Ciabatta estiloko opilak

Aspalditik nenbilen ogitartekotarako ciabattak egiteko formula erraz baten bila. Ogi hauek hidratazio handia eskatzen dutenez, orea oso-oso itsaskorra eta  maneiatzeko zaila izaten da, eta horrek atzera botatzen  ninduen.

Horrela gauzak, bapatean Ivan Yarza ikusi nuen telebistan, Robin Food saioan, bere hitzetan ciabattoide eta focaccioide errazak egiteko errezeta aurkezten. Ez dira errezeta tradizionalak, oratu ordez hozkailuan 24h pasatzean oinarritzen baita prozesua, irinak azukre guztiak aska ditzan, zapore izugarria lortuaz. Peter Reinhart-en errezeta  dela aipatu zuen, nire ustez pain a l’ancienne-ena, osagaien proportzioak ia berdinak baitira. Ivan ezagutzen duzuenok ondo dakizuenez, konbintzentea izaten badaki, eta animatu egin nintzen.

Gauza bat argituko dut: ERRAZA, ERRAZA, EZ DA. Desesperazio momentuak pasa arazi zizkidan, dena pikutara botatzeko gogoa ere bai, baina azkenean aurrera egin eta sei opil nahiko itxuroso lortu nituen, zapore eta batez ere testura nahiko onekoak. Bi akats, ez oso larriak: gatz puntu bat falta, nire gusturako, eta itxuraz zapalegiak. Harroagoak lortu nahi nituzke, baina orea ezagutu ondoren zaila ikusten dut. Agian hurrengoan ur pixka bat  gutxigorekin saiatuko naiz. Hala ere, etxekoen onarpena izan zuten, eta ez da gutxi!

Bueno, has gaitezen:

OSAGAIAK

  • 500 gr galirin zuri
  • 375-415 ml ur izoztu (izotz askorekin eduki pitxer batean)
  • 10 gr legami fresko  (3 gr legami lehorra bada)
  • 12 gr gatz (berezko errezetan 10)

Bol handi batean legamia ur hotzetan disolbatu. Hasiera batean 375ml ur jarri, eta irin motaren arabera gero gehiago erantsiko dugu. Irina eta gatza ere bota, eta goilara edo eskuarekin nahastu. Pure lodi bat bezala geratu behar omen du. Nire kasuan ura botatzen pasa egin nintzen, begira ze likidoa zegoen:

Ur gutxixeago bota behar nuela uste dut orain, pasatakoak pasa ondoren.

Ondo nahastu, eta espatula edo eskuarekin, ahal duzun moduan, pare bat aldiz bere gainera tolestu. Hau azaltzea ez da erraza, onena saioa ikustea izango litzateke.  Ondoren, hozkailuan sartu gau guztia gutxienez. Pare bat egun ere utzi daiteke.

Hurrengo egunean, orea ONDO olioztatutako gainazal batera atera behar da. Kontuz, eskua edo espatula urez busti, ez itsasteko. Berriro, tolesdura batzuk eman, gorputza har dezan. Ni puntu honetan desesperatzen hasi nintzen, papila bat izaten jarraitzen baizuen. Zer egin nuen? justu-justu egin behar ez dena: irin pixka bat bota. Momentu horietan ez nengoen kamera hartzeko, sentitzen dut. Goiko linkean ikus ezazue Ivanek nola egiten duen, hobe izango da eta. Nola edo ala, ondo olioztatutako “tupper” edo ontzi zapal batera pasa, eta pare bat orduz hartzidura egiten utzi, 30-40 minutuero tolestuz. Oreak bolumena bikoiztu duela iruditzen zaigunean, irineztatutako gainazal batean bolkatu, eta nahi dugun itxuran moztu, labana busti batekin (kontuz, asko itsasten da!). Ni sei laukizuzen egiten saiatu nintzen, nire apuruak pasata. Laberatzeko, sukaldeko taula edo erretilu baten gainean laberatzeko papera jarri, eta ahal den moduan bertara pasa “opilak”. Utzi beste ordu-erdi bat. Bitartean, labea piztu 250º tara.

Taula edo erretiluetatik labeko erretilura pasa, papera bertara irristatzen utziaz, eta aurrenengo 10-15 minututan baporea eman, ohiko metodoez. Ondoren, beste 25 minutu inguru utzi, 230-240ºtara. Labea itzali eta bertan uzten badugu beste 30 minutu, azala kurruskariago geratuko da.

Abentura bat izan da, ore mukitsu horrekin borroka latza, baina errepikatuko dut, bai horixe!

Animo eta… on egin!

4 Iruzkin

Uncategorized atalean

4 responses to “Ciabatta estiloko opilak

  1. Aupa Mari!
    Neri ere pasa zait holako papilla batekin lan egin beharra, ta desespertzekoa da benetan! Eta behatzak gurutzatu norbaitek telefonoz dei ez dezan, edo errezeta liburua begiratu beharrik ez izatea…ze dena krixto bat egina utzi dezakezu!!
    Baina azkenean begira, bokata ederra eta etxekoak pozik. Zorionak!
    Muxutxu bat.

  2. Aupa txapata party huraxe!!!
    Baietz!!!
    Emaitza ederra ta esperientzia ona, eeeeeez alaaaaaa????? Je, je, je.
    Bokatak izugarriak. Dastatzaileak pozarren se-gu-ru!!!
    Muxu haundia.

  3. garbiñe uria. mezularia

    Aupa!
    Euskadi Irratiko Mezularia saiokoak gara.
    http://www.eitb.com/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/mezularia/
    ogiaz eta ama oreaz hitz egin nahi dugu datorren asteartean gure saioan eta izugarri gustatu zaigu blog hau. Bere egileak gurekin harremanetan jarri nahiko balu… asko estimatuko genioke. Non gaude? mezularia@eitb.com helbidean edo 943 012356 tfnoan. Eskerrik asko!!

  4. Aupa Mari, denbora asko galduta ibili naz. sentitzen dot baina etxen ordenadore barik egon naz eta … badakit ez dagola atxakirik.
    Oso itxura ona dauka zure ogiak eta horregaitik ni gaur Ciabbatta estiloko zure ogia egiten animatu naz. Kontatuko deutsut nola doan.
    Musu haundi bat denoi.

Utzi iruzkina