Artxiboa laburpen hitzeka: Errezak

Kalabaza “empanadico”

Foro del Paneko Ceciliarena da errezeta. Hain atseginez denez, blogera igotzeko baimena eman dit. Kalabaza, duela gutxi bisitatu gintuen Roserren oparia da, argazkian ikusten den handia adinako bi alerekin agertu zitzaigun. Beraz, eskerrak bai Cecilia eta bai Roserri honako plater aparta gauzatzeko lehengai garrantzitsuenagatik.

Ezkerrekoa, Roserren oparia da.
Eskumakoa Potimarrón barietateko kalabaza da

Eta zegatik “enpanadico” delakoa? Behin, TV3 ikusten, duela bi uda, Hueskako herri bat, Tolva, agertu zen eta okindegiko obredore bat azaldu zen eta plateraren izen eta errezetarik eman ez zuten arren, carbassa coca bat sukaldatu zuten ( carbassa, kalabaza da katalaneraz). Handik garai batera “carbassa coca” bilatzeari ekin nion web orrietan, baina, bizkotxoak azaltzen zitzaizkidan soilik

Googleko irudietara jo nuen eta bapatean TV3an ikusitakoa ekarri zidan burura. Enpanadico bat zen, edo kalabaza enpanada erraldoi bat, Hueskako gozo tipikoa. Miatzen, azpian doan bideoa eskuratu nuen eta geroztik, Juantxok, Ceciliaren errezetarenenlazea pasatu zidan. Horrela, saskiko barazkiei beste erabilgarritasun bat eskaini diegu: postre osasuntsu, koipe saturatu eta kolesterolik gabekoa, esne eta arrautzarik gabe eta oso gozoa.

Orain, neuk gauzatutakoa azaltzen dizuet.

OSAGAIAK enpanadico handi bat egiteko.

Orea egiteko

  •  380gr Rincón de Segurako galirin txuria.
  •  230gr ura
  • 115gr Rincon del Segurako kainabera azukre beltxaran integrala.
  •  100gr oliba olio birjina.
  • koilarakadatxo bat anis berdea (espezia)
  • Laranja baten azala (Roserren oparia izan ziren laranjak ere)

BETETZEKO

  • 400gr Kalabaza, zuritua eta xaflatxoetan
  • 2 koilarakada azufre azukre koilarakadatxo bat kanela hautxarekin nahasia.
  • Pinazi eskukadatxo bat (20 bat gramo).
  • Pasa eskukadatxo bat (40 bat gramo).
  • Oliba olio birjina eta azukre beltzarana orea eta kalabaza  hautseztatzeko.
  • Tresna hauek: iragazki bat, egurrezko koilara, arrabola, labeko erretilua eta labekatzeko papera.

ELABORAZIOA

Bolean irina ipini eta gorde. Olioa, azukrea, anisa eta laranja azala irakitzen jartzen dugu. Hamar minututan irakiten utzi. Irina eta likidoa bat egin eta egurrezko koilaraz azkar nahasi. Ez sartu eskurik, kiskali egingo zinateke eta. Higitzen jarraitu tenperatura galdu arte eta beroa dagoen unean, baina erretzeke, mahaira atera eta ongi oratzen dugu. Ore biguna da eta ia-ia  ez da eskuetan itsasten. Orea bolean trapu batez estalita utzi 10 bat minutu. Labea berotzen dugu 180º. Boletik orea atera eta arrabolez tenkatzen dugu. Nik, labekatzeko paperaren gainen, bertan, tenkatu nuen, horrela, ez nuen behar izan irin estrarik. Behin tenkatua, gainaldea hautseztatzen zaio,(ertzak ez) azukrea eta kanelaz, ondoren, oliba olio txurrustatxo bat jarriz. Honen gainean, kalabaza jartzen dugu, honi ere, azukre eta kanela eta baita oliba olio. Azukrea eta olio norbere gustura. Beheko orea kalabazaren gainaldera tolestatzen dugu, enpanadila erraldoi bat egiteko bezala eta ertzak biltzen ditugu. Ertzak ebakitzen ditugu, pizza mozteko tresna edo laban batez. Ertza apur bat leuntzen dugu eta gorantza tolestatzen dugu. Bost zulotxo egiten dizkiogu gainaldeari (dadoetako 5 zenbakia bezala). Ebakinekin bi makarroi luze egin eta enpanadico gainean X gisa jartzen ditugu. 20 bat minutu sartzen dugu labean 180ºtara. Tenperatura 220ºtara igo eta minutu gutxi batzuk gehiago utzi urre kolorea har dezan. Adi, ez dadin erre. Parrila batera atera dut, azukre beltxaranaz hautseztatu eta gau oso utzi dut giro-tenperaturan. Gosaltzeko dastatu dut. Ze goxua! Dastatu dutenek oso gozoa dela diote eta zapore elkarketa txundigarria. Errepikatuko al dugu aste santuan? Agian, agian, agian…!

