Zugarramurdiko inguruetan (II) edo Mathieu Mendizabalen proiektua ezagutu

Oharra: sarrera hau bertze honen jarraipena da.

(…) Igandean Mathieu Mendizabal bisitatzera joan ginen, Donazaharrera, bertan ogia egiteko antolatzen ari den atelier edo tailerra ikustera.

Mathieuk bere okin ibilbidea Bretañan hasi zuen. Bertan, hasiera batean abeltzantzako ikasketei ekin bazion ere, mundu hori berak uste baino gogorragoa zela konturatuta okin artisau baten eskutik murgildu zen pasioa, ilusioa eta bokazioa bihurtu den bere gaur egungo ogibidean.

Euskal Herrira bueltatuta, ogi ekologikoa egiten hasi zen Domintxinen, Sortalde elkarteak lagunduta, baina bere ogi/bizibide proiektua borobildu nahian, garia ogi bihurtzen duen prozesu magikoaren etapa guztiak bere gain hartu nahi izan zituen. Lurrak praktika iraunkor eta ekologikoaz landuz kalitatezko ogia egiteko moduko garia emango diolakoan, lursailen bila murgildu zen Mathieu. GFAM elkarteari esker(*), lur sail batzuk lortu ditu berak ereindako, landutako, bildutako eta ehotutako gariaz ogia egin eta horretaz bizitzeko.

Donazaharren kokatua dagoen bere atelierran, oraindik obretan dagoena, garia bildu, garbitu eta ehotuko du eta ama-orez ogi ekologikoak egingo ditu.

Obretan egonagatik ezin izan genuen bere labea ikusi, oraindik ez bait diote ekarri. Kontatu zigunagatik, azken teknologiaz egindako labea da. Beraz, jartzen duenean beste bisita bat egin beharko dugu hura kuxkuxeatzera!

Ehiera (errota hegoaldekoentzat) bai, jarrita eta martxan dauka. Piztu eta demostrazio txiki bat ere egin zigun, bere azalpenez lagunduta. Errota-galbahea “Astrie” markakoa da eta granito harriekin birrintzen du alea. Oso prozesu modernoa baina aintzinako erara.

Hemen behean halako errotei buruzko informazioa ikus dezakezue. Irudiaren gainean klikatuz beste leihoan irakurri ahal izango duzue “zoom-a” erabiliaz.

Han geundela, Mathieu hainbat gauzei buruz mintzatu zen: Bretañako okin artisauek osatu duten sare indartsu eta sendoaz, biodibertsitateaz, hazi ekologikoen problematikaz gaur egungo merkatu/ordenamendu kapitalista/merkantilistan eta haien alde lan eskerga egiten duten elkarteez

Ateliera ikusita, Donapaleura joan ginen bazkaltzera eta handik Zuberoako bidea hartu genuen bere gari-saila ezagutzera. Bidean, oraindik Benafarroan geundela, gaur egun erabiltzen duen laba bisitatu genuen. Aintzinako laba da, Pagola herrixkan lagun batzuen baserrian kokatuta dagoena eta eurek (Mathieu ta lagunek) konpondu zutena eroria baitzegoen. Bi urte daramatza ogia egiten eta labekatzen laba horretan, astelehenero.

Hasiera batean, lagunen etxeko saloian (!!!) oratzen eta prestatzen bazuen ogi-orea, orain arropa garbitzeko gelan (!!) berarentzako propio atondua txoko txiki bat dauka. 2 metro karratu eskasetan astelehenero eskuz oratu eta maneiatzen ditu 80 kg. ore, 40 kiloko bi txandatan (!!!!!!!!!). Ikusi beharko zenukete, nola aritzen den detaile guztiak mimoz kontrolatzen, berea ez den etxean ahalik eta traba gutxien egiteko!

Prozesu osoan erabiltzen dituen tresna eta erreminta guztietatik XXI. mendekoa den gauza bakarra berriki erositako laser bidezko termometroa da, bertze guzti-guztiak XX. mendeko hasierako, edo lehenagoko, tresnak dira.

