Zer egin ama-ore soberakinekin?

Edo nola ez dugun ezer zaborretara bota beharrik…

 

Hasi baino lehenagoko oharra: oraindikan ez bazara ama-orea egitera ausartu, ez dakizu zer galtzen ari zaren. Ama-oreaz egindako ogiek zaporean, sakontasunean eta baita ere iraupenean irabazten dute (eta norberaren autoestimak ere irabazten du). Nik abisatu zaitut, gero ez ezer erreklamatu…

Hasi baino lehenagoko bigarren oharra: oraindik ez bazara ogia egitera ausartu… aurreko oharrera jo, berdin-berdin baliagarria baita.

Beno, behingoan oharrak alde batera utzita, jo dezagun gaurko sarrerako mamira.

Askotan, ama-orea freskatzen hasten garela, freskatze bakoitzean ama-ore pittat bota behar izaten dugu. Halabeharrez izaten da, bertzenaz egun pare batez ama-orea kiloka izanen genukeelako…

1. freskatzea: 20 gr. ama-ore + 20 gr. irin + 20 gr. ur = 60 gr. ama-ore

2. freskatzea: 60 gr. ama-ore + 60 gr. irin + 60 gr. ur = 180 gr. ama-ore

3. freskatzea: 180 gr. ama-ore + 180 gr. irin + 180 gr. ur = 540 gr. ama-ore

4. freskatzea: 540 gr. ama-ore + 540 gr. irin + 540 gr. ur = 1.620 gr. ama-ore

 

Gaurko sarreran ama-ore soberakin horiek baliatzeko 4 modu ezberdin proposatuko dizuet:

 

1. proposamena: lagunen artean banatu.

Dagoeneko zure lagunek jakin badakite ama-orearekin gora eta behera zabiltzala. Seguraski, haiek etxeko-ogia eta ama-orea duen ogiari buruz zenbait bakarrizketa sufritu izanen dute dagoeneko. Zenbapaitxuk, zure ogi esperimentuak jan izanen dituzte ere. Orduan, zergaitik ez duzu ama-ore soberakin hori kristalezko pote ttiki batean sartzen eta lagunen bati ematen? Haien etxera otorduren batera gonbidatzen bazaituzte, eraman ohi den arno botoilarekin batera potetxoa ere eraman dezakezu…

(Gomendioa: potetxoan pegatina paratu eta bertan gure blogaren helbidea jarri, lagungarri izanen zaiola iruditzen zait; Interneteko konekzioa badu, noski)

2. proposamena: lehortu eta larrialdietarako gorde.

Izozkailuan ere gorde zenezake, baina ni eta izozkailua ez gara batere ondo konpontzen, eta ez dut oraindik probatu.

Nola lehortzen den? Oso erraz: 2-3 egunez beharko ez duzun erretilu bat hartu eta labeko paperaz estali. Ondoren, brotxa batez ama-ore soberakina ondo-ondo hedatu paperean, geruza fin-fin-fin-fin bat lortu arte.

Ondoren, traba egingo ez dizun toki batean utzi eta asuntoaz ahantzi. Handik 2-3 egunetara itxura hau izanen du:

Beno, argazkian ikusten duzuen hori dagoeneko txiki-txiki eginda dago, poltsa batean gordetzeko prest.  Hozkailuan gordeta zenuen ama-orea hondatu zaizula? Poltsatik 3-4 pusketa txiki atera, ur epel pittat bota (epela puskak lehenago leuntzeko) eta behin leunduta, irin pittatekin nahastu. Handik ordu batzutara (ez dago ordu kopuru zehatzik), berriz biziberritua eta prest-presta izanen duzu ama-orea.

3. proposamena.

Gosaltzeko edo merendu goxo-goxo baterako tortitak prestatu: 250 gr. ama-oreari gatz pittat eta Royal legamia goilaratxo erdia bota, goilarakada olio eta azukre bana gehitu eta gorringo bat eta zuringo harrotu bat nahasi.

Olioztatutako zartain batean arrautze frijitu baten tamainako tortitak egin (alde batetik burbuilatxoak ateratzen direnean, buelta eman bertze aldea egin dadin) eta plater batean denak pilatu. Nahi diozuna bota diezaiokezu gainetik: nutella, esnegaina, fruta puskak, marmelada, kanela, siroperen bat…

Ez dut argazkirik, baina nire ahizpak ez-bairik gabe bere bizitza osoan jan duen gosaririk hoberena zela erran zuen…

Badira ere tortitak gaziak prestatzen dituztenak, baina horiek oraindik gure etxean ez ditugu probatu.

4. proposamena.

Aurreko proposamenaren harira, edozein bizkotxo egin dezakezu irinaren partez ama-orea jarriz. Nahiko sarrera luzea gelditzen ari zaidanez, zuzenean, gurean probatu genuenaren lotura utziko dizut hemen. Oso-oso goxoa zegoen: lankideei asko gustatu zitzaien eta nire lankideak, kontu hauetan, oso zorrotzak dira.

Zuek bertze proposamenen bat duzue? Baten bat bururatzen zaizue? Zer egiten duzue normalean?

13 Iruzkin

Uncategorized atalean

13 responses to “Zer egin ama-ore soberakinekin?

  1. Monika

    Nik ez dut (oraindik) ama orerik sobran, baina ogiaz aparte badakit zer eginen dudan berandu baino lehen (ziurrenik ogia baino lehen): Tebaren orrian aurkitu ditudan donutxak, semeari izugarri gustatzen zaizkiolako (Jokin Simpson deitzeko tentazioa izaten dut)… itxura mundiala dute!