8 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Ama oreaz egindako Baguette antzeko ogia

Hau, azkenaldian, etxean egiten dodan ogia da.

Errezeta “El foro del pan”eko urtarrileko errezetatik aterata dago, J.A.I.L bezala identifikatzen den foreroak idatzia.

Osagaiak:

400 gr uruna

250 gr ura

200 gr ama orea

3 gr legami lehorra

8.5 gr de gatza

1. Osagai guztiak nahastu eta oratu. Oratzen jarraitu ore elastikoa lortu  arte, leiho proba erabil dezakezue.

Nik ogia egiteko,  eta gauza guztietarako, bakoitzean denbora gutxiago dodalez  Kitchen Aid darabilt oratzeko. Makinarekin 15 minutu oratzen dot, boleatu eta lehen hartzidurarako oliotatuko bol batean jartzen dot.

Ordu bat eta laurdena utziko dogu.

2. Ordu eta erdi pasa ondoren (oratze eta hartzidura artean), hiru zatitan banatzen dot, forma emon eta atseden hartzen estalita izten dot.

Baguette batzuk amapola haziez estaltzen dodaz. Horretarako baguetta ur apur batekin busti  eta  amapola hazi gainetik pasatzen dot.

3. Labea, 250 gradutara berotzen ipini metalezko ontzi bat barruan daukala.

4. Ordu bat pasa ondoren eta ogia labean sartu baino lehen,  ura irikitan bota metalezko ontzian.

Ogiari ebagia emon eta labara sartu.

5. Labea amatau eta tenperatura 200 gradutara bajatzen danean labea berriro ere bizten dot  (Juantxo-ren trikimailua).

Hamabost minutu pasa ondoren (ogia sartu dogunetik) ura atara eta beste hamar edo hamabost minutu itxi . Dagoeneko eginda egon beharko ziren.

6. Labea amatatzen dot, atea zabaldu eta beste 15 minututan ogiak  laba barruan itxiten dodaz.

7. Ogia labatik atara eta “rejilla” baten gainean hozten itxi.

Ogi oso ona ateratzen da eta dembora gitzi eramaten dau (3 ordu), horregaitik azkenaldi honetan egiten dodan ogia da.

8 Iruzkin

Uncategorized atalean

Azenario bizkotxoa – carrot cake

Beno,

Neguko barazkien otarrari etekina ateratzeko, beste errezeta goxo-goxo bat. Eta postrea gainera!!!

Zenbat  gustatzen zaidan, eta nola pasatzen dudan!!!

Pasa zen asteburuan halako hiru bizkotxo jausi ziran. Iaz, “andereño konsortea” bezala joaten naizen ogi ikastaro batera blog hontako kide batek eraman zuen, eta izugarri gustatu zitzaigun. Errezeta, “Little Things” blogetik atera zuen.

Goxoegia ez izateko azukre pixkat kendu nien, ez nien ez gatz eta ez esnerik bota eta emaitza dastatzaileen arabera, mundialak zeundela.

Oliba olio birjina, intxaurrak (mila esker Edu), galirin integrala, azenarioak … dituenez, benetan osasuntsua gainera. Nork esango zigun elikadura zainduko genuela hain goxoa eta hain osasuntsua den postre batekin? Zuntzan aberatsa, monoinsaturatu koipeak, nekez kolesterola, …

Gogoan hartu s´il vous plait arrakasta ziurtatuta dago eta.

