Egilearen Fitxategiak: jo

Haize-errotak

Eta gaur, arkeologia industrial pixka bat.

Euskal Herriko paisaiarekin lotzen ez badugu ere bere presentzia, izan omen dira inoiz, gurean, haize-errotak.

XVIII. mendean eta lehorte luze baten ondorioz, erreka baztarretako errotak ibiltzeko urik ezean eta irina lortzea ezinbestekoa izanik, premiazko konponbidea aurkitu behar zen eta antzinan Asian sortu eta Europako hainbat tokitan ohikoa zen teknologia garatu zen bertan: haize-errotak hain zuzen ere.

Nora aldizkariaren 22. alearen erreportaia honek oraindik, Bizkaian, zutik dirauten hauetako bost erakusten dizkigu. Hauetako bat, Getxoko Aixerrota, bisitagarri gainera, arte-galeria bilakatu baita.

Archivo:Aixerrota.gif

Aixerrota gaur. Wikipedia

Eta tectonicablog. Xehetasunetan, historian, eboluzioan murgildu nahi izan ezkero.

3 Iruzkin

Uncategorized atalean

Hosto ertete, arto ite; hosto erortze, gari ite.

Tira, gariari buruz hitz egitea tokatu zaidala uste dut.

Orain dela urte t’erdi niretzat etxeko ogigintzan erreferentea zen lagun talde batekin elkartu nintzen kostaldeko taberna batetan eta bertan, garia ereiteko asmoa azaldu nuen. Norbaitek kirtenkeriatzat hartuko zuen segur aski. Nik ere hala hartuko nukeen pare bat urte lehenago norbaitek, Gipuzkoa barrenean, halako asmoa adierazi izango balit. Baina ganorazko ogia egiteko nahiak, kalitatezko irina lortzeko grinak, landareari erreparatzera eraman ninduten.

Eta baratzean aritzea hain gustuko izanik, ezinbestekoa zen aleren batzuk ereitea eta besterik gabe erne, hazi eta burutzen ikustea.

Zer erein, ordea? Berehala konturatu nintzen ez nuela inguruko ale bakarra ere lortuko; nire aitona – amonek ereiten zutenaren antzeko ezertxo ere ez.

Ekialde hurbiletik hasi eta nekazaritzaren hedapena Europan zehar

6000 bat urte behar izan zituzten zerealak ekialde hurbiletik gurera heldu arte. Kilometro bat urtean gutxi gora behera. Bada honi gari-aroa (frantsesez,,,) deitzen dionik ere.

Lehenengo konturatzeke, gero kontzientzia hartuz selekzioa bultzatuz. Landare berria lur berrietara egokituz, jende berriari landatzea erakutsiz. (Kultura hitzaren lehenengo esanahia “lur landua” baita).

Beste 5000 urte egin ditu gure artean (artoak azken 500 urteak besterik ez, euskal baserri modernoaren eraldatze prozesuan ardatza izan bada ere) orain dela 50 urte inongo arrastorik utzi gabe erabat desagertu den arte.

Bueno , arrastoren bat badago :

Lydia Zapata eta Leonor Peña historialarien Gari laborantza XX. mendean Euskal Herriko ipar isurian. Historiaurreko landaredian aditu diren hauen tesiaren arabera posible da gaur, klima honetan, lur konkretu batzutan eta bariedade konkretu batzuk erabiliz gari uzta arrakastatsua izatea ipar isurian.

Hazien sarea. Bertako bariedade baliotsuak edo/eta galtzeko arriskuan daudenak lortzen eta banatzen egiten duten lana izugarri garrantzitsua da.

Aiaraldean, Maroñon, orain dela hiruzpalau urte lagun talde batek, fabriketara lanera joan aurretik herriaren eginkizun garrantzitsuena zena gogoratzea erabaki zuten, gari laborantza hain zuzen. Aurkikuntza bitxiak egin zituzten. Adibidez, baserri guztietan traktore eta tramankulu guztiak erre egin omen zituzten, egurra desegin eta burdina txatarretara saldu ahal izateko. Baserritar iragana ezabatu egin behar zen antza.

Josemari Agirrek ordea, txukun asko zituen denak mandioan gordeak. Eta orain hauek erabiltzen dituzte herritar guztiak eta ingurukoak elkartzen direnean: azaroan (hazi-aroa) garia ereitera; uztailean (uzta-ila) uzta moztu eta jotzera; Añeseko errekak ura daramanean, sakukada gari asto gainera bota eta berriz ere denak errotara eta azkenik baba-jan baten inguruan, lortutako irinarekin egindako ogia dastatzera.

Josemari eta kuadrila, punta-puntako teknologiadun Ajuria makinaren gainean.

Seguran, Erraztiolatza etxean, Manu Berasategik gari lanen inguruko lanabesak, hizkuntza bera ere gorde ditu. Gainera bi urtez behin garia ereiten dute herriko paduran eta erdi aroko azoka girotzeko funtsezko ekimena bilakatu da gari jotzea. Aurten, uztaileko bigarren asteburuan ospatuko da eta umetan horretan aritutako aitona bat ibiliko da maixu lanetan.

Gari lanak Errezilen. Bideo hau da sarrera honen zergatia.

Eta hau beste isuri batean badago ere, berri ona denez eta etorkizunera begira jartzen gaituenez: Behe Nafarroan, merkatu global asegaitzak irentsiko lukeen arto kaskar subentzionatua ereiteari utzi eta bertako okinentzako garia lantzeari ekin diote. 40 hektarea. Oraingoz.

Eta hasierara bueltatuz, urte t’erdi honetan bi ereinaldi egin ditut etxean.

Hurrengo argazkian nire garitxoak iazko ekainean: florencia aurora, bonpain, zekalea (badakizute zekaleak musika egiten duela?), baita espelta ere. Alea ontzeko bero-kolpe bat behar zutenean eguraldi bereziki traketsa egin zuen: euritsua, hotza eta uzta pikutara joan zen.

Eta hau aurtengoa, Mathieuk emandako hazi-nahasketa. Berriz ere sail txikia eta erdia txorientzat erein berritik…

Eta hirugarrenean bai, bertako gariren bat ereiteko esperantza daukat.

Mertzi, Xabi, Gari lanak Errezilen bideoa ezagutarazteagatik eta Atala Kultur Taldeari hemen jartzea uzteagatik. A! sarrerarako izenburua lapurtu dizuet.

Eta Mari… MILA ESKER

3 Iruzkin

Uncategorized atalean