Kalabaza “empanadico”

Foro del Paneko Ceciliarena da errezeta. Hain atseginez denez, blogera igotzeko baimena eman dit. Kalabaza, duela gutxi bisitatu gintuen Roserren oparia da, argazkian ikusten den handia adinako bi alerekin agertu zitzaigun. Beraz, eskerrak bai Cecilia eta bai Roserri honako plater aparta gauzatzeko lehengai garrantzitsuenagatik.

Ezkerrekoa, Roserren oparia da.
Eskumakoa Potimarrón barietateko kalabaza da

Eta zegatik “enpanadico” delakoa? Behin, TV3 ikusten, duela bi uda, Hueskako herri bat, Tolva, agertu zen eta okindegiko obredore bat azaldu zen eta plateraren izen eta errezetarik eman ez zuten arren, carbassa coca bat sukaldatu zuten ( carbassa, kalabaza da katalaneraz). Handik garai batera “carbassa coca” bilatzeari ekin nion web orrietan, baina, bizkotxoak azaltzen zitzaizkidan soilik

Googleko irudietara jo nuen eta bapatean TV3an ikusitakoa ekarri zidan burura. Enpanadico bat zen, edo kalabaza enpanada erraldoi bat, Hueskako gozo tipikoa. Miatzen, azpian doan bideoa eskuratu nuen eta geroztik, Juantxok, Ceciliaren errezetarenenlazea pasatu zidan. Horrela, saskiko barazkiei beste erabilgarritasun bat eskaini diegu: postre osasuntsu, koipe saturatu eta kolesterolik gabekoa, esne eta arrautzarik gabe eta oso gozoa.

Orain, neuk gauzatutakoa azaltzen dizuet.

OSAGAIAK enpanadico handi bat egiteko.

Orea egiteko

  •  380gr Rincón de Segurako galirin txuria.
  •  230gr ura
  • 115gr Rincon del Segurako kainabera azukre beltxaran integrala.
  •  100gr oliba olio birjina.
  • koilarakadatxo bat anis berdea (espezia)
  • Laranja baten azala (Roserren oparia izan ziren laranjak ere)

BETETZEKO

  • 400gr Kalabaza, zuritua eta xaflatxoetan
  • 2 koilarakada azufre azukre koilarakadatxo bat kanela hautxarekin nahasia.
  • Pinazi eskukadatxo bat (20 bat gramo).
  • Pasa eskukadatxo bat (40 bat gramo).
  • Oliba olio birjina eta azukre beltzarana orea eta kalabaza  hautseztatzeko.
  • Tresna hauek: iragazki bat, egurrezko koilara, arrabola, labeko erretilua eta labekatzeko papera.

ELABORAZIOA

Bolean irina ipini eta gorde. Olioa, azukrea, anisa eta laranja azala irakitzen jartzen dugu. Hamar minututan irakiten utzi. Irina eta likidoa bat egin eta egurrezko koilaraz azkar nahasi. Ez sartu eskurik, kiskali egingo zinateke eta. Higitzen jarraitu tenperatura galdu arte eta beroa dagoen unean, baina erretzeke, mahaira atera eta ongi oratzen dugu. Ore biguna da eta ia-ia  ez da eskuetan itsasten. Orea bolean trapu batez estalita utzi 10 bat minutu. Labea berotzen dugu 180º. Boletik orea atera eta arrabolez tenkatzen dugu. Nik, labekatzeko paperaren gainen, bertan, tenkatu nuen, horrela, ez nuen behar izan irin estrarik. Behin tenkatua, gainaldea hautseztatzen zaio,(ertzak ez) azukrea eta kanelaz, ondoren, oliba olio txurrustatxo bat jarriz. Honen gainean, kalabaza jartzen dugu, honi ere, azukre eta kanela eta baita oliba olio. Azukrea eta olio norbere gustura. Beheko orea kalabazaren gainaldera tolestatzen dugu, enpanadila erraldoi bat egiteko bezala eta ertzak biltzen ditugu. Ertzak ebakitzen ditugu, pizza mozteko tresna edo laban batez. Ertza apur bat leuntzen dugu eta gorantza tolestatzen dugu. Bost zulotxo egiten dizkiogu gainaldeari (dadoetako 5 zenbakia bezala). Ebakinekin bi makarroi luze egin eta enpanadico gainean X gisa jartzen ditugu. 20 bat minutu sartzen dugu labean 180ºtara. Tenperatura 220ºtara igo eta minutu gutxi batzuk gehiago utzi urre kolorea har dezan. Adi, ez dadin erre. Parrila batera atera dut, azukre beltxaranaz hautseztatu eta gau oso utzi dut giro-tenperaturan. Gosaltzeko dastatu dut. Ze goxua! Dastatu dutenek oso gozoa dela diote eta zapore elkarketa txundigarria. Errepikatuko al dugu aste santuan? Agian, agian, agian…!