Bizkotxo baterako OSAGAIAK:

  • Galirin integrala (Rincón del Segura), 200 gr.
  • Hauts-legamia (edo gasifikatzaile bat), 3 koilaratxokada.
  • Ehotako espeziaz betetako koilaratxo bat; kanela, intxaur muskatua eta iltzea nahastuz.
  • Ehotako intxarrak, 60 gr.
  • Kanabera osoko azukre beltza (Rincón del Segura), 150 gr.
  • Oliba olio birjina, 130 gr.
  • 2 arrautz, “L” tamainakoak
  • Zuritu eta birrindutako azenarioa (laborantza ekologikoa), 170 gr.

25 zentimetro inguruko luzeera duen moldea beharko duzue. Gurinez ez igurtzeko, paperez forratu dezakezue. Errez ateratzen da.

Errezetaren kantitateak bikoiztu egin nituen, eta horregatik beheko argazkietan bi bizkotxo ikusiko dituzue 🙂

ELABORAZIOA:

Labea, 180ºtara aurreberotzen dugu.

Intxaurrak robot baten, ehogailuan edota almerizean ehotu.

Katilu batean irina, hauts-legamia eta espeziak bahetuko ditugu. Ehotako intxaurrak gehitu eta erreserbatuko dugu.

Zuritu eta birrindu azenarioa. 

Olioa, azukrea eta arrautzak beste katilu baten nahastu. Azenarioa gehitu eta nahasi. Azkenik, lehenengo katiluan daukagun nahasketa gehitu, eta ondo nahastuko dugu.

Nahasketa moldera bota eta labean sartuko dugu.

Tenperatura 170ºtan mantendu eta ordubete inguru labekatuko dugu.

Atera eta parrilla baten gainean hozten laga.

Zuen gustokoa izatea espero dut.
😉

10 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Gluten gabeko panini-ak

Ze gogorra den ikerlariaren bizitza!

Lan haundia izan eta tarteka estresa metatzeaz gain, momentu goxoak ere izaten ditugu. Une honetan “International Coeliac Disease Symposium” (Nazioarteko Gaixotasun Zeliako Sinposioa) ekitaldira gonbidatua nintzen, Oslon (Norvegian). 
Gainera, oso jende atseginarekin joan nintzen (hemendik agurtzen zaituztet). Eurekin momentu polit ta interesgarriak konpartitu nituen. Egia esan Norvegiatik pozarren itzuli nintzen, penaz, eta itzultzeko kriston gogoarekin. 

Zeliako gaixotasun monografiko nazioarteko ekitaldi baten imajina ezazue zenbat zientzia ikusteko aukera dagoen. Ikerkuntzako “pope”-ak ezagutzen dituzunean, aurpegia ta ahotsa ipintzen dizkiezu. Jende atseginarekin egiten duzu topo, ze moduz zauden galdetzen dizutenak, oso lagungarriak direnak, aholkatzen dizutenak. Sinestezina da. Eskandinavian gluten gabeko elikagaiak egiten dituzten enpresak ezagutzeko grina haundia ere neukan. 

Batzuek badakite zein zaila den gluten gabeko irinak erabiliz, ogia egitea. Aitortu behar dut behin saiatu nintzela, eta emaitza hain txarra izanda, zaramara bota nuela. Aurrerantzean, “gluten gabeko ogiak ta produktuak” izenarekin sarrera bat idazteko asmoa dudanez, irakurtzeko aukera izango duzue. Ogia egiteko aparte, beste gauza batzuetarako balio duen gluten gabeko osagai nahazketa perfektuaren bila jarraitzen dut. Nire ustez gluten gabeko produktuak eskuragarriak, elikagarriak, goxoak ta anitzak izan beharko lirateke. Eskatzekotan….

Halere, zeliako gaixoa daukaten familietan, elikagaietan duten aurrekontua hirukoiztu egiten omen da. Produktu hauek, nutrizio aldetik nolakoak izango ote diren nire zalantzak ditut; oso eszeptikoa bainaiz. Normalean, elikagai hauek almidoia (arto irinetik, arroza edota galirinetik, behin gluten kenduta), azukreak eta gantzak dute osagai nagusi. Gluten gabeko produktu askok bere ezaugarri nutrizional batzuk betetzen dituzte, kaloriak, proteina ta karbohidratoak, alegia. Baina, zer gertatzen da zuntzarekin, bitaminekin, gatzekin? Akaso gantz saturatu asko dute? Gluten dituzten elikagaiek baino kaloria gehiago ote dute? Erantzun zehatza izateko, galdera hauek, elikagaiak egiten dituztenei egin beharko genien.   

