Moldeko esne ogia

Zubi honetan lasai egoteko denbora izan dut, eta aspaldiko partez, ogi berri bat egin dut. Errezeta hay Dan Leparden “The Handmade Loaf” liburutik atera dut. Hemen jartzea erabaki dut, hau ere egiten erraza baita, eta oraindik ama orearekin ogiak egiten ausartzen ez direnek ogi hau inolako konplikaziorik gabe egin ahal izango dutelako.

Hauek dira osagaiak:

  • 1 1/2 koilarakadatxo legamia fresko (prentsatua).
  • 350 gr. esne oso (pixka bat epelduta, 20ºC ingurura, nik mikroondasean sartu nuen minutu erdi inguru).
  • 20 gr. ezti.
  • 250 gr. galirin zuri arrunt.
  • 250 gr. indar-galirin.
  • 1 1/4 koilarakadatxo gatz.
  • 25 gr. gurin urtu.

Bol handi batean, legamia, esnea eta eztia nahastu. Nahasketa horri irinak eta gatza gehitu, eta dena eskuz ongi nahastu, osagai guztiak erabat elkartu arte.

Nahasketa horri gurin urtua bota eta orea berriz ere ongi nahastu, gurina bertan erabat integratu arte.

Bola estali eta 10 minutu inguru deskantsatzen utzi.

Mahaia ongi garbitu, irin edo olio pixka bat zabaldu, gainean orea jarri.

Oratzeko, 10 segundu inguruz oratu, bola forma eman. Jarrian, bola ongi garbitu eta lehortu ondoren, olio pixka batekin igurtzi, eta orea bertan 10 minutu deskantsatzen utzi.

10 minutu horiek igaro ondoren, prozesu bera (10 segundu oratu+10 minutu bolean deskantsatzen utzi) bi aldiz errepikatu, eta orea 30 minutu deskantsatzen utzi.

12 x 19 cm inguruko molde bat olioz igurtzi, eta gero irin pixka bat bota, orea ez itsasteko.

Orea bi zatitan banatu eta bola forma eman.

Bi bolatxoak moldean sartu, bata bestearen ondoan, eta  ordu eta erdi fermentatzen utzi, tamaina bikoizten duten arte.

Labea 210 ºCra berotu. Ogia esne pixka batekin igurtzi, eta labean sartu. 15 minutu igaro ondoren, tenperatura 180 ºCra jaitsi eta beste 25 minutu inguru egosi labean. Nire labea potenteagoa da, eta tenperatura lehenago jaitsi behar izan nion, ogiak kolore gehiegi har ez zezan. Halaber, bukaeran aluminio paper pixka batekin estali nuen, bestela ogia erretzeko arriskua baitzegoen.

Denbora pasa ondoren, labetik atera, ogia moldetik atera eta parrila batean hozten utzi.

Goizean txigortuta jateko primerako ogia da, baita sandwichak egiteko ere. Egia esan, gurina duenez, ezin esan oso osasuntsua denik, ez da eguneroko modukoa, baina zaporez oso gozoa da, mami oso leuna du eta konturatu gabe jaten da, pentsa, etxean bi egunetan amaitu zen!

20 Iruzkin

Bixiguk idatzia atalean

20 responses to “Moldeko esne ogia

  1. Zein ondo bixigu, ogi erraz bat. Aspaldian ez dut ezta makina martxan jartzeko astirik ere, baina oporretatik bueltan hau egin beharrekoa dut. Ziur nago goizean mermeladarekin luxuzko gosaria dela

    • bixigu

      Oso erraza da. Ama orearekin egindako ogiak pila bat gustatzen zaizkit, baina batzuetan, denbora gutxi dudanean horrelako gauzak egitea gustatzen zait, horrela behintzat, lanez lepo ibili arren, etxeko ogia jaten jarraitzeko. Gosaltzeko primerako ogia da.
      Muxu bat!

  2. Gaur arratsaldean moldeko ogia egitekoa nintzen. Eta errezeta hauxe egingo dudala uste dut. Oso erraza da, eta oso itxura ona du! Kontatuko dizut ea zemuz atera zaidan.

    Muxu bat

    Olaia

  3. irune

    Hurrengo moldeko ogia hauxe izango dela uste dut.

    Niri gurina elikagai guztiz osasuntsua iruditzen zait, agian arazoa gehiago egongo da kantitatean eta dietaren orekan…

    On egin diezazula!

    • bixigu

      Egia da, ez du gurin kopuru handirik, hala ere, ez dakit, nik behintzat, gurina ordez margarina erabili ohi dut, nire gurasoen etxean ohitura hori baitzegoen, eta hala ere, oso gutxi… gurina pentsatzen dut beste guztia bezala izango dela, neurrian hartuta, ez da txarra.
      Kontatuko didazu nola atera zaizun, bai?

      Muxu bat!

  4. axeridantza

    Ez dauka baina gurin gehiegi ere. Gainera, gutxitan janez gero, ez du zertan txarra izan. ITxura earra daka eta benetan erraza dirudi bixigu. Atzo etxean egindako gurina eman zidaten, ekologikoa. Moldeko ogi horretan primeran geratuko litzateke!!!! muxuak!!!!