40 kilo eskuz oratzeak ze suposatzen duen ikus dezazuen:

Pagolatik Zuberoara, Aruera, joan ginen, bere 10 hektareako lursaila ikustera. Denboraldi hasieran denean garia erein bazuen ere, erdiak pasa belardi gisa eman beharko du bizpahiru urtez, otadi izandako lurrak emankor izateko soberan duen azidotasuna galdu dezan. Ez du presarik egoera hau artifizialki iraultzeko. Mathieuren esanetan lurra naturalki etorriko da bere onera.

Bitartean, urtero ereingo duen 20 mota ezberdinez osatutako gari-hazi nahasketak, eskarmentu handiko laborari akitaniar batek hogei urtean zehar egin dituen aproba eta ikerketen ondorioz lortu duen gari-hazi nahasketa, Zuberoko lur eta klimara egokitzen joango da. Barietate batzuk atzean geldituko dira, desagertzerarte akaso eta beste batzuk aurrera egingo dute, urte bakoitzean egingo duen eguraldiaren arabera ezaugarri desberdinak izango dituen uzta lortzeraino. Espelta eta zekalea ere landuko ditu.Itxura ederra zuten gari aleek: bizardunak ta ez bizardunak, altuak ta baxuak, finak ta potoloagoak, denak eguzkitan… oso-oso polita.

Gari-aleek eta haizeak sortzen zuten musika eta Mathieuren hitzen poesia adituta, berriro martxan jarri ginen Gamartera, bere iurta ikustera. Hobe erranda, geratzen den arrastoa, eguzkiak erre egin baizion. Iurta, lagun batena den Galtxetaburu izeneko etxe bateko lurretan jarria zuen eta bertan dituen sendabedarrak, loreak eta esperimentaziorako ereindako gari sortak erakutsi zizkigun. Sendabedar eta lore batzuk, ikusi ez ezik, dastatu ere egin genituen.

Denetara porronponpila kilometro egin genituen, eta ez Zugarramurdiko inguruetan bereziki, egun sargori batean, baina pena merezi izan zuen. Eguneko ibilbidearen mapa:

Eguna nahiko nekatuta amaitu genuen, emandako buelten eraginez turista japoniarrak bihurtu ginela susmatuta, baina zoragarria izan zen Mathieu bezalako pertsona maitagarri eta goxoa ezagutzea eta bere proiektua ezagutzeko eta zuei guztioi ezagutarazteko eman digun aukera; proiektu sendoa, ekologikoa, idealista, konpromisoz, ilusioz eta errespetuz betea… Horixe baita Mathieu eta bere proiektua ezagututa gehien hunkitzen duena: bere inguruarekiko (bai gauzekiko, bai izakiekiko) uneoro erakusten duen errespetua, frantses politess-etik haratago doana, sentimendu sakon eta guztiz sinesgarria dena.

(*) GFAM Lurra taldea 1979. urteaz geroztik dabil lursailak kolektiboki erosten, bertan lan egingo duen laboraria zentzuzko alokairu baten truke instalatu ahal dadin. Batetik baserritarra ez denari laborantzarako aukera eskeintzen zaio eta bestetik espekulaziotik at gelditzen da lurra.

GFAM Lurrak atera zuen liburuxkan “Du grain au pain cultivons la diversite” eta “Voyage autour des blés paysans” eta Mathieu berari entzundako zenbait apunteen laguntzaz egindako sarrera kolektiboa.

3 Iruzkin

Irinak eta Urunak-ek idatzia atalean

3 responses to “Zugarramurdiko inguruetan (II) edo Mathieu Mendizabalen proiektua ezagutu

  1. Oso sarrera interesgarria ta informazio oso baliogarria.
    Eguna polita ta jende atsegina ta zoragarria.
    Mila esker danoi.
    Muxu haundi bat

  2. juantxo

    Aupiii,
    Tebak jarritakoarekin bat nator eta aurreko sarreran Marik idatzitakoarekin ere, merezi duelako bueltatu beharko gara.

    Muxu bat.

  3. Nere postekin loturak: Hosto ertete, arto ite; hosto erortze, gari ite. |

Utzi iruzkina