Malta ogi baltza – Malzbrot

Ogiaren foroaren kortesiaz eskainitako errezeta. Foro kide batek ogi beltz alemana nola egin zitekeen galdetzen zuen eta Dieterrek 4 errezeta idatzi zituen nahi duen orok jaso ditzan.
Hauxe da lauetatik lehenbizikoa: hasi berrientzat maltazko ogi beltza. Pazientzia apur bat eta egiteko pare bat egun badituzue zotina kentzeko adinako ogia da.

Ogi honek,  dietetika edota ekologi produktuen dendetan aurki daitezkeen osagai batzuk behar ditu: malta edaria (argazkian “Power Malt”) eta malta siropea  (xarabea) (Malto di orzo”).  Malta edaria oso- oso  gozoa da eta siropea, are gehiago.
OSAGAIAK  kiloko 2 ogi egiteko

Zekale ama orea. 15-20 ordu aurretik prestatu eta 28º C tan utzi.

  • 70  g zekale ama orea aktiboa (abiapuntu).
  • 250 g zekale irin latz / oso integrala. TMX, sukaldeko errobota edo ehogailuan zekale alea birrinduz lor dezakezue.
  • 100 g  zekale irin integrala.
  • 350 g ura.

Quellstück (aldez aurreko  beratzea). Bezpera gauean nahastu:

  • 550 g zekale irin latz / oso integrala.
  • 100 g gari irin integrala.
  • 300 g malta edaria (Vitamalt, Pony, e.a).  “Eroski”  bezalako dendetan erosgai…
  • 270 g ura.
  • 50 g maltazko siropea ( xarabea)

NegritaAzken orea:

  • aldez aurretiko beratzea.
  • 700 g zekale ama orea.
  • 20 g gatza.
  • 10 g  azukrea.
  • Aukeran:  15 g legami freskoa.

LANKETA:

  1. Abiatzeko zekale ama orea prest izan behar da.  Ama orea prestatu, 15-20 ordu 28º tan edo leku epel baten utzi. Nirea 19 ordu egon da.
  2. Bezpera gauean aldez aurretik beratzeko produktuak prestatu eta film gardenez estalita giro tenperaturan utzi.
  3. Biharamun goizean, azken orearen osagai guztiak nahastu. Papila lodi samarra da. Egurrezko goilare edo rasketa hartu eta pare bat jira eta bira eman. Oratu, oratu ez da oratzen, nahastu baizik.
  4. Labarako paperez estalitako bi molde prestatzen ditugu eta ahi ( papila) horrez betetzen ditugu. Esku-azpiak busti eta molde barruan leuntzen goaz. Behar adina aldiz busti eskuak.
  5. Tenperatura  epelean hartzidurak bizpahiru (2-3) ordu irauten du. Legami freskua gehituz gero, Dieterrek dioenez, hartzidura honek 20 bat minutu irauten ditu; beraz, adi!  Argazkian,  bi ogiak  hartziduraren 2 ordu igaro ondoren.
  6. Labea 250 º tara berotu. Ez dugu jarriko ez lurrinik ezta haizegailurik ere. Labean 250º tan edukiko dugu lehenbiziko 10 minutuak eta ondoren, 60 minutu osatu arte  210º tan
  7. Hozten utzi. Zekale ogi hauek, egun batzuk utzi behar dira hortzak ezarri aurretik. Horrela bere zapore guztia ateratzen dute eta gozoagoak dira. Argazkia ateratzerakoan ogiak ez du hartu behar adinako denbora… Horregatik goma-antzekoa dirudi.

ON EGIN!!!

10 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

10 responses to “Malta ogi baltza – Malzbrot

  1. axeridantza

    Egun batzuk? Eta nola egiten duzu egun batzuk tentazioari eusten egoteko? Puff, nik ezingo nuke!!!!! A ze nolako borondatea zurea! Itxura ederra dute zure ogiek Teba! Patxo bat!

    • Aupa Axeridantza,
      Zaila da gero, eustea… Baina, merezi du. Zekalezko ogiak bi egun (edo gehiago ere) lagatzen utzi behar dira mamia ondino prest ez dagoelako. Zaporea ere askoz ere gozoago dago. Jan ahal da, noski labatik atara eta hotzitzen den bezain laster baina, itxaron baduzu ikusiko duzu zelako aldea dagoen.
      Tentazioan ez jausteko izozkailuan aurrekoetan egindako ogi zatiak gordeta ditut….Nire borondatea ez dalako horren indartsua ; )
      Patxo bat

  2. juantxo

    Extra energy? Ño!! tentagarria, 😉

    • Bai Juantxo,
      Ogi honek “Red Bull” edaria baino energia gehiago emongo dizu….
      Tentagarria????
      Ez dakizu zenbaiteranokoa!!!!

      Muxu bat

  3. Teba, hori bai ogi dotorea! Artista bat zara, benetan!

    • Marilu, eskerrik asko zure hitzengatik baina, ni ez naiz artista, ezta pentsatu ere….., badakizu teknika hobetzen saiaztzen ari garela ; )
      Muxu bat

  4. bixigu

    Joe Teba, primerakoak atera zaizkizu!! A ze gosea ;-D
    Niri ere alemaniar ogiak izugarri gustatzen zaizkit, han bizi izan nintzenean erabat biziatuta nengoen. Uste dut ni ere errezeta hau egitera animatuko naizela, urteak baitira horrelako ogirik jaten ez dudala!

    Muxu haundi bat!

    p.d: Portzierto, errezetaren bat itzultzen laguntzarik beharrez gero, badakizu non nagoen!

    • Bixigu, egizu ogia!, animatu!. Benetan merezi du eta ez duzu oratu ezta tolesdurak ere egin behar…. Atzo errezeta hau errepikatu nuen eta ogi bati ahabi gorri sikuak bota nizkion. Lankideei emon diot dastatzen eta izugarri gustatu zaie. Arrakasta i-tze-la.

      p.d.: Eskerrik asko zure laguntza eskeintzeagatik itzulpenak egiteko. Ziur asko laguntza eske ibiliko natzaizu…., ondino alemanieraz ez bainaiz oso ondo konpontzen. Zaila da, joe… Nik uste baino zailago
      : )

  5. idu

    Extra energy, horixe da nik orain behar dudana!! eta egia esan, ogia ikustearekin bakarrik animatzen naiz, primerakoak! muxuak!

  6. Idu,
    Animatu!! Ea laister ikusten dugun elkar eta pasako dizut “extra energy” ogi zatitxoa. Zer iritsiko al zenioke? Egunen baten Bilbora etorriz gero, please, give me a call (egidazu dei bat mesedez).
    Muxu bat : )

Utzi iruzkina