Normalen, produktuak frogatzera ez naute gonbidatzen, baina produktu honen berri nahi izan dudalako ematen dizuet, besterik gabe. Elin Cornell (beheko argazkian) ezagutu nuen Cornells Alternativ paradan eta, euren irin nahasketekin eginiko ogiak ta produktuak dastatzeko aukera izan nuen. Berbetan hasi ginen eta nik gustora frogatuko nuela komentatu nion ogiak, gofreak, pizzak, eta abar labekatzeko oso aukera ona iruditu zitzaidalako. Nire ustez, duen desabantaila bakarra bere prezioa da. Norvegian, dena, hemen baino garestiagoa izaten da: kafe batek 5 euro balio du, garagadoak 11, eta abar. Cornells irin nahasketak (750 gramoko paketea) 120 NOK balio du (15,5 € gutxi gora behera), garraio barik, eta kontuan hartu Norvegia Europar Batasunatik kanpo dagoela. Dena den, Elinarekin harremanetan jarri nahi izanez gero bere weborrialdean edota helbide elektroniko honetan egin ahal duzue. Cornells produktuak erosteko interneteko denda BonusHelse izenekoan lortu ahal dira. Zoritxarrez, bai Cornells weborrialdean bai BonusHelse interneteko dendan Norvegiarrez daude.
Elin Cornell (erdian dagoena)
Jonas Meek (ICDS 2011) argazkilariaren esker
Elini bere produktuak jakinaraziko nituzkeela egiaztatu nion berak zeliako gaixoen elikadura hobetzeko ikuspegiari oso egokia iruditzen zaidalako. Egia da bere ogiak zapalak direla baina ze goxo dauden. Ez ahaztu Elinena beste ikuspegi bat dela. NIk ekarritako irin nahazketa pakete urdinekoa zan, “Mel-og frøblanding” izenekoa, (itzulpen zuzena “irin osoko sendoa” lirateke). Nahasketa honetan: quinoa, quinoa malutak, artatxiki malutak, arroz malutakamaranto irina ta kalabaza haziak, denak ekologikoak. Taulan 100 gramo produktu ta panini bakoitzeko (orea soilik) nutrizio balioa laburbiltzen dizuet. 

Halako nahasketan pseudozerealak, gluten gabeko irinak ta fruitu lehorrak (kalabaza haziak) daude. Quinoa ta amarantoa landareak dira, ezaugarri nutrizionalak harrigarriak dituztenetarikoak. Gluten gabeko produktuak egiteko gero eta gehiago erabiltzen direnak. Esnekirik ez duenez, laktosari intolerantzia edota esne produktuei alergia dietenek ere, jan ahal dute. 

Hauxe da Cornells irin nahasketa itxura

OSAGAIAK, 8 panini-ak egiteko: 

  • 330 g Cornells irin nahasketa, pakete urdina “Mel- og frøblanding” 
  • 165 g ur
  • 25 g oliba olio
  • 5 g gatz
  • Apaintzeko, zuek nahi dituzuen osagaiak: tomate saltsa, pistoa, txanpinoiak, piper berdea, tipulina, eta abar

EGITEKO:

Robot-an edo kafe-errotan irin eta hazi nahasketa birrindu (nik thermomixa erabili dut; 10garren abiaduran, pare bat segundu). 
Gatza, olioa ta ura bota eta ondo nahastu. Utzi 30 minutu atsedenaldia hartzen. 
Orea oso biguntxoa da ta eskuz oso erraz maneiatzen da. 8 bolatxotan zatitu (60 gramokoak). Labeko erretilua landare-paperarekin estali. 

Eskuak olioztatu eta 10 zentimetroko diametroa izan arte bolatxoak zapalzu. Gustoko dituzuen osagaiak gainetik ipini (argazkian: pistoa, txanpinoia, piper berdea, tipulina, antxoa ta mozzarela gazta)

200 gradutan, 15 minutu inguru labekatu. 
Oso goxoak daude. Mila esker Elin.

On egin dezazuela!!!

2 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Zekale eta martorri ogia

Gutxinaka, baina banoa ogiekin aurrera. Mundu honetan lehen pausuak ematen nabilen arren, irina eta errezeta ezberdinak frogatzen hasi naiz, kasu honetan %100eko zekalezko ogia martorriarekin, nire ikuspuntutik ogi erraza, gutxi oratu behar delako eta hartzidura bakarrekoa delako.

