Gari eta liho hazidun ogia.

Gaurko hau, nire blogean jarritako azkenengo sarreraren jarraipena duzue. Sarrera hura nire lagun bat zoriontzeko jarri nuen eta han azaltzen den ogiaren errezeta duzue gaurkoa. Dan Leppard-en “linseed and wheat bread” ogian oinarritua. Neri, ama orearekin eginiko ogiak gustatzen zaizkidanez, legami freskoarekin egin beharrean ama orearekin egin nuen.

Osagaiak:

  • Galirin zuria (Rincón del Segura) 300 gr.
  • Galirin integrala (Rincón del Segura) 175 gr.
  • Ama orea 250 gr.
  • Ura 310 gr.
  • Urre koloreko liho haziak 100 gr.
  • Malta irina 8 gr.
  • Gatza 13 gr.

Bol baten irinak, lihoa eta gatza ondo nahasi. Ondoren, ura eta ama orea gehitu, nahastu eta ordu erdi inguru laga autolisi egiten. Horrela, oratzeko denbora murriztu egingo dugu.

Ordu erdia pasatu ondoren, orea mahai gainera atera eta frantses teknika erabiliz 12 minutu inguru oratuko dugu. Mintz froga pasatu zuen, baina ez da derrigorrezkoa.

Olioztatutako bol baten sartu lehenengo hartzidura egin dezan. Lehenengo hartzidura hori hiru ordukoa izan zen, 22 gradotan zegoen toki baten egin zuen eta orduro tolesdura bat egin nion.

Hirugarren tolesdura ondoren, formatu eta bannetoian sartu. Lehengo toki berean (22º) ordu eta erdiko hartzidura egiten laga. Ordu bete pasatu ondoren, labea 250ºtara berotu (30´)  eta lurruna izan dezan, prestatu labearen behekaldean metalezko ontzi bat.

Banetoitik,  laberako paper batera atera eta taxuak ematen dizkiogu. Metalezko  ontzira ur irakina bota, orea sartu eta lehenengo 3-5 minututan sprayaz labearen hormak lurrindu. Ordu laurdena pasatu ondoren, tenperatura 235-225ºtara jaitsi eta berrogei minututan, gutxi gorabehera, egina dago.

Hemen mamia.

Merezi duen ogia da, oso goxoa!!! Lihoaren buruz esaten dutena egia bada, oso osasuntsua ere.

On egin eta muxu bat.

2 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean

2 responses to “Gari eta liho hazidun ogia.

  1. idu

    Oraingoan ere ogi dotore batekin Juantxo. Zer dela eta darama malta irina hain kantitate txikian? Antzematen da? Muxuak!!

  2. juantxo

    Aupa Idu,

    Lepard-ek bere errezetan jarritako irin neurriak bikoiztu egin ditut eta legami freskoa erabili beharrean ama orea erabili dut.
    Lihoa neurri berdinean jarri dut bikoiztea larregi iruditu zitzaidalako. Joe!! ale guzti hoiek ahoan bueltak emateeeen …. 😉
    Maltaren kasuan, bere neurriak errespetatuz gero 25gr. jarri beharko nizkion. Kolorea eta zaporea ematen die ogiei, gustokoa dut, baina niretzat berak erabilitako neurriak erabiliz gero beste zapore guztiak xurgatu (tapatu) egingo zituen.
    Oratzen hasten zarenean boletik igotzen den malta usaina kristona da, oso ona!!!
    Ez duzu inoiz erabili? Elkartzen garenean apurtxo bat pasako dizut, zuk probatzeko.
    Ogi hau izugarri gustatu zaigu, ziur errepikatuko dudala eta neurriak aldatzen joango naiz. Kontaukotzut

    Muxu haundi bat.

Utzi iruzkina