koak bezain dotoreak atera zaizkizula, high level!! Hangoekin Hyde Parken gure piknikari bukaera goxoa eman genion. Zuk berriz, lanekoei agurra. Animo, eta diozun bezala: krisiari….. ezker! 😉

    mx,

    • pantxika

      Epa Mari,
      Momentuz egoera berrira egokitzen ari naiz… Labekadari buruz, jakin ezazu nire epe ertaineko helburua labe madarikatu hori menderatzea dela!

  2. Ufaaaa!! Bata bestearen atzetik jango nituzke gosaltzeko…Ze itxura!
    Segi denbora librea horrela aprobetxatzen, zihur batek baina gehiagok eskertuko dizula!
    Zorte on eta laister arte!!

    • pantxika

      Itxura bai, baina oraindik ez zeuden nik nahiko nukeena bezain samurrak, baina LORTUKO DUT!
      Ba, ez pentsa, inguru hurbilenean ez dut fan-klubik. Lanekoak bai, horiek bai gustura jaten zutela nik eramaten nuen guztia…

  3. Hemen beste gozozale bat…a ze itxura!!!

    • IRune

      Hola Ixaxkun, ongietorria gure blogera!

      Itxuraz ez zaitez sobera fiatu, argazkiekin dudan habilidadea, des-habilidadea baita…

      • Jeje! Ba orduan sekulako des-habilidadea daukazu!..eta esandakoa…, zelako itxura…opil denak derrepentean jateko gogoz nago ta!

Leave a reply to pantxika Utzi erantzuna