Errezeta, Beak La Cocina de Babette-eko “Pan para principiantes” ikastaroan emandako errezeta baten eta Iban Yarzak “El foro del pan”en jarritako beste baten arteko mix bat da. Holako txapeldunekin ogia ondo irten behar da, ezta?

OSAGAIAK

Zekalezko ama orea 400 gr.

Zekalezko irina 380 gr.

Ura 300 gr.

Eztia 25 gr.

Birrindutako martorri haziak 6 gr.

Gatza 12 gr.

EGITEKO MODUA

Ama orea eta ura nahastu.

Irina, gatza, martorri haziak eta eztia gehitu. Egurrezko koilara edo eskuekin ondo nahastuz.

Cake moduko molde bat olioztatu.

Esku bustiekin orea hartu eta moldean sartu. Plastiko batekin estaliz.

Hiru orduko hartzidura egiten utzi eta labean sartu 230ºtara. 10 minutu pasa ordoren labea 200ºtan jarri.

Jateko 24 ordu itxaron beharko dituzu.

5 Iruzkin

Mariluk idatzia atalean

Espelta zuria eta osoko ogia

Maiz gertatzen da ogi bat egitea, errezeta hori galtzea eta gero etxetik zoro moduan errezeta bila egunak ematea. Baina badago hau ekiditeko formula magiko bat, eta formula hori “okinaren portzetaia” du izena. Baina, zertan datza? Oso erraza da:

  • 100 % irin
  • 51 % ur (bagelak egiteko) ala
  • 60-65% ur ( ogi arrunta egiteko) ala
  • 65-68% ur ( baserriko ogia egiteko) ala
  • 78 % ur (ciabatta egiteko)
  • 40% legami naturala (edo 2% legami freskoa)
  • 2% gatz

Hau da: Nik sukaldeko armairua zabaltzen dut eta zein hirin mota dudan begiratzen dut, eta espelta zuria eta integralarekin topatzen naiz. Orduan pentsatzen dut:

  • 500 gr irin: 300 irin zuria + 200 osoko irina (100 %)
  • 300 gr ur (60%  irinan oinarrituz) eta gehiago gehituko nuke irinak eskatuko balu
  • 200 gr legami natural (40 % irinan oinarrituz)
  • 10 gr gatz (2% irinan oinarrituz)

Badut nire errezeta!!! Gainera kopuru guztiak gehitzekotan ( 500 + 300 + 200 + 20 = 1020 gr) eta ikusiko dugu, gutxi gora behera, 1 kg-ko ogia dela. Beti, beti, beti kontutan hartu behar duguna irinaren kopurua da. Irinaren kopurua jakinez gero, beste neurri guztiak kalkula ditzakegu.

Errezeta dudanean, prozesuarekin has naiteke, eta pausu hauek oso argi izan behar ditut buruan (eskema oso murriztua):

  1. Nahastu: hirina, legami naturala eta ura nahastu bowl batean.
  2. Autolisis: nahasketa 30 min deskantzatzen utzi.
  3. Oratu: gatza gehitu, eta koipeztutako azalera batean textura lehun bat lortu arte oratu
  4. Lehenengo Hartzidura (fermentazioa): 3 orduz orea koipeztutako bowl batean utzi (tenperaturaren arabera). Orduro orea tolestu sobre bat izango balitz bezala.
  5. Forma: irineztatutako azalera batean oreari forma eman, honi behar duen tentsioa emanez.
  6. Bigarren Hartzidura: Orea banetoian (edo bowl batean) sartu eta 2 orduz eduki.
  7. Laberatu: Laba berotu, labeko oinarrian ontzi bat sartu, ogia erretiluan jarri eta ogiari taxua egin. Ogia laban sartu eta labean dagoen ontzian irakitako baso bete ur sartu (lurrina sor dezan). Lehenengo hiru minutuetan spray batekin, kontu handiz, labeko hormak buzti. Lehengo 15 minutuak 250º tan utzi, eta azkeneko 40 minutuetan 200ºra jaitsi.

2 Iruzkin

Intxaurtsuk idatzia atalean

Gurin xigortudun ogitxoak

Errezeta hau Xavier Barriga-ren “PAN” liburutik atera dut. Liburua erosi berri dut, eta egia esan, azalpen aldetik oso gustokoa ez dudan arren ,  dituen errezetak gustatu zaizkit.