8 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

8 responses to “Kalabaza “empanadico”

  1. Egia esan ni ez naiz oso kalabaza zalea, baina ziur nago horrela primerakoa izango dela.

  2. mari

    Mmmm… gozozaleontzat plazerra.
    Burura etorri zait Jakara bidean dagoen obradore bat, Esako urtegia pasa eta errepideak behera egiten duenean, kurba zabal horietako batean. Bertan horrelako “enpanadico”ak saltzen dituzte, kalabaza edo “cabello de angel”ezkoak. Guk askotan erosi izan dugu, erdia eta erdia, eta krissstorenak dira. Kalabazazkoa hobea, barrukoa mermelada moduan geratzen da. Ea noiz animatzen naizen.
    Ai, Teba! kontuz tekleatzerakoan, ea intoxikazioren bat eragiten dugun… Betegarrien arteko “azufre”arengatik esaten dut. 😉

    Besarkada bat,

    • Aupa Mari!
      Zuk orduan ezagutzen zenuen empanadico-a. Nik telebistan ikusita neukala baina probatu barik. Sorteduna zu dastatu dituzulako!

      Azufrearena, ze ona, ze ankasartze dotoria (word dokumentuko zuzentzaileak erangindakoa). Aldatu dut, ok??? Je, je, zenbat farre egin dudan zure iruzkina irakurtzerakoan.

      Muxu haundia ta ondo pasa,

  3. juantxo

    Marik esaten duen moduan, gozozaleontzat plazerra bada 🙂 laster egin beharko dut ba. Aber gaur arratsaldean asti pixkat dudan taaa …..
    Galdera bat; Olioa, azukrea, anisa eta laranja azalekin infusioa egiten duzu edo irinari laranja azala ta anisa ere gehitzen dizkiozu?

    Muxu haundi bat.

    • Aupa Juantxo!
      Zure erantzuna:
      Infusioa egin ondoren ta irinara botatzerakoan iragastontzia erabili behar izan nuen. Orduan ez nion oreari bota ez haziak ez laranja azala. Hala ta guztiz ere Ceciliak foro del pan-en anisa haziak utzi zituen orean. Orduan, zuk aukeratu zein dan gehio komeni zaizuna: anisa haziak uztea ta anisa saporea sakonagoa izan ala, anisa haziak kendu ta anisa saporea suabeagoa izan.

      Muxutxue

  4. Nik uste det ezagutu eta dastatu dudala empanada gozo hau. Guk Puente La Reina de Jaca-ko okindegian erosi izan degu, mermeladazkoa edo txokolatezkoa. Normalean pirineotara goazenean mendian jateko erosten degu, eta bueltako bidean ere hartu izan degu, etxera eramateko.
    Zenbat denbora holako bat jan gabe….
    Aitzakiarekin egin beharko degu bidai bat laister!

    • Aupi olatz!

      Pozten naiz zuk “empanadicoa” ezagutzeaz 🙂
      Orain, ez daukazu aitzakirik errezeta baduzu eta.
      Ea animatzen zareten bisita hori egiten.
      Muxutxue!!!

Utzi iruzkina