    • Irune

      Asteburu honetan prestatu ditugu Tebaren donutxak: M U N D I A L A K!!
      Dena den, guk tranpa egin genuen: ortziralean masa prestatu eta hozkailuan sartu genuen. Larunbatean hozkailutik atera, forma eman, ordubete hartzitzen utzi eta frijitu genituen…

      Goxo-goxoak eta erraz prestatzen dira!

  2. Irune

    Ai ama! Ahantziak nituen horiek! Asteburu honetan bertan konponduko dut…
    Egintzazu ogia, egin eta kontaiguzu nola joaten zaizun!!!

  3. olaia

    Xabik azaldu zidan nola lehortu ama orea, baina oraindik ez dut egin.

    Ea gaur bertan egiten dudan!

  4. xabier-arratia

    Interesgarria ama oreagaz proposatzen dozuna; ogiaz gain, ematen du uruna daukan edozer “hobetezen” duela. Aste honetan propauko dodaz sourdough bread cake horiek.
    Nik iñoz strudelak egin dodaz masamadreagaz, gaziak eta gozoak. Gaziak tipula, piper berdea eta kalabazina aurrez potxatuta, hotzituten utzi, bildu eta labera. Arraskata handiena, dena dela, strudel gozoek daukate: txokolate eta fruitu sikuakaz, edo fruteagaz (sagar gordina, mahas-pasak, gindak, hazitxoak, eztia…).
    Portzierto, ezagutzen duzue errezetarik ama-oredun criossantak egiteko?
    egun ona izan!

    • Irune

      Strudela? Ama-oreaz?

      Kontatu, kontatu detaileak: ze proportziotan, noiz, nola…

      Kroasanetan, barkatuko didazu, baina hasi berria naiz…

      • Xabier - arratia

        Gabon,
        Zorionez, nik baino asko be gehiago dakite batek baino gehiagok strudelei buruz. Nik Vituriko begetarianoan probau nuen lehenengoz strudela, frutaduna, eta asko gustau jatan. Labur esanda, ogi masa bat eta fruta-erdi-konpota eginda, natila ariiiiin bategaz.
        Nik, ogia eiteko masa zati bat hartu, bere horretan, urun apur bategaz mahai ganean zabaldu, generoa bota, bildu eta ganetik esneagaz busti. Labea berotzen dan artean jagiten utzi eta gero labara. 30-40 min-
        Generoa: orean ondo biltzeko hotz egon behar dau, asike berdura potxaue edo beste edozein gauza bota ezkero, utzizu hotzitu arte.
        Gozoa: Txokolatea intxurrakaz nahastuten dot, reposteriako txokolate birrina eta etxeko intxurrak.
        Gozoa 2: sagar birrina (ralladoratik pasauta), mahaspasak, beste edozein fruta igar (iko zein datil zein masusta…), sesamo edo amapola haziek, ezti koilarakada handi bat emulgente lez.
        Da buten!
        oh.: nekez esperimentatzen dot, asike beste rezeta gozorik badekozue, esan ein!!

  5. juantxo

    Aupa xabier-arratia,
    Googlen, “croissant au levain” jarri ezkero azaltzen dira.
    Hau adibide bat; http://votrepain.com/2010/03/participation-n%c2%b038-aspects-techniques-et-croissants-au-levain-en-pas-a-pas-par-jean-michel/
    Oin, hor zer ipintzen duen galdetzen baeztazu, ni p**a idea, nire erantzuna 😉

  6. juantxo

    Ama orearekin zer egin?
    Bere ama orea mikrouhin barruan sartu duen lagun bati oparitu adibidez? 😉
    Errege erroskoa, muffinak, donutsak, g.c. kontrol baten esplikazinuak eman jiji,…. eta strudelak, noski. http://noalpandegasolinera.blogspot.com/2011/01/apfelstrudel-con-masa-madre.html
    Berarekin bidaiatu 😀
    Batzuk, elikatu ondoren berari begira egoten dira telebisinuari begiratzen egongo balira bezala.
    Ikastaroa duzunean, ordubietan jaiki elikatzera zure ondoan dagoena zzzzzzzzzzz dagoen bitartean 😉 eta abar …
    Gauza asko, ez?
    Eta inportantiena; ondo zainduuuu, bestela akabo!!! beste bat hasi beharra.

    Muxu bana

    • mari

      Juantxo, ze katxondeo, ezta? grrrrrrrrr…
      Aiiiiii Pantxika, hau publikatu zenuenean oraindik ama-orea neukan, martxa onean eta bixi-bixi. Zergaitik ez nuen bloga begiratuko????
      Enpin, serafin, jakin ezazue guztiz aluzinatuta nagoela nire ama-ore berriarekin, ea kontatzen dizuedan beste sarreratxo batean.
      Muxuak,

  7. juantxo

    Katxondeoa, nun? ni ere apuntatzen naiz eta 🙂
    Prozesuarekin hasi bazara eta zerbait botatzea tokatzen zaizunean, dena bota beharrean, zati bat beste poto batera pasatu eta integralarekin elikatzen jarraitu.
    Horrela zer da izango duzuna? Bi ama ore; bat zuria eta bestea integrala.
    Egunen baten, euretariko bati, zeozer arraroa 😉 pasatzen bazaio bestea izango duzu. Bi izatea, eta kolore desberdinetakoak, ez da batere txarra.

    Muxutxuak

    • mari

      Ba ez dago gaizki pentsatua, Juantxo.
      Arratsaldean errefreskatzerakoan (nola ari den bizitzen, ke pasada!), goilarakada batzuk botatzera nijoan, baina ezetz asmatu zer egin dudan? nola ez, gura Pantxikaren aholkuak jarraitu, eta nahiz eta ama-ore jaio berria izan, pixka bat gordeta izango dut bazpare.

      Hurrengo errefreskoan zure gomendio jarraituko dut, muxu bat.

Utzi iruzkina