Ogitxo hauek, gosaritarako prestatu nituen, gurina daramatenez, aproposak iruditu zitzaizkidan. Ez dira gozoegiak, eta gurin zaporea ere bere puntuan dute, beraz edozein unetan  jateko primerakoak dira, baita bazkaritan edo afaritan ere. Nik liburuko pausuak jarraitu nituen, baina gutxitxo harrotu ziren , tenperatura ez zen baxuegia hartziduran, baina halere denbora gehiago utzi banituen hobe.

Osagaiak;

.- 500 gr ogigintzarako galirin (indar irina )

.- 280 ml ur

.- 30 gr gurin

.- 15 gr legami prentsatu

.- 15 gr azukre (gozoak nahi badituzue, gehiago jarri)

.- 10 gr gatz

.- 10 gr esne hauts

Gurina ontzi batean jarri, eta xigortu, kolorea illundu arte, ondoren hozten utzi erabili aurretik.

Irina, ura, azukrea, gatza, esne hautsa eta legamia birrinduta nahasi,  ondoren gurin xigortua gehitu. Dena ondo nahasi, eta oratu, ore leun bat lortu arte. Orea banatu  ogiei eman nahi zaien tamainuaren arabera, ( nik 10 ogitxo egin nituen ) eta bolatxoak egin bakoitzarekin. Igotzen utzi orduerdi inguruz, nik hala egin nuen, baina hurrena denbora gehiagoz utzita egingo dut froga.

Denbora hau pasata, ogitxoei forma eman behar diegu. Gainazalean irin apur bat bota, bolatxoa bertan jarri, eta pixkat zapaldu. Orea ertzetatik barrurantz biltzen joan, paketetxo bat egingo bagenu bezala tolesdurak sortuz, ertzak orean barrurantza sartuaz. Azken ertza biltzean, behatzarekin barrurantz bultzatu. Sukaldeko zapi irineztatu batean, edota irineztaturiko ontzi batean, ogitxo hauek jarri, tolesdurak beherantza dituztela. Utzi igotzen, tamaina ia bikoiztu arte, 45-60 minutuz.

Labea piztu 220 º tan, eta bertan ontzi bat jarri ur pixka batekin, lurruna sortu dezan. Ogiak tamaina hartu dutenean, labeko plaka batean jarri, tolesdurak gora begira direla eta urez lainoztu ogien gaina. Labekatu 16-18 minutu inguru, gehiegi iluntzen utzi gabe.

Ikusten duzuenez itxuraz oso politak geratzen dira, zaporez ere oso onak.

On egin!

BERRI GARRANTSITSU BAT:

Ogi munduan zabiltzatenok beste blog-etan ikusita jada jakinaren gainean egongo zarete, gaur jarri dela martxan http://www.elforodelpan.com . Iban Yarza-ren proiektu hau, denbora luzez landu da beste ogizale askoren laguntzaz. Ilusio eta lan askoren emaitza, bertan aurkituko duzue, ogiaren munduko elkargune bat izateko asmotan sortua, eta denborarekin, eta denon laguntzaz, hazten joango dena. Denok animatu zaitezte sartu eta parte hartzera, denok dugu asko ikasteko lanabes honatik. Zorionak lanean parte hartu duzuen guztioi.

15 Iruzkin

Iduk idatzia atalean

Hokkaidoko esne ogia

Aupa guztioi!!

Gaur, Ibanek tailer baten emandako errezeta gozo hau dakarkizuet. Hokkaido, Japoniako bigarren irla haundiena da. Interneten bilatu dut eta, Hokkaidoko esnekiak oso famatuak omen dira. Hokkaido irlan, bertako behiek, belardi ezin hobeak eta freskoak jaten dituzte, eta noski, esnekiak primerakoak dira. Ogi hau, okin amateurrentzat ez da batere zaila. Oratzea, tradizional erara egiten da.

