Ziape eta arto ogitxoak

 

Epa aspaldikoak!

Dagoeneko hilabete bat baino gehiago pasatu da Eguberriak izan direnetik eta oraindik ez nizuen erakutsia Gabon-gaueko afarirako prestatu nituen ogitxoak. Ains!

Egia erran, udaz geroztik ogi biodinamikoa egiteko legamia-ama berezi hori amaitu zitzaidanetik ez nuen ogirik egina (bai, badakit, ez dut barkamenik), baina Eguberrietara hurbiltzen ginen heinean nire ogi-sena berpizten joan zen: asteburu batez, legamia industrialaz ogi bat egin nuen, hurrengo asteburuan, ama-orea egiten hasi nintzen… eta azkenean, Gabon hauetan dozenatik gora ogi egin ditut (haziez, hazirik gabe, osoak, zuriak, hazi malteatua duen irinaz…) eta, noski, hau ere egin nuen (etxerako, lanerako, auzokoentzat, enkargu bat ere izan nuen eta dena!).

Erran dut ez nuela luzatzeko intentziorik?? Ze desastrea!

Beno ba, gauza da, Gabon-gaueko afarirako ziape (mostaza) eta arto ogitxo hauek egin nituela. Taloak egiteko arto-irin pittat banuen eta Dan Lepard-en “The art of handmade bread” liburuan kuxkuxeatzen topatu nituen. Eh! Nik ingelesezko bertsioa dut eta nire modu librean itzuli dut, beraz…

Osagaiak:

– 200 gr galirina

– 50 gr arto irina

– 3/4 goilakaradatxo bat gatz (3/4 goilakaradatxo??? txantxetan ari da Dan Lepard hau, nola demontre neurtzen da hau?? ba hori, nahi duzuen gatza bota)

– 1 goilakaradatxo ziape hauts. Nik hautsean ez dut, beraz, krema gisako hori bota nion.

– 100 gr ama-ore

-125 gr ur

– 3/4 goilakaradatxo legamia industriala. Noski, nik bezala, legami-hautsa baduzu, horren herena bota behar duzu, hau da, 1/4 goilakaradatxo bat. (3/4 goilakaradatxoaren 1/3a… no comment, noizpait Dan Lepard aurrez aurre baldin badut… goilakaradatxoen laurdenak, herenak eta erdiak neurtzen kontuko dut, hiru bat orduz…)

Beno, goilakaradatxoak neurtzen ez baduzue pazientzia guztia agortu (ze meritua!) ondoren, osagai idorrak eta likidoak nahastu behar dituzue bakoitza bere aldetik. Eta gero, dena gehitu eta pittat oratu.

10 minutuz utzi, 10 segundu oratu, 10 minutuz utzi, 10 segundu oratu, 10 minutuz utzi eta 10 segundu oratu. Aldi bakoitzean, oratzeko tokia eta bol-a arto olio goilarakada batekin igurtzi.

Ogi arrunt bat ere egin nuen aldi berean eta hemen ikus dezakezue ziapeak eta artoirinak ze kolorea ematen zion oreari:

Behin orea egina, ordubetez, toki epelean utzi.

Ordubetera, 60 gr. inguruko 8 bolatxo egin, irineztatutako erretilu batean jarri eta zapi batekin estali. Bertze 45 minutuz utzi.

Ziape hauts goilarakadatxo bat, bi goilakaradatxo ur eta olio goilarakada batekin nahastu.

Labea piztu eta 210º C-tara berotu.

Egurrezko goilara batez, bolatxo bakoitzaren erditik zanpatu, tarte fin-fina utzi arte. Kasu! Oso-oso fina izan behar du, bertzenaz labetik pasatu eta gero ez da nabarituko.

Tarte hori aurreko nahasketarekin pintatu eta berriz ere bolatxoaren bi aldeak bildu.

Bolatxo guztiak egin, labeko erretiluan jarri, uraz zipriztindu eta 20 minutuz labekatu. Gero, labea 190º C-tara jeitsi eta bertze 15-20 minutuz utzi.

On egin deizuela!

10 Iruzkin

Irunek idatzia atalean

10 responses to “Ziape eta arto ogitxoak

  1. mari

    Aupa Irune, ze opiltxo itxurosoak, mmmmmm….
    Ea Gamizen arto irin piska bat erosten dugun, argazkia ikusita probatzeko gogoa ematen du eta. Hala ere nire kasuan hori baino behar larriagoa daukat: LABEA!!! laister berreskuratzea espero dut.

    Segi horrela, muxu handi bat.

    Mari

    • pantxika

      Epa Mari, opiltxoak itxurosoagoak gelditu izanen ziren, tartetxoa gehiago markatu izan banu…

      Labearena, alde batetik, pena da dagoeneko ondo ezagutzen zenuelako eta ezustean diru mordoa gastatu beharko duzulako, baina, bertze aldetik, pentsa ezazu ze aukera zabala duzun orain: labe pirolitikoa, hartzidurak bertan egiteko aukera, badira ere lurrun-injektoreak daramatzatenak… uauuuu!

  2. Olaia

    Oso itxura ona dute opiltxoek!

    Ea nik ere arto irina erosi eta probatzen ditudan

  3. Xabihirulau

    Aupa,
    Itxura ona daukate, ta zer moduz zaporez? Konbinazio berezia dirudi ziape eta artoarenak. Ogi horiek beretan edo beste janariren bat laguntzeko erabili zenituzten?

    • pantxika

      Ba, egia erran, azkenean ez genituen Gabon-gauean jan. Aurreko egunean prestatu nituenez eta txikitxoak zirenez, hurrengo egunerako pittat idortu ziren.

      Dena den, nire seme-alabek gosaltzeko opiltxoak bezala hartu zituzten. Noski, nik ez nien erran zer zuten…

  4. telle

    Kaixo okin kuadrilla!!
    Jakin nahi nuke blog honetan parte hartzeko zer egin behar dudan…saltseatzen ibili naiz baina ez det asmatzen…
    Animo ogi puxka hoiekin, gose izugarria sartzen zait zuen errezetak irakurtzen ditudan guztietan!!
    Laister arte!

    • Irune

      Blog hau guztiz irekia dago parte hartu nahi duen ororentzat, beraz, ongietorria izan zaitez!
      Ai! Gero eta gehiago garela ikusteak, ikaragarrizko poza ematen dit!

  5. Ondarrean ezagutu dut zure bloga!! ze itxura ona duten ogitto hoiek!! ta ziur naiz onak izanen zirela, hortan ez dut dudarik.
    Zorionak zuen blogarengatik, biziki interesgarria baita ta…ESKUARAZ!!
    Ongi izan,
    Helena

    • Irune

      Epa Helena, ongietorria gure blogera!
      Nik uste gurean badirela maxinaikin egin daitezkeen ogien errezetak… Animatu zaitez, denak aski errexak baitira!
      Izan untsa,

Utzi iruzkina