Tomate lehor, oliba beltz eta ahuntz gazta ogia

Gaurko ogia mediterraniar zaporea du, eta olio pixka batekin bikaina da. Ogi hau egiteko, ogi makina eta labea erabili izan dut. Ogi makinak nahastu, oratu eta lehen fermentazioa egin du, hau da makinak eskaintzen duen beste abantaila bat.

 

OSAGAIAK:

  • 285 ml ur
  • 350 gr galirin (indarrekoa)
  • 60 gr espelta hirin integrala
  • 40 gr zekale hirin integrala
  • legami liofilizatu sobre bat (maizena)
  • 1 goilarakada gatz
  • 25 gr tomate lehor
  • 50 gr ahuntz gazta
  • 10 oliba beltz
  • limoi xuku txorrotada bat

ELABORAZIOA:

  1. Ura, gatza, limoi xukua, hirinak eta legamia makinan jarri eta orea programa aukeratu
  2. programa oratzen amaitu aurretik tomatea, gazta eta olibak gehitu
  3. programa amaitzean orea hirineztatutako mahai batean jarri eta forma eman
  4. banetoi ala erretilu batean jarri eta 45 min estalita utzi bigarren fermentazioa egin dezan
  5. laba 250ºtan berotu eta behekaldean ontzi bat jarri
  6. ogiari taxuak egin
  7. labean sartu eta irakiten dagoen ura ontzira bota
  8. laba 220ºra jaitsi
  9. lehenengo hiru minututan spray batekin labeko aldeak buzti
  10. 25-30 minututan eginda egongo da
  11. utzi hotzitzen

Ogi honek zapore sakona du, gazta laban urtzen baita eta  mamia leun-leuna da.

9 Iruzkin

Intxaurtsuk idatzia, Uncategorized atalean

9 responses to “Tomate lehor, oliba beltz eta ahuntz gazta ogia

  1. Nire ogi-makinaren errezeta liburuan honen antzeko bat dago, eta aspaldian dut egiteko gogoa.

    Ziur albahaka pixkatekin ere mundiala dagoela!

    Muxu bat

    Olaia

  2. oihanaz

    Zeinen mediterraneoa! Nik oliba beltzekin soilik egin izan dut baina tomate lehorrarekin ere mundiala geratuko da, hurrengoan probatu beharko! muxu bat!

  3. Anima zaitez eta frogatu, primarakoa da ta

  4. juantxo

    Makinak moldea duenez ogi guztiak forma bera dute. Baina horrela, eskaintzen duena aprobetzatuz eta labean amaituz niretzat, beste itxura bat dute eta ez zaitu hainbeste mugatzen.

    Muxu bat

    • Juantxo, makinak mila aukera ematen ditu, berarekin jokatuz emaitza itzelak lortzen dira. Forma bakarra du, baina nire kasuan hori berdin zait, benetako ogia jateko aukera baitut oso denbora murriztuan.

  5. mari

    Kaixo Intxaurtsu,
    errezeta hau aurreragorako utziko dut, erakargarria den arren konplikatu xamarra iruditu zaidalako (osagai asko…).

    Baina sarrera zaharrak jarraitzen dituzuen seguru ez dakidanez, zera komentatzeko idatzi dizut: zure albarikoke, almendra eta bainilla opiltxoak egin ditudala, eta ni neu ere harrituta nagoela emaitzarekin, buaaa!! Etxe ondoko Eroskian legami freskoa jarri dutela aprobetxatuz, errezeta zehatz-mehatz jarraitu dut eta hori, ba kristorenak atera zaizkidala eta eskerrak emateko.

    Sarrera hau opiltxoen komentariotan jarri izan banu irakurriko al zenuen? hurrengoan non idatzi jakiteko, dinot.

    Mxk,

    Mari

    • Zein ondo Mari, benetan zure opiltxoen berri izateak pozten nauela. Zuk nahi duzun sarreran idatz dezkezu, izan ere norberaren sarreran agertzen diren komentarioak posta elektronikoz heltzen baitzaizkigu, beraz arazorik ez intxaurtsuren edozein sarreratan idaztekotan.

  6. idu

    Neuk ere egin izan dut ogi hau, tomate lehor ta olibekin, mundiala geratzen da. Inoiz ez nuen pentsatu gazta gehitzea, baina konbinazio hori,, ufaaa, ez zuen asko iraungo ogi honek ezta? Hasi orduko dena jan!

Utzi iruzkina