OSAGAIAK:

  • Ogia egiteko irina, 400 gramo
  • Esnegaina, 75 gramo
  • Azukrea, 55 gramo
  • Gatza, 7 gramo
  • Esnea, 155 gramo
  • Arrautza ertain 1 (ez da haundia izan behar)
  • Legami freskoa, 12 gramo (edo 3-4 gramo legami lehorra)

EGITEKO ERA:

  1. Osagai guztiak bol baten ondo nahastu (egurrezko koilara lagungarria izaten da). Gero, boletik atara eta 10-15 minutu oratu tradizional erara. Hasieran zaila badirudi ere, pittin bat praktikatuz gero, ikusiko duzue orea leuntzen hasten dela. Hasieran, orea itsaskorra da baina, gero eta suabeago bihurtzen da. Pazientzia izan
  2. Sartu berriro olioz igurtzitako bolean (bol-a garbitu eta gero), estali plastikozko filmarekin. Utzi ezazue 60-90 minutu giro epelean, lehenengo hartzidura egiteko.
  3. Atara orea, gasgabetu kolpe batzuk beldur barik emanez. Orain, oreari forma ematen zaio. Demagun, 25 zentimetroko moldeko ogia aukeratu dugula. Orduan lauki forma eman arrabolaz (luzera 25 zentimetrokoa) eta biribildu. Moldea olioz igurtzi eta ore biribildua barrura sartu. Beste 60-90 minutu giro epelean utziko dugu bigarren hartzidura egiteko.                                                                                                                             Oharra.- Kasu honetan hor goian azaltzen diren  osagaien kantitateak bikoiztu egin nituen aluminiozko hiru molde (18,5 x 5,5 x 7,5 zm.) bete behar nituelako. Moldea 25 zentimetro izanez gero, goian azaltzen diren kantitate hoiek erabili baina, bolatxoak 180 gramokoak izan beharko lirateke.
  4. Aukera bat txokolatezale zaretenontzat: laukia zabaldu eta gero, txokolatezko krema (Nocilla edo Nutella izenekoak) zabaldu ertzeetara iritsi barik. Orduan orea biribildu eta moldean sartu. Beheko irudietan: Nik hiru moldeko ogi prestatu behar izan nituen. Nere lagunentzat ziren eta itxura berezia izatea nahi nuen. Orduantxe zera egin nuen; molde bakoitzean 4 biribiltxo sartu nituen. 12o gramoko lau bolatxo prestatu, luzatu, txokolatezko kremaz igurtzi eta borobildu. Gero, soberan zegoen bolatxoa erabiliz, euren izenen lehenengo hizkia formatu eta gainean ipini nien: P eta C; ematen du PC opila baina ez da ;))
  5. Labea berotu 180º gradutan. Moldeko ogia sartu eta labekatu 45 minutu gutxi gora behera. Denbora, orearen tamainuaren arabera doa. Molde txikiagoek denbora gitxiago beharko lukete.  Ez erretzeko, (nire labean gertatzen den moduan) ogia sartu eta 15 minutura aluminiozko paperarekin estali. Urrengo argazkian emaitza ikus dezakezue.

Atara labetik, hotzitu eta on egin dizuela!

14 Iruzkin

Tebak idatzia atalean

Ahabi alternatiba

Aurrekoan Juantxok ogia egiteko alternatiba bat aurkeztu zuen, eta gaurkoan nik ere horrelako bat dakarkizuet. Lidl izeneko supermerkatuan ogia egiteko nahasketa ugari aurki daitzeke, intxaur ogia, zekale ogia…etab. Baina ikeak ere baditu horrelako nahasketa batzuk. Nahasketa hauekin lortzen den ogia erositakoa baino askoz hobea da, baina produktu hauek ogiaren prozesuarekin hasteko baliabide oso interesgarriak dira.

Dagoeneko dena nahastuta dago, ura gehitu behar zaio, baina fermentazioa zer den ulertzeko, oratzeko, taxuak egiteko eta labaren misterioak ezagutzeko oso lagungarria da.

ELABORAZIOA:

  1. 6 dl ur eta paketeak dakarren guztia bowl batean nahastu
  2. 30 min orea deskantzatzen utzi
  3. oratu
  4. orea erdibitu
  5. labeko erretilu batean jarri
  6. 30 min fermentatzen utzi
  7. laba 200ºtan berotu eta beheko aldean lapiko bat jarri
  8. ura irakiten jarri (baso bete ur nahikoa)
  9. ogie taxuak egin
  10. laban sartu eta azkar batean ura lapikoan sartu eta laba itxi
  11. lehenengo 3 minututan ura duen sprya batekin labeko aldeak buzti
  12. 30-40 min eta gero atera
  13. hotzitzen utzi.