    • bixigu

      Bai ogia egiteko, baita ogi hori txigortu eta bero dagoen bitartean, gainean pixka bat zabaltzeko ere!
      Animatu eta kontatuko didazu…
      Muxu bat!

  5. juantxo

    Joe!!! Itxura dotorea, benetan.
    19×12 zm. moldea, dinozu.
    Kalkulo azkar bat; zentimetro bateko ogi txigortuak egiten badituzu, bakoitzari zenbat gurin tokatzen zaio?
    Nire ustez proporzio polita darama.

    MMuxu bat

    • bixigu

      jejeje! Juantxo! kalkulu zehatzetan ez naiz oso ona, letretakook badakizu, ez dugu zenbakietarako gehiegi balio! Asko ez da, baina lehen ere esan dut, nik gurina eta margarina ez ditut ia erabiltzen, normalean gosaritako ogi txigortua olio pixka batekin jaten dut txiki-txikitatik, eta ohitura horrekin jarraitzen dut oraindik.
      Hala ere, ogi hau txigortuta, gurinarekin, olioarekin edo dena delakoarekin itzela da.

      Muxu bat!

  6. idu

    Erraza eta gozoa, ezin pasatzen utzi. Nik ametituko nuke egunero gurin kantitate hori!

    muxu bat

  7. Atzo egin nuen, eta gaur goizean gosaltzeko zati pare bat jan ditut. Oso goxoa geratu da!

    Milesker errezetagatik

    Olaia

  8. Kaixo lagunok!
    Azkenean ona hemen El foro del pan, aspalditik nahi nuen proiektua 🙂 Ez dago ezan behar denok ongietorriak zaretela
    http://www.elforodelpan.com
    Han itzarongo dizuet!!

    • bixigu

      Kaixo Iban!

      Hau ohorea zure komentarioa ikustean! Facebooken albistea jarri bezain laster apuntatu naiz ni… a zer lana egin duzun! zorionak! ea poliki-poliki guztion artean informazioa osatzen goazen.

  9. Esti

    Aupa!
    Ba gaur astelehena izan arren, denbora dudala eta ogi hau egiten hasi naz.
    Baina duda batzuk sortu zaizkit. Ia niri proportzio horiekin, geratzen zaidan masa oso likidoa da, oso biguna. Ezin da amasatu ere egin (Bizcocho bateko masa bezala). Zergatik? Beste inork egin du eta berdina gertatu zaio?
    Beraz nahiz eta soluzioa ez izan oso gomendagarria, irin gehio bota diot, amasatu ahal izateko…
    Oin neberan utzi dut fermentatzen, luzeago izan dadin eta iluntzean pasako da labetik. Ia zer irtetzen den…kontatuko dizuet.
    Consuelo de tontos: txarto irtetzen bada, hurrengorako zelan ez den egin behar dakit…jeje.

    Ondo ibili

  10. bixigu

    Kaixo Esti:

    Egia esan, ez dut ulertzen zuri zergatik geratu zaizun orea horren likidoa. Oraintxe bertan bururatzen zaidan gauza bakarra da zure irinak nireak baino ur gutxiago xurgatzen duela. Galirin zurietan ez da horren ohikoa izaten, baina irin integralekin oso kontuz ibili behar da beti, batzuek besteek baino ur gehiago edo gutxiago behar baitute.

    Pentsatzen dut Bertinet metodoarekin oratu dezakezula, horrekin ia edozer oratu baitaiteke, http://www.youtube.com/watch?v=PvdtUR-XTG0, baina gero bi bola egitea zaila ikusten dut, horren likidoa izanda.

    Kontatuko diguzu ea nola atera zaizun, ez?

    • Esti

      Ba beno niri geratu zitzaidan masa bigunegia zen Bertinet metodoarekin oratzeko ere (niretzat behintzat, oraindik ez dut menderatzen metodo hau eta). Horregatik irin gehiago bota nion, masa hobeto oratzeko.
      Fermentazioa ere normalean baino luzeagoa egin nuen (legami freskoa erabili arrren), neberan sartuta bota zuen arratsalde osoa.
      Eta gauean egosi nuen labean eta egia esan espero nuena baino hobeto irten da, bai itxuraz eta zaporez (importanteena). Orain disfrutatzea tokatzen da.
      Eta hurrengo baterako ia zer hobetu ahal dudan, agian zuk esandakoa irinak ez duela nahikoa ur xurgatzen edo izango da…

  11. juantxo

    Aupa Esti,

    Bixigurekin era bat nator.
    Irin guztiak ez dute likido kantitate bera xurrupatzen, zuriak ere ez. Bertinet teknikarekin ezin bazen oratu, irin gehiago botatzerakoan asmatu egin zenuen. Ezin denean ezin da.
    Fermentazioarena ondo dago, tenperatura baxua bada luzatu egiten da.
    Eta itxura inportantea da, baina zaporea gehiago eta hori lortu bazenuennnn, ondo ezta?

    Muxu bat

Utzi iruzkina