Gurin xigortudun ogitxoak

Errezeta hau Xavier Barriga-ren “PAN” liburutik atera dut. Liburua erosi berri dut, eta egia esan, azalpen aldetik oso gustokoa ez dudan arren ,  dituen errezetak gustatu zaizkit.

Ogitxo hauek, gosaritarako prestatu nituen, gurina daramatenez, aproposak iruditu zitzaizkidan. Ez dira gozoegiak, eta gurin zaporea ere bere puntuan dute, beraz edozein unetan  jateko primerakoak dira, baita bazkaritan edo afaritan ere. Nik liburuko pausuak jarraitu nituen, baina gutxitxo harrotu ziren , tenperatura ez zen baxuegia hartziduran, baina halere denbora gehiago utzi banituen hobe.

Osagaiak;

.- 500 gr ogigintzarako galirin (indar irina )

.- 280 ml ur

.- 30 gr gurin

.- 15 gr legami prentsatu

.- 15 gr azukre (gozoak nahi badituzue, gehiago jarri)

.- 10 gr gatz

.- 10 gr esne hauts

Gurina ontzi batean jarri, eta xigortu, kolorea illundu arte, ondoren hozten utzi erabili aurretik.

Irina, ura, azukrea, gatza, esne hautsa eta legamia birrinduta nahasi,  ondoren gurin xigortua gehitu. Dena ondo nahasi, eta oratu, ore leun bat lortu arte. Orea banatu  ogiei eman nahi zaien tamainuaren arabera, ( nik 10 ogitxo egin nituen ) eta bolatxoak egin bakoitzarekin. Igotzen utzi orduerdi inguruz, nik hala egin nuen, baina hurrena denbora gehiagoz utzita egingo dut froga.

Denbora hau pasata, ogitxoei forma eman behar diegu. Gainazalean irin apur bat bota, bolatxoa bertan jarri, eta pixkat zapaldu. Orea ertzetatik barrurantz biltzen joan, paketetxo bat egingo bagenu bezala tolesdurak sortuz, ertzak orean barrurantza sartuaz. Azken ertza biltzean, behatzarekin barrurantz bultzatu. Sukaldeko zapi irineztatu batean, edota irineztaturiko ontzi batean, ogitxo hauek jarri, tolesdurak beherantza dituztela. Utzi igotzen, tamaina ia bikoiztu arte, 45-60 minutuz.

Labea piztu 220 º tan, eta bertan ontzi bat jarri ur pixka batekin, lurruna sortu dezan. Ogiak tamaina hartu dutenean, labeko plaka batean jarri, tolesdurak gora begira direla eta urez lainoztu ogien gaina. Labekatu 16-18 minutu inguru, gehiegi iluntzen utzi gabe.

Ikusten duzuenez itxuraz oso politak geratzen dira, zaporez ere oso onak.

On egin!

BERRI GARRANTSITSU BAT:

Ogi munduan zabiltzatenok beste blog-etan ikusita jada jakinaren gainean egongo zarete, gaur jarri dela martxan http://www.elforodelpan.com . Iban Yarza-ren proiektu hau, denbora luzez landu da beste ogizale askoren laguntzaz. Ilusio eta lan askoren emaitza, bertan aurkituko duzue, ogiaren munduko elkargune bat izateko asmotan sortua, eta denborarekin, eta denon laguntzaz, hazten joango dena. Denok animatu zaitezte sartu eta parte hartzera, denok dugu asko ikasteko lanabes honatik. Zorionak lanean parte hartu duzuen guztioi.

15 Iruzkin

Iduk idatzia atalean

15 responses to “Gurin xigortudun ogitxoak

  1. Jo Idu a ze itxura duten, nik ere liburu bera dut eta zurekin bat nator, azalpenak ez dira nire gustokoak, baina errezeta originalak ditu. Gustora jango nuke zure opiltxo bat.

  2. irune

    Hauek asteburu honetan egingo ditugu semea eta biok, astelehenean eskolara eramateko.

    Ogi goxoak egiten hasi behar naiz… moldeko ogia oraindik ere ez zait fundamentuzkoa ateratzen… Ze lan pila dudan eta zeinen gustora nabilen!

    Milesker, Idu.

  3. bixigu

    Kaixo Idu:

    Itxura izugarria dute opiltxo horiek! Ea asteburu honetan froga egiteko astia dudan, errezeta nahiko erreza baita.

    Muxu bat!

    • idu

      Oso errezeta erraza bixigu, di-da batean egitekoa.
      Igande arratsaldean beste ogi mota batzuk ere frogatuko ditugu ezta? Iganderarte, muxuak.

  4. Aupa Idu,
    Liburu horri buruz aipamen ugari ikusi ditut blog desberdinetan, eta erostekotan nintzen, eta zure opilen itxura ikusita… erosi egingo dut, seguru! Azalpenena pena bat, baina tira, ezinba dena eskatu!
    muxu bat

    • idu

      Errezetengatik merezi du Oihana, argazki politak ditu gaiñera, tentagarriak (beno, bera ikusten den 15 argazkiak izan ezik, je,je ). Gainera prezioz ere ondo dago.
      Iganderarte, zu ere arratsaldez ezta? Muxuak

  5. marikeli

    Idu,
    Zein argazki politak atera dituzun! Pilo bat gustatu zaizkit.

  6. Jo

    Eh! Egin ditut. Izugarri goxoak eta errezak. Itxura … Beno, hurrengoan agian. Nola Xto egin diezu ebaki hoiek?

    • idu

      Kaixo Jo,
      Onak ezta? Eta errez errez egiten dira. Ebakirik ez nien egin nik, hori formatzerakoan, paketetxo batbezela bilduta egin nituen,eta itxura hori hartzen dute, argazkia atera behar nion formatuari, baina ahaztu egin zitzaidan.

  7. juantxo

    Bueno bueno.
    Azkenengo egunetan ez dakit zenbat bider ikusi ditudan ogitxo hauek eta, geroz ta gehio gustatzen zaizkit.
    Galdera batzuk:
    Hartzidurarena, tenperaturaren arabera. Liburuan, berak zenbat tenperaturan egin zien ez du jarriko noski, edo bai?
    Zuk, zenbateko tenperaturan egin zenien?
    Gurina xigortu zein tenperaturan egin zenuen?
    Labealdia iraundu zuen bitartean laba barruan, ura eduki zenuen edo momenturen baten atera zendun?

    Eurek, ez ziren harrotuko zuk nahi beste baina, harro sentitzeko moduan geratu zaizkizu, e? 😉

    Muxu bat.

  8. idu

    Kaixo Juantxo!

    Ba liburuan ez du jartzen tenperaturarik, 30 minutuz uzteko soilik, eta neuk ere, ba ezin esan ze tenperaturatan eduki nituen, ez bait nuen begiratu ere egin. Gurina sutan tenperatura erdi-altuan eduki nuen, kolore doratua hartu zuela ikusi arte. Eta labean, ura bertan utzi nuen, eginak zeuden arte. Errezetaren arabera, azal biguna behar dute ogi hauek, eta nik uste horregatik mantendu beharko dela ura barruan. Animatu zaitez egitera!

  9. juantxo

    Aupa Idu,
    Animatuko naiz, seguru!! Momentuz ezin dut, badakizu, Elgetakoa.
    Aaaa, gurinarena labean egin zenuela pentsatu nuen, horregatik galdera.
    Azal biguna izan behar badute, normala ura barruan lagatzea.

    Muxu bat eta gorantziak Aitorri.

Utzi iruzkina