Benetan ogi itzela dela, nahiz eta paketekoa izan. Paketeak berak dakartzan jarraibideak eta nireak ez dira berberak, baina nik honela egin izan nuen.

Beste behin honelako beste nahasketa bat frogatu nuen eta emaitza itzelezkoa izan zen. Ikusi nahi izatekotan hemen duzue sarrera:

http://lalibelularoja.blogspot.com/2009/11/zekale-ogi-suediarra-pan-de-centeno.html

3 Iruzkin

Intxaurtsuk idatzia atalean

Alternatibak

Blog baten sarrera bat idazten dudan bakoitzean iruzkinen zain egoten naiz. Azken finean niretzat, eurek ere, sarrera baten zatia dira eta amaiera ematen diotenak. Nire ustez sarrerei ordurarte zeozer falta zaie. Niri, bereziki, iruzkin hoiek irakurtzea gustatzen zait. Asko ikasten dudalako, ideiak izaten ditudalako. Sarrera hau iruzkin hoietariko bat (Jo batena hain zuzen ere) irakurri ondoren bururatu zitzaidan. Elurte batek harrapatzen bazaitu, zer? Ama orea aktibatu barik duzula eta ezin zarela ogi bila joan, zein aukera dituzu? Ba al dago aukerarik? Ba bai, badaude. Batzuk, beste batzuk baino hobiagoak edo naturalagoak baina, denekin ogia egin daiteke.

Eibarren, pertsona bat ezagutzen dut aspaldi, supermerkatu baten nahasketa bat erosten duena eta horrekin ogia egiten duela. Ostiralean erosi nuen nahasketa hoietariko bat eta hau atera zitzaidan.

Poltsa kilokoa da, baina erdia erabili nuen. Horri, paketean jartzen duen moduan, 350ml. ur gehitu nizkion eta nahastu egin nituen. Likidoegia geratu zen eta ez nuen nahi moldean egiterik. 3 koilarakada galirin gehitu nizkion eta nire gustokoa zegoenean oratu egin nuen. Hortik aurrera paketeak markatzen dituen pausuak jarraitu nituen baina, 2. fermentazioa bannetoian eman nion. Ez da ama orearekin egindako ogia baina, oso ona zegoen. Ondo harrotu zen eta oso elastikoa zegoen. Paketetxo bat edukitzea merezi du, badaezpada. Paketeak, urtebeteko iraupena du.

Ondoren zer egin nuen? Baaa, gure artean oso famatua den ogi bat. Batek baino gehiagok beharbada ogia ez dela pentsatuko du baina, ogia da. Legamiagabeko ogia. Zein? Taloa. Berarekin batera bere lehengusua/sina izan daiteken beste bat baina, kasu honetan galirinarekin egindakoa. Burritos mexicanos egiteko erabiltzen diren: Tortilla mexicana.

Taloa egiteko artoirina, galirin pixkat, gatza eta ur beroa erabili nituen. Tortilla mexicana egiteko galirin zuria, margarina, gatza eta ura.

Eta denbora nuenez Bixiguk jarritako ogiaren kopia bat baina, edozein supermerkatuan erosi daitezken produktuekin. Ordu betean egiten den ogia da eta ia etxe guztietan “levadura royal” egoten denez, baaa….

Galirin zuria 200 gr, beste hainbeste galirin integrala, 280 gr. likido (140gr. jogurt eta 140 gr. ur), gatza 7 gr., karamelu likidoa 15 gr. eta “levadura royal” sobre bat.

Hasteko, labea martxan jarri 210º. Bol baten jogurra eta ura nahasi. Osagai lehorrak beste bol baten ipini, nahastu. Karamelua eta likidoa gehitu. Nahasi, boletik atera eta bola forma eman. Gurutze forma duen taxua eman eta labera sartu. 45-50´eginda dago. Ikusten baduzue asko iluntzen dela tenperatura jaitsi.

Beraz, aukerak badaude. Beste gauza bat gustokoak izatea da. Neri hirurak gustatu zitzaizkidan.

Gaurko sarrera honetan jarritako ogiak edozeinek egiteko modukoak dira. Ez dakitenek ere. Hasiberrientzat eta momentu larrietan lagungarriak izan daitezkelako jarri ditut. Zuon gustokoak izatea espero dut.

Muxu bat

20 Iruzkin

Juantxok idatzia atalean